Alava Sare solidario antifrankistan jardun zuten emakumeen omenezko erakusketa
Alava Sare solidario antifrankistan jardun zuten emakumeen omenezko erakusketa
'Alava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)' Aiete Kultur Etxean dago ikusgai.
Irailaren 6tik 26ra, “Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa ibiltaria izango da ikusgai Donostiako Aiete Kultur Etxeko erakustaretoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Chueca historialari eta irakaslea izango da erakusketaren komisarioa, hainbat erakunderen artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutakoa, hain zuzen.
Erakusketa Luis Alava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrena dela-eta antolatu diren ekitaldietako bat da. Sare horrek bere buruzagi nagusi izan zenaren deitura hartu zuen (“Álava Sarea”), eta Gerra Zibilean bertan eta Francoren diktaduraren hastapeneko urteetan, 1936tik 1940ra, elkartasunezko ekintzak burutu zituen presoen, erbesteratuen eta berauen familien alde, Aliatuentzako espioitza-lanak egiteaz aparte. Lan hori gauzatzeko, Álava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen jardunean, jakin ahal izan denez. Sare horretan gizarte-klase guztietako pertsonak aritu ziren baina, aparteko lau emakume izan ziren Sarea benetan eratu zutenak: Itziar Mugika, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Tere Verdes. Emakume eta gizon horiek burutu zituzten ekintzak argitara ateratzeko, ekintza horiek burutzea eragin zuten zio humanitarioak eta politikoak argitzeko eta, batik bat, emakumeok anonimatuan jardunik, Erresistentziako subjektu aktibo gisa faxismoaren aurka egin zuten lan eskerga azpimarratzeko antolatu da erakusketa.
Erakusketak hamar panel ditu, besteak beste. Panel horietan, emakume haiek anonimatuan jardunik erakutsi ziguten adorearen eta eroapenaren berri ematen da. Horrezaz aparte, hamar beira-arasatan, egunera arte argitaratzeke zeuden argazkiak, objektuak eta dokumentuak ditugu ikusgai, eta bai planoak eta sarekideek kartzelan idatzitako egunkariak ere; azkenik, erakundeko emakumeen eta gizonen aurka instruitu zen sumarioko dokumentazioa ere ikusi ahal izango dugu, eta sarekideok burutu zituzten ekintzak azaltzen eta testuinguruan jartzen dituen dokumentala ere. Baleukok produzitu duen ‘Álava Sarea, emakume ikusezinen sarea’ dokumentalean, erakunde honetan jardun zuten emakumeen jatorrizko ahotsak jaso dira, Iñaki Madariagaren marrazki-irudiez jantzirik; emakumeoz gain, haien senideek, kazetariek, idazleek eta ikertzaileek ere parte hartu dute dokumentalean. Erakusketaren ibilbidean, bisitariak Álava Sareko hiru protagonistaren jatorrizko ahotsak entzun ahal izango ditu. Testigantzok Sabino Arana Fundazioaren Artxiboan gordetzen dira. 80 urte baino gehiago igaro ondorik, eta Eugenio Ibarzabal kazetari eta idazleak 70eko hamarkadan egin zien elkarrizketari esker, Bittori Etxeberriak, Itziar Mujikak eta Delia Laurobak (Tere hilda zegoen) beren bizipenak kontatzen dizkigute.
Aparteko lau emakume
Lau emakume horien lanak zeharo areagotu ziren Euzko Gudarostea Santoñan erori ostean. Izan ere, euskal gudari presoei laguntzen aritzen ziren, haiei janariak, arropak eta, batik bat, elkartasuna eramaten. Handik eta oso lasterrera, laguntza arloko lehenengo lan horiekin batera beste lan berezi batzuk egiten ere jarduten zuten, adibidez, giltzaperaturik zeuden burukideei eta erbesteratuei era guztietako mezuak eroaten. Horrezaz gainera, Bittori, Itziar, Tere eta Delia presoen egoera prozesalaren eta kondenen gaineko informazioa eskuratzen ere hasi ziren. Informazio hori exekutatuak izateko arriskutan zeuden presoei buruzkoa zenean, erbestean ziren euskal agintariek agintari frankistengan nolabaiteko eragina izan zezaketen kantzilertzei eta pertsonei jakinarazten zieten; horrela, preso askoren bizitza salbatu ahal izan zuten.
Baina Álava Sareak ez zituen zeregin horiek soilik burutzen. Bigarren Mundu Gerraren atarian eta Gerraren lehen hiletan, Espainiako indar militarrei buruzko informazioa eman zien Aliatuei, eta bai Pirinioen babeserako obrei, armamentuari, alemanek eta italiarrek Espainian egiten zituzten jarduerei eta abarrei buruzkoa ere; horrela, mundu gerraren hastapenean euskal elkartasuna erakutsi zitzaien potentzia demokratikoei.
Frantziaren okupazioaren ostean Espainiako eta Alemaniako poliziek Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan jaso zuten informazioak eragin zuen Sarea erortzea, 1940ko ekainean. Sareko berrogeita hamar kide inguru atxilotu zituzten 1940-1941eko neguan, eta horietako 21ek epaiketa sumarisimoa izan zuten. Lehenengo epaiketan, epaimahai militarrak 19 heriotza-zigor diktatu zituen. Azkenik, Luis Álava heriotza-zigorrera kondenatu zuten, eta 1943ko maiatzaren 6an exekutatu zuten, Madrilgo Ekialdeko kanposantuan. Gainerako 19 sarekideak espetxealdi luzeetara kondenatu zituzten, eta pertsona bakarra absolbitu zuten. Álava Sareko partaide izateagatik epaitu zituzten ia erdiak gipuzkoarrak ziren.
“Álava Sarea”ren kideak, “103.590 kausa sumarisimoan” prozesatu eta kondenatu zituztenak
Luis Álava Sautu (Fusilatua) Murgia
Bittori Etxeberria Agerrebere (30 urte) Elizondo
Delia Lauroba Ieregi (20 urte) Donostia
Itziar Mugika Irastorza (30 urte) Donostia
María Teresa Verdes Elorriaga (25 urte) Bilbo
Agustín Ariztia Ibarra (25 urte) Elizondo
Julián Arregi Garaigordobil (30 urte) Irun
Ignacio Barriola Irigoien (20 urte) Donostia
Luis Cánovas Luengo (25 urte) Donostia
Antonio Causo Molinos (20 urte) Galdames
Esteban Etxeberria Agerrebere (30 urte) Elizondo
José Damián Etxeberria Artola (30 urte) Pasaia
Félix Ezkurdia Elizari (20 urte) Iruñea
Rafael Gómez Jauregi (25 urte) Errenteria
Víctor González de Herrero Ugalde (20 urte) Gasteiz
Rafael Goñi Latasa (25 urte) Iruñea
Francisco Lasa Arabaolaza (20 urte) Tolosa
Felipe Oñatebia Carmona (30 urte) Iruñea
Inocencio Tolaretxipi Ikuza (25 urte) Donostia
Modesto Urbiola Orokieta (25 urte) Villodas
Celestino Olaizola Zalbide (Absolbitua) Donostia
Ekimen hau zenbait herri erakunde, instituzio, elkarte eta abarri esker gauzatu ahal izan da. Honako hauek izan dira partaideak: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiak, Gogora, Emakunde, Gasteiz, Iruñea, Baztan eta Donostiako Udalak, Baleuko, Vital Fundazioa eta Sabino Arana Fundazioa.
.
1890