Adineko pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19rekin
Adineko pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19rekin
Bi positibo berri atzeman dira Donostiako Hermano Garate – San Ignacio gunean bizi diren pertsonen artean.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, COVID-19 diagnostikatutako adineko pertsona bat hil da azken orduetan. Donostiako Hermano Garate – San Ignacio egoitzako egoiliarra, eta ospitaleratuta zegoen, osasun egoera larriaren ondorioz. Bestalde, Mendozak azaldu duenez, beste bi pertsonak positibo eman dute COVID-19an azken orduetan. Hori horrela, azken asteotan bi pertsona hil dira eta zazpi dira diagnostiko positiboarekin jarraitzen dutenak, horietako sei Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan, eta batek ospitaleko arreta behar du; beraz, Donostiako Unibertsitate Ospitalean dago. Birusa duten egoiliar guztiak zentro bereko eta egoitza barruan sektore bereko egoiliarrak dira: Hermano Garate – San Ignacio. Gipuzkoako gainerako egoitza-sarean (65 zentro eta 5.425 plaza dituena) ez dago kasu positiborik egoiliarren artean.
Eider Mendozak deitoratu egin du pertsona horren heriotza, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean babesa eta elkartasuna adierazi die "une latz hauetan" bere senide eta hurbilekoei. "Gaixotasun honen larritasuna ezagutzen dugu adineko pertsonen artean; horregatik, haien osasuna, segurtasuna eta ongizatea lehenesten jarraitzen dugu. Denok kontu handiz ibili behar dugu, eta higiene eta osasun neurriak hartuz", zehaztu du. Era berean, egoitzetako profesional guztiek egiten duten lana eskertu nahi izan du, baita egoiliarrek eta familiek egiten duten lana ere, "inplikazioagatik, erantzukizunagatik eta laguntzagatik".
Bestalde, Mendozak adierazi duenez, COVID-19ari aurre egiteko Zaintza eta Alerta Sistemaren esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 7.810 PCR proba egin ditu azken asteetan, abuztuaren 21era arte: 3.035 egoiliarren artean, 2.818 langileen artean eta 1.957 eguneko zentroetako erabiltzaileen artean. "Birusaren aurrerapena denbora errealean ezagutzea eta zaintzea da helburua, eta horrela, gizarte baliabideak eta zerbitzuak indartzen jarraitzeko neurri egokiak hartzea", zehaztu du bozeramaileak.
1601