Ahotsak.eus webguneak jasoko du 2018ko Abbadia saria
Ahotsak.eus webguneak jasoko du 2018ko Abbadia saria
Epaimahaiak nabarmendu du Ahotsak.eus-ek egindako ekarpena, euskararen ahozko testigantzak sarean jaso eta eskumen librean jartzeagatik
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ahotsak.eus Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea webguneari emango dio aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala proposatuta. Hala jakinarazi du gaur goizean prentsaurrekoan Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, zeinak, Aldundiaren izenean, Ahotsak.eus eta atzean duen lantaldea zoriondu dituen eta gaineratu “ondo merezitako aitortza” jasoko duela. Ohitura denez Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Ahotsak.eus-ek Abbadia saria. Ekitaldia, hain zuzen ere, azaroaren 30eko 19:00etan egingo da foru jauregian.
2000. urtean sortutako Ahotsak.eus-en helburu nagusia da da ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea. Proiektuaren jabea Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Alkartia da eta Eibarren du egoitza. Epaimahaiak nabarmendu ditu Ahotsak.eus-ek egindako lana eta ekarpena, euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik. Aurtengo epaimahaia honako hauek osatu dute: Iban Arantzabal,Maite Artola, Jone M.Hernandez, Arantza Urretabizkaia eta iazko sariduna Ibon Sarasolak. Epaimahai horren lana izan da, hautagai batzuen eta besteen merezimenduak nabarmenduta, aurtengo sariduna erabakitzea.
Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Arrate Rodriguez (1984) artista errenteriarra izan da aukeratua eta, beraz, okasiorako propio egindako artelan bat jasoko du Ahotsak.eus-ek. Rodriguezek Arte Ederrak egin zituen Bilboko Arte Ederretako fakultatean, eta gero Ilustrazioa ikasi zuen Bartzelonan.
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Beste saririk bada euskararen inguruan, baina gehienetan alor berezietakoak dira edo jende adituentzat eginak. Nolanahi ere, Anton Abbadia sariak esparru zabalagoa hartu nahi du: euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du. Horrez gain, Anton Abbadiaren oroimena berrituz, sariak euskaltzaleen “biltzar txiki bat ere izan nahi luke”, nabarmendu du amaitzeko Mendizabalek: “urtero, euskalgintzan ari direnen harremanak sendotu eta gogoberritu nahi genituzke sari ematearen inguruan, giro hurbil, bero eta alaian”.
Sari-emate ekitaldia azaoaren 30ean izango da, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian.
2923