Adimen artifiziala jasangarritasunaren zerbitzura
Adimen artifiziala jasangarritasunaren zerbitzura
“Jasangarritasuna adimen artifizialaren aroan” udako ikastaroak eztabaida ireki du sistema teknologiko adimendunek jasangarritasunaren ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronkei egiten dieten ekarpenari buruz.
José Ignacio Asensio: “Etorkizun oparoago, bidezkoago eta jasangarriago baterako bidea dago, teknologia aurreratuekin, eta teknologia horiek gabe eta adimen artifizialaren ekarpena funtsezkoa izan daiteke etorkizun jasangarria eraikitzeko”.
Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatuta, “Jasangarritasuna adimen artifizialaren aroan (AA)” ikastaroak burutzen ari dira. Adimen artifizial sistemek jasangarritasunerantz aurrera egiteko gizarteari ekar diezazkioketen baliabideak aztertu eta eztabaidatuko ditu, hori baita gure garaiko erronka nagusietako bat. Gaurkotasun handiko gaia da, eta hala erakusten dute matrikulatutako 240 ikasleek aurrez aurre edo online jarraitzeko.
Ikastaroa ekainaren 26an eta 27an egingo da Miramar Jauregian, eta gaian adituak direnek parte hartuko dute, gaia ikuspegi desberdinetatik aztertzeko. Halaber, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok aurkeztuko du klima-aldaketak lurraldean duen eraginari, gure itsasertzaren bilakaerari, ur-emaria neurtzeko estazioetan jasotako euriei edo energia-komunitateetan energia berriztagarrien ekoizpenari buruzko informazio zehatza izateko bere Departamentuak egiten duen lana. Datu horiek guztiak, AA sistemen bidez ustiatuta, baliagarriak izango dira muturreko fenomenoak, azpiegituretan eragindako kalteak edo energia-eskaria aurreikusteko. Asensiok ikastaroaren hasieran egin du bere hitzaldia, eta adierazi duenez, “etorkizun oparoago, bidezkoago eta jasangarriago baterako bidea dago, teknologia aurreratuekin, haiek gabe baino. Gure esku dago lehentasunak ezartzea eta AAk eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzen jakitea, irizpide etikoak ezarriz eta horien aplikazioa guztion ongiaren eta interes orokorraren mende jarriz”.
Asteazkena 26
26ko jardunaldia BC3ko (Basque Center for Climate Change) Stefano Balbi eta Ferdinando Villa irakasleen hitzaldiarekin hasi da. Irakasle horiek 2030 Agenda, GJH eta Adimen Artifiziala txostena garatu dute, AAk guztion ongizatea eraikitzeko duen baliagarritasunari buruzko hausnarketa. Ondoren, «Etika eta adimen artifiziala» mahai-ingurua egin da. Bertan, aurreko hizlariekin batera, honako hauek hartu dute parte: Irene Unceta, ESADEko irakaslea eta IAko eta Business erakundeko Bachelorraren zuzendaria; Miguel Valle del Olmo, EBko Espainiako Bulegoko eraldaketa digitaleko kontseilaria eta Ekonomia eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko IAko zuzendariorde nagusi ohia.
Bigarren hitzaldia IBERDROLA taldeko Berrikuntzako zuzendari global Beatriz Crisostomo andreak eman du. Konferentzian, energia berriztagarrietaranzko trantsizio energetikoa bultzatzeko AAk duen zeregina azaldu du, bai eta arlo horretan elektrizitateak egiten duen lana ere. Ondorengo mahai-inguruan, AAk deskarbonizazioa eta jasangarritasuna bezalako erronketan aurrera egiteko duen zereginari heltzeko gunea ireki da. Bertan parte hartu dute, Crisostomoz gain, Mónica Pedreira Trantsizio Ekologikoko zuzendariak, María Garayo Sofiver-en bazkide sortzaileak, Fernando Espiga Tecnaliako trantsizio energetikoaren arduradunak eta Gorka García Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko (BAIC) Estrategia eta Koordinazioko teknikariak.
Osteguna 27
Udako ikastaroaren bigarren jardunaldia Ekonomia eta Garapena Fundazioko (ECODES) zuzendari exekutibo Víctor Viñualesen hitzaldiarekin hasiko da. Bere hitzaldian, adimen artifizialak (AA) klima-aldaketaren aurkako borrokan eta berotze globala arintzeko eta haren aurka egokitzeko politiketan egin dezakeen ekarpena azalduko du. Ondoren, Viñuales eta Ignacio Alcalde (Tecnaliako hiri-ekosistemetan aditua) elkarrizketatuko dira. Elkarrizketa horretan, sistema teknologiko adimendun berri horien baliabide eta aplikazio interesgarriak azalduko dituzte, gure hiriak erresilienteagoak izan daitezen klima-larrialdiaren aurrean.
Bigarren hitzaldian, AAren inguruan interes eta eztabaida handiena pizten duen alderdietako bat jorratuko da: enpleguan eta ekonomian duen eragina. UNAHeko Ekonomiako irakasle José Carlos Díezek garatuko du gaia “Ekonomia, jasangarritasuna, enplegua eta AA” hitzaldian. Ondorengo mahai-inguruan, gizarte-eskubideetara, AArekiko bateragarritasunera eta balizko arriskuetara zabalduko da elkarrizketa. Parte hartuko dute, Diez ez ezik, UGTko idazkari nagusi ohi Cándido Méndezek, María Gálvez Europako Itun Klimatikoaren enbaxadoreak eta José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru-diputatuak.
3114