Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Abian da nekazaritzari eta klima aldaketari buruz hausnartzen ari den Herritarren Batzarra

Abian da nekazaritzari eta klima aldaketari buruz hausnartzen ari den Herritarren Batzarra

Zozketaz aukeratu diren 32 herritar ari dira parte hartzen ekimenean, eta Foru Aldundiak egiten dituzten ekarpenei erantzuteko konpromisoa du.

2022/11/07
Eider Mendoza foru diputatua, ekimenaren lehen saioaren aurkezpenean.

Pasa den ostiral eta larunbatean elkartu zen lehen aldiz Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki abian jarri duen Herritarren Batzarra. Prozesu aitzindari eta berritzaile honen bitartez, zozketa bidez aukeratu diren 32 herritarrek nekazaritza jarduera eta klima aldaketa bezalako gai publiko garrantzitsuen gaineko deliberazioan parte hartzen ari dira modu zuzenean. Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesa du prozesuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Herritarren Batzarretik hainbat gomendio jaso nahi ditu, datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzeko balio dezaten. Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Batzarrak egindako gomendio bakoitzari idatziz eta epe zehatzetan erantzuteko.

          Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak hartu zuen parte irekiera saioan eta, bertan gogorarazi zuenez, Herritarren Batzarra Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren markoan kokatzen da. “Lankidetzazko gobernantza sustatzeko estrategia indartzera dator”, esan du. ·Gipuzkoako Landa-eremuko lehen-sektorearen garapena, eta klima-larrialdiari zein bere eraginei aurre egitea gizartearekin elkarlanean landu beharreko erronka konplexua da, eta eragileen arteko koordinazio eta antolaketa-modu berriak eskatzen ditu” azaldu du. “Beraz Gipuzkoako Herritarren Batzar honek lankidetzazko gobernantza sendotzeko gure apustu irmoarekin bat egiten du, gipuzkoar herritarrak modu esanguratsuan inplikatzeko aukera irekitzen duelako gure lurraldearen etorkizuna baldintzatuko duten erabaki publikoetan” aldeztu du.

          Ekimenean parte hartzen ari diren eragileen artean, Herritarren Batzar hau Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak (Etorkizuna Eraikiz-en markoan Gobernantzaren Berrikuntzan erreferentzia zentro dena) eta Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak (TMeLab) sustatzen dute. Hauekin batera, demokrazia deliberatiboan adituak diren bertako zein nazioarteko aholkularien bidelaguntza izango du, esaterako, ELGA (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) eta Deliberativa elkartea.

Prozesua

Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hartzen ari diren herritarrak zozketa bidez hautatuak izan dira, lurraldeko aniztasuna eta biztanleria ondo islatzen dute eta ordain ekonomiko bat jasotzen ari dira ekimenean parte hartzeagatik. Prozesuari erreparatuta, saioak ostiral arratsaldea eta larunbat goizetan egingo dira beti. Lehen bi saioetan proposatutako galderaren inguruan adituen eskutik informazioa jasoko dute parte-hartzaileek (azaroak 4-5 eta azaroak 25-26); bigarren saioan, informazioaz hausnartu eta deliberatuko da (abenduak 16-17); eta hirugarren saioan, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat proposatutako galderari erantzun eta gomendio adostuak egin eta idatziko dituzte (urtarrilak 13-14). Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoa jarraituz,  Batzarrak egindako gomendioak aztertuko ditu eta 2023ko martxoaren 15ean lehen itzulera-saio bat egingo da.

          Pasa den asteburuko saioan, ostiraleko mintegia elkar ezagutzera bideratuta egon zen: aurre-ebaluzioak, lehen galdetegiak, elkar ezagutzea… Larunbatean, berriz, lantzen ari diren gaiarekin lotutako hainbat aditu eta arituren ekarpenak jaso ziren: administrazioa publikoetan aritzen diren langileak, unibertsitateak, baserritarrak eta baso jabeak, elkarte ezberdinak, ikerketa zentroak… Honela, egunaren bukaeran Herritarren Batzarrean parte hartzen ari direnek “begirada aberastua” izeneko dinamika osatu ahal izango zuten, hasierako ideiak mintegian jasotako ekarpen berriekin osatuz.

  

2551