Sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta zentroen lokalak erosteko prozedura martxan da
Sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta zentroen lokalak erosteko prozedura martxan da
Gipuzkoako Foru Aldundiak gehienez 1,2 milioi euro inbertituko ditu Donostian, Goierrin eta Debagoienan egongo diren hiru lokal erosten
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du hirugarren sektoreko erabilerarako hiru lokal erosteko kontratazio-espedientea onestea. Lokal horiek sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta osoko zentro gisa erabiltzeko izango dira, eta gehienezko 1.167.650 euroko gastua baimentzea aurreikusi da. Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak adierazi duenez, Europako Funtsen bidez finantzatuko da gastu hau, eta lokal nagusia Donostian kokatuko da, beste bat Goierrin, eta hirugarrengo bat Debagoienan.
Mendozak Diputatuen Kontseiluaren ostean, astero egin ohi duen prentsa agerraldian eman du erabakiaren berri. Bertan sakondu duenez, krisi-zentro hauek laguntza zerbitzua eskainiko diete biktimei, eta informazioa eskainiko diete telefono bidez, telematikoki eta aurrez aurre, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan. Etengabeko arretako eta premiazko jarduketako irizpideak betez, zentroek laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala emango diete biktimei, senideei eta haien inguruko pertsonei. Zentro hauek abenduaren 31 baino lehen jarri behar dira abian, eta gaur aurrera pausu garrantzitsua ematen dugu.
Zentro berri hauekin batera, Aldundiak erakunde arteko mahai bat jarri du berriki abian indarkeria matxistaren aurreko arreta jorratzeko eta koordinatzeko. Bertan parte hartzen ari dira zazpi udal, mankomunitate bat, Eusko Jaurlaritza, Fiskaltza, Epailetza eta Abokatuen Elkargoa. Mahai hori sortzea, 24 orduko arreta-zentroak irekitzearekin batera, erantzunak hobetzeko abagune ona da, indarkeria-mota horri aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskainiz. Gainera, irizpideak kontrastatzeko eta erabakiak modu koordinatuan hartzeko gune egokia da, hartara, erantzun integral eta guztiz pertsonalizatua emateko emakume bakoitzari. Azken batean, krisian esku hartzeko hiru zerbitzuak eta mahaia aktibatuta, oraindik bete ez diren beharrei erantzun nahi diete erakundeek eta birbiktimizazioa saihestu nahi dugu. Lurralde ikuspegi batetik, erantzunkidetasunetik eta ekintzara bideratutako jarduerarekin, batera lan egingo da “emaitza erabakigarriak eta agerikoak” lortzeko.
Lehen sektoreko dirulaguntzak
Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluan erabaki denaren ildotik, 4.500.000 euro bideratuko diru Aldundiak lehen sektoreko alor ezberdinak sustatzera. Izan ere, bi diru-laguntza onartu dira: muga naturalak edo muga espezifikoak dituzten guneetarako laguntzak, batetik; eta ingurumen konpromisoetarako, konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzak, bestetik. Laguntza hauek Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta daude.
Lehenengo puntuan, muga naturalak edo muga espezifikoak dituzten guneetarako laguntzen 2023ko deialdiak 3.000.000 euroko gastu aurreikuspena du. Honekin, muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako nekazariei konpentsatu egiten zaie. Honi esker, biodibertsitatea, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen lagunduko da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu eta hobetuko dira.
Bigarren laguntza lerroan, nekazaritza eta ingurumenaren konpromisoetarako, konpromiso klimatikoetarako eta beste kudeaketa konpromiso batzuetarako laguntzen 2023ko deialdira 1.500.000 euro bideratu dira. Honen eskutik, ekoizpen integratua, labore jasangarriak, larreen sustapen eta kudeaketa jasangarria, erlezaintza, nekazaritza ekologikoa eta baliabide genetikoen kontserbazioa sustatuko dira.
Neurri hauek lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dute, Gipuzkoak estrategikotzat jotzen baitu aipatutako sektorea garatzen jarraitzea. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada”, gogoratu du Mendozak. Nabarmendu duenez, lehen sektore honek enplegua eta kalitatezko produktuak ere sortzen ditu eta, hau guztiagatik, lurraldeak ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jarri, babestu eta sustatzen jarraitzea.
2829