Abian da Foru Aldundiaren 2023ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa
Abian da Foru Aldundiaren 2023ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa
“Gipuzkoa koloretan” da aurtengo gaia eta guztira 4.000 euro banatuko dira saritan.
Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketako seigarren edizioa martxan da; oraingo honetan ere, Gipuzkoako herritarrek osatuko dute erakundearen 2023ko egutegia. “Gipuzkoa koloretan” da aurtengo gaia eta argazkien bitartez Gipuzkoa kolore anitzeko lurraldea dela balioan jarri nahi dira. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da eta horretaz gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana (pertsona berak ezingo du sari bat baino gehiago jaso).
Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Gipuzkoako koloreak gaitzat hartuta, pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu gehienez ere, originalak eta lehenagotik argitaratu gabekoak. Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia dute lehiaketa honetan. Horrela, lanak bidaltzeko modu bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Facebook-eko orrialdearen bidez izango da (https://www.facebook.com/Gipuzkoa/ ). Bertan, “Egutegia 2023” atalean igo beharko dira argazkiak, eskatzen diren datuak betetzeaz gain. Instagram eta Twitter ere erabili ahal izango dira lehiaketan parte hartzeko. Kasu hauetan, argazkiak #GipuzkoaKoloretan traolarekin publikatu beharko dira. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren web-ean ere izango da aukera argazkiak bidaltzeko (https://www.gipuzkoa.eus/eu/argazki-lehiaketa ).
Lanak aurkezteko epea abuztuaren 1ean irekiko da eta irailaren 30ean itxi. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN, helbide osoa, telefonoa eta helbide elektronikoa). Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira, lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo dira aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez dira onartuko egilearen sinadura edota logotiporik daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina aurten manipulazioa eta hartutako irudiaren gaineko elementuak gehitu edota ezabatzea ez da onartuko.
Argazki sarituen hautaketa
Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako batzorde hautatzaile bat arduratuko da 13 argazkirik onenak aukeratzeaz, eta kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana kontuan hartuko dituzte. Urrian emango da lan irabazleen berri, eta hilabete horretan bertan egingo da sari banaketa. Era berean, erakusketa bat egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian abenduan, lan sarituak ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Urtero legez, gabon inguruan egingo da egutegi inprimatuaren banaketa Foru Aldundian.
Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du; iaz 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Gobernantza departamentuko foru diputatu Eider Mendozak “gipuzkoarrei zabalduta” dagoen ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak, eta azpimarratu du gure lurraldean “argazkigintzarako zaletasun eta maila handia” dagoela. “Aurten argazkien bitartez Gipuzkoa kolore anitzeko lurraldea dela balioan jarri nahi ditugu argazkien bidez”, esan du Mendozak. Lehiaketa iragartzeko eta horrenbestez, parte-hartzea sustatzeko asmoz, datozen asteetan publizitate kanpaina bat egingo da lurraldeko hedabideetan.
5744