Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Volver Agindu berriak ehizaren segurtasun maila handituko duen konfiantza dauka Aldundiak

Agindu berriak ehizaren segurtasun maila handituko duen konfiantza dauka Aldundiak

Hilabeteetako lan gogorraren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin adostu du larrialdiko neurri berriak ematen dituen Agindu berria, lurraldean ehiza modu seguruagoan egingo dela bermatzeko.

2025/01/30

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ehiza Federazioak gaur sinatu dute ehiza segurua egiteko neurri berriak ematen dituen Agindua. Agindu horrek kuadrillen beraien eskaerari erantzuten dio, 2024ko abenduan Deban emakume bat hil ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe lan egin du Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin, ehizaren mapak digitalizatuz eta Agindu berriaren bidez jarduera modu seguruagoan garatzea bermatzen duten neurri gehigarriak areagotzeko.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua pozik agertu da Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin batera egindako lanarekin. “Ehizari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko 2/2011 Legearen arau-esparrua errespetatuz diseinatu den Agindu berriak zenbait ehiza-eremu egokitzen ditu, zenbait alderdi hobetzeko, hala nola ikusmen-eremua; izan ere, kasu askotan, eremu batzuetako sastrakak presa argi ikustea eragozten du”. Arrutik adierazi duenez, “Agindu berri honek dauden neurriak osatu nahi ditu, eta, hala, eremu jakin batzuk salbuesteaz gain, neurri gehigarriak sartu ditugu, herritarrek ehiza egiten ari dela hobe ohartarazteko. Aldundiaren helburua da une oro guztion segurtasuna bermatzea”.

Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak berretsi du uxaldiari alta eman behar zaiola Aldundiaren ehiza-aplikazioan, non ehiztariek zehaztu beharko baitute zein espaziotan egingo duten jarduera. Ildo horretan, Arrutik gaineratu duenez, “bere garaian aurreratu genuen bezala, ehiza mapa guztiak digitalizatu ditugu, ehiztariei zehaztasun handiagoa emateko”. Neurri horrekin, “espero da ehiztariak denbora errealean jakitea bere jarduera horretarako prestatutako gunean egiten duela”.

Azkenik, Arrutik eskerrak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek egindako lanagatik, “denbora guzti honetan gogor lan egin baitute Agindu berri hau garatzeko” eta Ehiza Federazioa akordio batera iristeko prest agertu delako, lurraldean jarduera berriro garatzea ahalbidetzeko. Arrutik ondorioztatu duenez, “bihartik aurrera sartuko da indarrean Agindu berria, eta haren arabera garatu ahal izango da jarduera”.

  

3886