Administrazio Orokorreko Teknikarientzako, gizarte langileentzako eta medikuentzako EPE-en oinarriak onartu dira
Administrazio Orokorreko Teknikarientzako, gizarte langileentzako eta medikuentzako EPE-en oinarriak onartu dira
Administrazio Orokorreko Teknikarientzako, gizarte langileentzako eta medikuentzako EPE-en oinarriak onartu dira
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira astelehenean, hilaren 14an, eta 64 plaza batzen dituzte guztira
Administrazio Orokorreko Teknikarientzako (AOT) 35 plaza, gizarte langileentzako 25 plaza, eta medikuentzako 4 plaza eskainiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten. Diputatuen Kontseiluak gaurko bilkuran onartu ditu lehiaketa-oposaketa bitartez aterako diren plazen hautapen prozesuaren deialdia eta oinarriak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira oinarriak astelehenean, hilaren 14an, dagokion informazio eta xehetasun guztiekin. Argitalpen egunetik hasita, 20 egun balioduneko gehienezko epean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Azterketak, berriz, aurtengo ekainean izango dira.
Administrazio Orokorreko Teknikariei dagokionez, plaza guztietatik 29, txanda librean aterako dira deialdira, horietatik lau desgaitasuna duten pertsonentzako gordeko direlarik -%33ko edo %33tik gorako gradua frogatuta dutenentzako-. Beste 6 plazak barne promozio bidez deituko dira. Gizarte langileen eta medikuen kasuan, plaza guztiak txanda librean eskainiko dira, eta gizarte langileen 25 plazetatik 3 gordeko dira desgaitasuna dutenentzako. Parte hartu nahi duten pertsonek egoitza elektronikoaren “Enplegu Publikoa” izeneko atala erabili beharko dute, esteka honetan: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/enplegu-publikoa. Bertan aurkeztu ahal izango dute bai izen-emate eskaera, eta baita eskaerarekin batera merituak egiaztatzeko dokumentazio guztia ere, lantokia aukeratzeaz gain.
Hautapen prozesu guztiek hiru ariketa izango dituzte, hirurak ere derrigor egin eta gainditu beharrekoak: ezagutza teorikoen froga, gai praktikoen eta teoriko-praktikoen proba, eta gaitasunen ebaluaziorako proba. Azken hori da berritasunetako bat, eta gaitasun hauek egiaztatzea du helburu, besteak beste: talde lana, komunikazioa, aldaketetara egokitzea, eta profesionaltasuna.
Era berean, aurreneko aldiz, merituen atalean, hautapen prozesuan parte hartzeko beharkizun gisa eskatutakoez bestelako titulazio akademiko ofizialak edukitzea balioetsiko da, baita unibertsitateek edo unibertsitate eskolek emandako unibertsitateen titulu propioak edukitzea ere, baldin eta eskatutako lanpostuaren zereginak betetzeko eragin zuzena eta berariazkoa badute. Frantsesa eta ingelesa ezagutzea ere balioetsiko da. Orobat, aurkezten direnek administrazio publikoetan duten eskarmentua aintzat hartuko da. “Belaunaldi berriak erakarri, eta Aldundian lanean ari direnen ezagutza mantendu; bi ardatz horien arteko oreka bermatuko dugu oinarrietan”, ziurtatu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.
“Jubilazio kopuru handia izango dugu datozen urteotan, eta gauzatzen ari garen trantsizio prozesu horren barruan, kualifikatutako pertsonak behar ditugu, trebezia berriak dituztenak, eta LPE honekin belaunaldi berri bati sarrera ematea da gure asmoa. Parte hartzera animatzen ditugu, ezinbestekoak direlako zerbitzu publikoa, eta herritarren exijentziei ematen zaien erantzuna hobetzen jarraitzeko. Baina badugu beste helburu bat ere, Aldundiaren enplegu publikoaren egonkortasuna areagotzea eta behin-behinekotasun tasa murriztea, Estatuak EPEak egiteari jarritako debekua dela-eta, igotzen joan baita”, azaldu du.
Aldundiko idazkaritza teknikoetan oinarrizkoa den lanpostua indartzea ahalbidetuko du Administrazio Orokorreko Teknikarien EPEak: “Idazkaritza horiek dira erakundearen birikak eta bihotza, kudeaketa arinagoa eta azkarragoa egiteko aukera ematen dutenak”. Gizarte Politiketako departamentuari lotutako EPEari dagokienez, gizarte arretarako beharren hazkundeari erantzungo dio, “gero eta baliabide gehiago beharko baititugu premia handiena dutenei zerbitzu egokia eskaintzen jarraitzeko. Lehentasunezko esparrua da”, esan du Lasak. Azkenik, medikuentzako lau plazetatik hiru, desgaitasuna eta mendekotasuna dutenen balorazioa egitera zuzenduko dira. Tramite hori ezinbestekoa da diru laguntza eta baliabide desberdinak eskuratzeko.
Guztira, enplegu publikoko 338 plaza aterako ditu lehiaketa-oposaketara Foru Aldundiak; datozen hiru urteetan zehar deituko dira azterketa guztiak. Erakundeak “bere historian” egindako lan publikoko eskaintzarik handiena da, eta mugarria ezartzen du modernizazio prozesuan. “Epe motzean bere oinarriak sendotzeko aukera emango digu, enpleguaren sustapena edo gizarte arreta bezalako ekintza estrategikoak indartuz, eta aldi berean, bere etorkizuneko eraldaketari ekiteko moduan kokatuko du Aldundia, Gipuzkoaren gizartearen behar eta eskari berriei, eta lurraldean finkatzen ari garen gobernantza ereduari egokituz”, eman du aditzera bozeramaleak.
Bestalde, ostiral honetan egingo dira, Ficoban, iruzur fiskalari aurre egiteko teknikarien EPEaren azterketak, 35 lanpostu guztira, aurreko urteetan onartutako plazen bidez. 638 lagunek aurkeztu dute parte hartzeko eskaera, orotara. Legealdi honetako bigarren EPEko probak dira, 2017an suhiltzaileen 25 plaza betetzeko azterketak egin baitziren.
Herritarren parte-hartzea
Halaber, Kontseiluak oniritzia eman die Gipuzkoan herritarren partaidetza sustatzeko diru laguntzen 2019ko deialdiei, lurraldeko udalei eta elkarteei zuzendutakoak biak ere. Aurrenekoa, udalerriei bideratutakoa, 350.000 eurorekin dago hornituta, eta alor horretan udalekin lankidetza bultzatzearen aldeko apustuari erantzuten dio, "herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik. Beraz, oso garrantzitsua da beraien lana harreman irekia finkatzeko herritarrekin, partaidetza eta komunikazioko bide berriak irekitzeko, eta, halaber etorkizuna elkarlanean eraikitzeko", adierazi du Lasak
Deialdi horren helburua da udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari, eta, aldi berean, udalek partaidetza hori sustatzeko duten gaitasuna indartzea. Ardatz nagusietako bat da laguntza ematea udalerri txiki eta ertainei, prozesu mota horiek garatzeko beharrezko diren giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxi dutelako.
Guztira, 51 proiektu babestu ziren joan den urtean diruz lurralde osoan zehar, aurreko urtean baino 15 gehiago. Horietako askok xede zuten partaidetza modu integralean sustatzea, eta herritarrak barne hartzea herritarren parte hartzerako edo gobernu irekirako planak eta ordenantzak diseinatzerakoan, adibidez. Nabarmentzekoak dira ere udal aurrekontuetan herritarren partaidetza bermatzea bilatzen zuten ekimenak; herriaren etorkizunaren inguruko gogoeta partekatua egiten zutena; instalazio edo espazio publikoen erabileraren edo diseinuaren definizioarekin lotutakoak; haur edo nerabeen partaidetza bultzatzen zituztenak; edo teknologia berriak oinarri gisa zituztenak, gobernu irekian edo desburokratizazioan aurrerapausoak emateko.
Lasak azpimarratu du prozesu horiek guztiek eragin oso positiboa dutela “herritarren bizitza kalitatean, eta interes publikoko ekimen zehatzak” hartzen direla ardatz bezala. “Halaber, baliagarriak dira partaidetza normalizatu eta zabaltzeko, eta herri politikak indartu eta legitimatzeko, eraginkorragoak izan daitezen. Eta harreman eta lotura kolektiboak sendotzen dituzte, etorkizunari elkarlanean aurre egiteko bidea indartuz”. Diputatuak garrantzitsutzat jo du euskal erakundeak gobernantza eredu berri baten alde egiten ari diren apustua, eta nabarmendu egin du eredu horren barruan udalek duten garrantzia.
Gipuzkoako irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako deialdiari dagokionez, 150.000 euro bideratuko dira 2019. urtean. Iaz, 18 elkartek jaso zuten diru babesa herritarren parte hartzean oinarritutako proiektu desberdinak garatzeko udal, eskualde edo lurralde mailan, “aniztasunagatik eta aberastasunagatik” nabarmendu ziren.
Adibidez, Eusko Ikaskuntza gobernantza eredu berri bat finkatzen jardun zuen; Elhuyarrek, ZientziaKIDEren bidez, zientziaren dibulgazioa bultzatu zuen du eta gizarteari hurreratu zion ikerketa jarduera; SOS Arrazakeria elkarteak errefuxiatuei buruz dugun irudia eta pertzepzioa aztertu zuen; Hezkide Eskolak boluntariotza sustatu zuen gazteen artean, esparru horretako belaunaldi aldaketa ziurtatzeko; Impact Hub eta Gipuzkoako Ekintzaileen Elkarteak emakumeen ahalduntze profesionala eta gizarte berrikuntza landu zituzten.
Auzo edo udaletan (Irungo Landetxa auzoan edo Zerainen) etorkizunaren diseinu estrategikoa egiteko prozesuek ere laguntza jaso zuten; baita gizarte bazterketako egoeran dauden kolektiboak ahalduntzeko egitasmoek ere, Arrats eta Kale Dor Kayiko elkarteen eskutik; edo euskara eta hizkuntza eskubideak suspertzeko estrategia berriak modu partekatuan garatzen zutenek, Kontseilua, Topagunea edo Natul erakundeen eskutik.
Lurralde osoan 6.700 herritar elkarte daude erregistratuta, eta garrantzi handiko lana egiten dute hainbat esparrutan, herritarrengandik “hurbil” daudelako: kirola, hezkuntza, gizarte ekintza, elkartasuna, osasuna, kultura… “Elkarte horiek Gipuzkoaren bihotza dira, gure herri eta hiriei bizia ematen dieten jarduerak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, pertsona diferenteak harremanetan jartzen dituzte loturak eta komunitate bateko kide izatearen zentzua sendotuz; beraz, Foru Aldundiak jarraituko du lankidetza estua izaten elkarte horiekin etorkizuna eraikitzeko”, adierazi du amaitzeko.
Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakundearteko Guneak onartu ditu laguntza horiek; izan ere, 2017an sortutako erakunde horrek lurraldeko udalak, tokiko erakundeak, eta Aldundia elkartzen ditu. Helburua da herritarren partaidetzako politikak toki mailan indartzea, baliabideak partekatzeko, jardunbide onak identifikatu eta partekatzeko, eta horien aplikazioa sustatzeko sarea osatzen duten erakundeen artean.
1924