Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ainhoa Aizpuru: “Gure ETEei laguntzen diegu nazioarteko merkatuek eskaintzen dituzten aukerak baliatzen”

Ainhoa Aizpuru: “Gure ETEei laguntzen diegu nazioarteko merkatuek eskaintzen dituzten aukerak baliatzen”

Foru Aldundia eta Gipuzkoako Ganberak LAGUNDEX zerbitzua jarri dute martxan, esportazioa sustatu eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko, BPG eta enplegua handitzeko xedez

Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ganberak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur nazioartekotzeko zerbitzua eskaintzeko. Hitzarmena sinatu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurraldearen orekarako diputatu Ainhoa Aizpuru Muruak LAGUNDEX zerbitzua aurkeztu du, Endika Sanchez Agirre Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiarekin batera. Programa hau Foru Aldundiaren Ekonomia Biziberritzeko Planaren barruan dago, eta Gipuzkoako ETEei eskura jartzen zaie nazioarteko merkatuetan eskaintzen diren aukerak baliatzen laguntzeko tresna.

Foru Aldundiak jarri zuen helburuetako bat, eta Ekonomia Biziberritzeko Planaren diseinuan eta martxan jartzean giltzarri izan zena, lurraldeko enpresentzat gertuko izatea eta harreman zuzena izatea zen. Azipururen esanetan “horrela soilik ezagutzen dugu errealitatea gertu gertutik eta badakigu beharrak zein diren”. Zuzeneko harreman horretan, enpresetara bisitak eginez "zerbitzu hau martxan jartzearen beharra ikusi genuen; ETEek adierazi baitziguten nazioartekotzea oso zaila zela", esan du Ekonomiaren sustapenerako diputatuak.

Ainhoa Aizpuruk azpimarratu du mundu gero eta globalizatuagoan, nazioarteko merkatuek aukera berriak eskaintzen dituztenez, “enpresek esportatu eta atzerrian merkaturatu behar dutela”. LAGUNDEXen helburua, epe laburrera, Gipuzkoako enpresek nazioarteko bezeroei egiten dieten produktuen eta zerbitzuen eskaintzan lehiakortasuna hobetzea da; eta zeharka, Aizpuruk ziurtatu du “Gipuzkoako BPG handitzea lortuko dugula eta enplegu gehiago eta hobea sortzea”.

Zerbitzua Gipuzkoako ETEei zuzenduta dago eta laguntza osoa eta diziplina anitzekoa eskaintzen du nazioarteko eskaintzetan. Eskaintza horietan sartzea zaila izaten da,  askotan, egitura baliabide mugatuak dituzten Gipuzkoako enpresentzat. Horretarako, beharrezkoa da funtzionamenduaren eta oinarrizko baldintzen berri izatea proiektuen, lizitazioen eta lehiaketen nazioarteko merkatua garatu ahal izateko, eta parte hartze baldintzak arrakastatsuak izan daitezen bazkide egokiak identifikatzea.

Gipuzkoako Ganbera izango da LAGUNDEX zerbitzua eskaintzearen arduradun, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatu ondoren egingo du. Honek 390.000 eurorekin finantzatuko du. Aizpuruk adierazi du “oso garrantzitsua dela gure ETEei zerbitzu integrala eskaintzea, gure profesionalen eskutik".

Bestetik, Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak hau azpimarratu du: “azken 4 urteetan gogor lan egin dugu Gipuzkoako enpresei negozio aukerak erakartzeko, eta, askotan, gure ETEen baliabide eta egitura falta arazo izan dira, horrek ez baitzien uzten nazioarteko eskaintzak modu lehiakorrean prestatzen, ezagutza eta kostu egokiekin…”  Era berean, adierazi du zerbitzuaren prozedura egiaztatu egin dela: “LAGUNDEX zerbitzuaren metodologia Euskadiko enpresa handiekin egiaztatu da, eta Gipuzkoako ETEen lehiakortasuna hobetzen laguntzearekin bat etorri dira".    Azkenik, Sanchezek adierazi du LAGUNDEX gaurtik bertatik dagoela martxan, Gipuzkoako ETEen Bulego Teknikoa izateko ikuspegiarekin.

LAGUNDEXek Gipuzkoako ETEei eskaintzen dien zerbitzuak aukeren bideragarritasunari buruzko azterketa egiten du aurretik, enpresan ez ditzan bere baliabideak eta zerbitzuak inbertitu arrakastarako aukera gutxi duten edo ETEarentzat arrisku handikoa izan daitekeen aukeretan. 

Hasierako fase horretan eskaintzaren heldutasun maila aztertuko da, bezeroaren herrialdearen arriskua eta merkatuarena, eta kontratazio berriaren alderdi juridiko, fiskal eta finantzarioak.  Jarraian ETEak kontratuari aurre egiteko duen gaitasuna aztertuko da, bezeroak eskatzen dituen baldintzak betetzen ote dituen eta ekoizpenerako eta kontratuaren esleipendun izateko kudeaketarako duen gaitasuna. Bi aldeko azterketa honekin enpresak nahikoa informazio eta iritzi egiaztatua izango ditu eskaintza prestatu edo alde batera uzteko, eta azterketa horretan agerian gelditu diren lehiakortasun alderdien inguruan hausnarketa egiteko.

Bigarren fasea eskaintzaren prestaketari dagokio, bai ikuspegi teknikotik bai ekonomikotik. Lehenengo kasuan ikuspegi estrategikoa egin behako da erosleak erabakia har dezan giltzarriak zein diren zehazteko, eta honela, eskaintzaren planteamendu eta ikuspegian eraginkorrak izateko. Eskaintza ekonomikoari dagokionez, enpresak hala eskatzen badu LAGUNDEXek produktuen edo zerbitzuen ekoizpen kostuak kalkulatzen lagunduko dio, eta kontratazioak dakartzan kostuak hartuko ditu kontuan, hala nola, muga-zerga, operazioaren fiskalitatea, aseguruak, bermeak, finantzarioak, eta abar… Era berean, erosleak eskaintza egiten dutenei eskatzen dien txosten administratiboa egiteko euskarria emango dio.

Hirugarren fasea eskaintza aurkeztu eta esleipena egiten den bitartekoa da. Epe honetan, zerbitzuak jarraipen proaktiboa egingo du bezeroak eskatzen dituen azalpenak emanez eta ETEei laguntza emanez egoki ikusten dituen proposamen ekonomiko edo teknikoetan.

Laugarren eta azken fasea Gipuzkoako eskaintzak irabaziko balu jarriko litzateke martxan. LAGUNDEXek, fase honetan, euskarri legala, fiskala, finantzarioa eta kudeaketakoa emango luke, dokumentala zein esportazioaren operatibari dagokiona.

  

3248