Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ainhoa Aizpuru diputatuak Elgetako herriaren proiektuak ezagutu ditu

Ainhoa Aizpuru diputatuak Elgetako herriaren proiektuak ezagutu ditu

Aldundiak ia 25.000 eurorekin lagundu du baserri bideen berritzea azken bi urteetan

2018/02/27
Ainhoa Aizpuru diputatuak Elgetako herriaren  proiektuak ezagutu ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, lan bilera izan du gaur Elgetan, bertako alkate Iraitz Lazkanorekin, tokiko errealitatea eta proiektuen berri izateko asmoz. Landagipuzkoa+ programaren testuinguruan antolatutako lan jardunaldia izan da, plan honen helburua 2.500 biztanle baino gutxiagoko herriak izaki, xede nagusi batekin: Gipuzkoako herri txikietan hiriguneen maila bereko zerbitzu eta aukerak garatzea, eta tokian tokiko ekonomia eta lanpostu berriak bultzatzea.

 

Ainhoa Aizpuruk, Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labakarekin batera, herrian Lurralde Orekako zuzendaritzak diruz lagundutako proiektuen berri zuzena edukitzeko aukera izan du. Izan ere, Landagipuzkoa+ plangintzaren baitan Elgetako baserri bideak bost gunetan berritzeko laguntza eman du Foru Aldundiak 2016 eta 2017an (Asentzio, Iturbe Etxeberri, Azula, Mendrakorta, eta Kortasakon-Txulokua), 24.300 euro pasatxoko diru laguntzarekin. Azpiegiturak elementu garrantzitsua baitira herritarren bizi baldintzen ikuspegitik, nahiz lehen sektoreko aktibitatea bultzatzeko.

                                                                                                 

Gainera, Lurralde Orekako zuzendaritzak 2016an emandako diru-laguntzarekin, Elgetako argiteria eta fultbol kantxa berritzeko lanak bultzatu dira.

 

Elgetan izandako bisita eta bileran, Galgorri gozogintza enpresak Elgetan dituen instalazioak ere bisitatu ditu diputatuak. Bertako ekintzaileek kalitate handiko produktuak bertatik bertara prestatzeko egiten duten lana ezagutu ahal izan du. “Herri txikiek garrantzia berezia dute gure lurraldean. Hizkuntza, kultura, natura, lurralde orekaren ikuspegitik balio nabarmenak dituzte eta ekonomiaren alorrean ere paper esanguratsua dute herriek. Errealitate hori bultzatu eta indartu egin behar dugu elkarlanean”, azpimarratu du Ainhoa Aizpuruk.

  

1383