Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundia, Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Biodonostia elkarlanean ari dira osasunari lotutako I+G proiektuak bultzatzeko

Aldundia, Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Biodonostia elkarlanean ari dira osasunari lotutako I+G proiektuak bultzatzeko

Markel Olano diputatu nagusia zentroko arduradunekin batzartu da gaur instalazioetara egindako bisitan.

Markel Olano diputatu nagusiak bilera instituzionala izan du gaur Donostia Unibertsitate Ospitaleko eta Biodonostia OIIko lantaldearekin, Itziar Perez Ospitaleko gerentea eta Julio Arrizabalaga Institutuko zuzendari zientifikoa buru zirela. Instalazioak eta ekipamendu teknologikoa bertatik bertara ezagutzeko ez ezik, zentroak foru erakundearen laguntzarekin garatzen dituen ikerketa proiektuak bateratzeko ere balio izan du bisitak, bai eta GANTT proiektuari (Gipuzkoa Advanced New therapies Territory) lotutako lankidetza estutzeko ere. Proiektu horren helburua da Gipuzkoa erreferente bihurtzea osasunaren terapia aurreratuen arloan, hainbat eragileren arteko lankidetzaren bidez.

          Foru erakundearen aldetik, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak eta haren lantaldeak ere parte hartu dute bileran. Biodonostiaren ordezkaritza Arantza Abad gerenteak, Adolfo López de Munian neurozientzien arloko arduradunak, Ander Izeta Ingeniaritza Tisularreko arduradunak, Idoia Gurrutxaga Ospitalearen zuzendari medikoak eta Carlos Panizo Hematologia Zerbitzuko buruak osatu dute. Olanok Aldundiaren eta Biodonostiaren artean “hasiera-hasieratik” izandako “lankidetza emankorra” nabarmendu du, eta azpimarratu du “institutuak euskal osasun-sistema erresiliente, indartsu eta berritzailea” sinbolizatzen duela. “Biodonostiak medikuntza- eta osasun-teknologien ikerketan egindako lanak, osasun-laguntza eta herritarren ongizatea hobetzeaz gain, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen ditu, eta gure ekonomia indartzen du”.

Bisitan, bi eragileek Biodonostiako proiektuen balantzea egin dute. Proiektuek laguntza jasotzen dute Aldundiak garatzen duen programa baten bidez: Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko programa, zeinaren xedea baita erakundeek azpiegituretan eta ekipamendu aurreratuetan egiten duten ikerketa-ahaleginari eta inbertsioei laguntzea. Azken bi urteetan, foru erakundeak zentroaren zortzi proiektu lagundu ditu, 492.000 euroko ekarpenarekin: bost proiektu 2021ean, eta hiru 2020an.

Iaz babestutako ekimenen artean, nabarmentzekoa da Onkologia Traslazionaleko laborategirako ekipamendu berrian egindako inbertsioa. Ekipamendu hori honako talde hauek erabiliko dute: Bularreko Minbizia, Onkologia Zelularra, Onkologia Molekularra, Ehun Ingeniaritza, Gaixotasun Hepatikoak eta Gaixotasun Gastrointestinalak. Ekipamendu horrek, halaber, Onkologiako Ikerketa Klinikoko Unitate Bateratua sustatzeko eta CIC BIOMAGUNE, EHU eta DIPC erakundeekiko lankidetzak bultzatzeko ere balioko du. Beste proiektuen bidez askotariko gaiak ikertzen dira: alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA), tumorearen progresioa eragiten duten ibilbide molekularrak, behazun minbiziaren diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua, eta DNAren analisia datuak aztertzeko algoritmo konputazionalen garapenaren bidez. Gainera, Aldundiak Sonia Alonso ikerlariaren kontratazioa eta jarraipena babestu ditu 2019tik, talentua erakartzeko eta atxikitzeko Fellows programaren bidez, 121.224 euroko ekarpenarekin 3 urtean.

Azkenik, Foru Aldundiak Viralgen, ViveBiotech eta beste eragile batzuekin batera (Biodonostia bera, besteak beste) sustatzen duen GANTT proiektuaren barruan eman beharreko urratsak kontrastatu dira bileran, Gipuzkoa erreferentziazko lurraldea izan dadin terapia zelularretan, genetikoetan eta industria-orientazioa duten RNA terapietan. “Proiektua hasierako fasean dago, baina itxaropen handiak dauzkagu bertan. Gipuzkoan eta Euskadin beharrezko osagaiak ditugu etorkizuneko medikuntza eta gaixotasun larrien tratamendua goitik behera aldatuko dituen eremu honetan kokatzeko. Osakidetzak eta Biodonostiak rol oso garrantzitsua dute proiektu honen barruan, bai fase aurreklinikoetan, bai saiakuntza klinikoetan, terapia zelularretan eta genikoetan, gaur egun Osakidetza egiten ari den Terapia Aurreratuen Unitatearen bidez. Proiektu honek ezin hobeto irudikatzen du guk bilatzen duguna, hau da, lehiakortasuna eta ongizatea uztartuko dituen Gipuzkoa eraikitzea”, azpimarratu du Olanok.

  

3926