Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Akademia Errariaren espiritua berreskuratu nahi du Aldundiak, eta aniztasun intelektuala aldarrikatu

Akademia Errariaren espiritua berreskuratu nahi du Aldundiak, eta aniztasun intelektuala aldarrikatu

"Diferentziaren goraipamena” izeneko jardunaldiak egingo dira KM-n uurriaren 25etik 28ra

2017/10/23

Denis Itxaso: “Akademia Erraria eredu bat izan zen, eta, gaur egun, baliagarria izan daiteke tolerantzia espiritu hura eta ezberdinarekiko eta horren iritziekiko errespetua berreskuratzeko”

Denis Itxaso Kulturako diputatuak azaldu du gaur, Luisa Etxenike idazlearekin eta Pedro Gorrotxategirekin batera, Aldundiak asmoa duela Akademia Errariaren espiritua eta konpromisoa berreskuratzeko, eta, horretarako, “Diferentziaren goraipamena” izeneko jardunaldiak egingo direla urrian Donostian.

1955 eta 1963 artean, Francoren diktadura betean, euskal intelektualen talde batek, esparru profesional eta ideia politika desberdinetakoak, elkartzea erabaki zuen kultura munduko pertsona garrantzitsuei omenaldia egiteko, ideien inguruko eztabaidak irekitzeko, eta bizitzea tokatu zitzaien garai gogorrei aurre egiteko proiektuak eta hausnarketak partekatzeko.

Akademia Erraria izena eman zioten taldeari, eta kideen artean hauek zeuden besteak beste: Luis Peña Basurto, Julio Caro Baroja, Angel Cruz Jaka, Jose Maria Busca Isusi, Jorge Oteiza eta Luis Martín-Santos. Eta alderrai ibili ziren, zalantzarik gabe, beraien bilerak Gipuzkoako toki desberdinetan egin baitziren: Zumarraga, Eibar, Azkoitia, Ataun, Araoz… Baina, batez ere, Akademia izan zen, Unibertsitate Popularra, eta eztabaidan eta ezaguntzan sakontzeaz gain, eduki horiek partekatu nahi zituzten, euskal gizartearekin lehendabizi eta munduarekin gero.

“Gerrak indibidualista ankerrak egin gintuen, baina gizartekoi bihurtu ginen. Diziplinarik gabekoak, baina arrazoiaren aurrean makurtu ginen. Anarkikoak gure zaletasunetan, baina metodoa onartu genuen. Heterogeneoak ginen gure ideia eta sinesmenetan, baina alde batera utzi genituen koloreak adiskidetasunaren alde egiteko, eta gozatu egiten genuen errenazimentu berri baten ametsezko arragoan zalapartaka genbiltzala uste genuelako", esan zuen  Luis Peña Basurtok Akademiaren sortzaileak.

“Akademia Errariaren eredu hori baliagarria izan daiteke, gaur egungo mundu globalizatu eta polarizatu honetan, bere tolerantzia-espiritua eta diferentearekiko eta horren iritziekiko errespetua berreskuratzeko; izan ere, esparru eta ideologia desberdinetatik abiatuta, gai izan behar gara gure diferentziak gainditzeko, eztabaidan sakontzeko, eta konpromiso eta hausnarketa baliagarriak gizarte osoari emateko. Eta hori da guk ezarri dugun helburua akademiaren ateak zabaltzeko ahalegin honetan”, esan du Itxasok.

Xede horrekin, Aldundiko Kultura Departamentuak "Diferentziaren goraipamena” izeneko jardunaldiak antolatu ditu, urriaren 25etik 28ra egingo direnak; jardunaldi horietan esparru desberdinetako intelektualek parte hartuko dute eta, gaurkotasun handiko gai konplexuak aztertzeaz gain, gai horiek gizartearekin partekatuko dituzte. Aldi berean, ikus-entzunezko dokumental bat prestatu da, Patxi Gorrotxategi idazle eta Akademian adituaren eta Eli Tolaretxipi poetaren laguntzarekin, eta bertan agertzen diren garai hartako irudiek Akademiaren historia erakusten dute eta baita ere bere garaian izan zuen eragina eta gaur egun utzi duen itzala.  Akademia Errariaren espiritua berreskuratzeko ekimenak Donostia 2016ko legatuarekin zer ikusia du, zehazki Erronka izeneko ekimenarekin. 

Egitaraua:

Urriak 25 - 19:30

“Ikasiz bizi. Esperientziaren unibertsitatea".

Elvira Lindo, idazlea, kazetaria.

Alfonso Unceta, EHUko esperientziaren geletako zuzendaria.

Urriak 26 - 19:30

“Elkar ulertzeko hitzak. Literatura tentsioz betetako mundu batean".

Javier Cercas, idazlea.

Delphine Minoui, frantziar-iraniar idazlea eta kazetaria.

Urriak 27 - 19:30

“Egia-osteko garaiko kazetaritza”

Roane Carey, The Nation egunkariko erredaktore nagusia.

Aimar Bretos, kazetaria.

Lourdes Pérez, erredakzio burua, El Diario Vasco.

Urriak 28 - 11:00tatik aurrera

Luis Martín-Santos idazlearen Tiempo de Silencio obraren irakurketa jarraitua, jendeari irekia.

 

  

1815