Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 1,2 milioi bideratuko ditu Gipuzkoako hirugarren sektorearen ekimen soziala sustatzera

Aldundiak 1,2 milioi bideratuko ditu Gipuzkoako hirugarren sektorearen ekimen soziala sustatzera

Sektorea lurraldeko gizarte politika ereduaren oinarrietako bat dela gogoratu du Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoan gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen 2022ko deialdia, 1.221.233 euroko zuzkidura duena. Ondorengo hiru lerro hauek laguntzen dira programa honen bitartez: gizarte esku-hartzeko programak egiteko dirulaguntzak (931.233 euro), prebentzioko eta sentsibilizazioko programak egiteko dirulaguntzak (250.000 euro) eta gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak egiteko dirulaguntzak (40.000 euro). “Laguntza-lerro hauen bidez laguntza handia ematen zaie gure lurraldean hain bereizgarria eta garrantzitsua den hirugarren sektoreko entitateei. Izan ere, sektore hori gure gizarte politiken ereduaren oinarrietako bat da”, nabarmendu du Eider Mendoza bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. “Laguntza lerro hau Gipuzkoan finkatuta dagoen laguntza deialdi bat da eta, horien bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 10 milioi euro baino gehiago banatu ditu azken 10 urteetan, gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten gizarte ekimeneko erakundeei laguntzeko”, nabarmendu du Mendozak. “Gero eta zaharragoa, pluralagoa eta konplexuagoa den gizarte batean bizi gara, erronka sozial handiak planteatzen dizkigun testuinguru batean, hala nola biztanleriaren zahartzea eta gizarte inklusioa”, gaineratu du.

          Foru arduradunak sakondu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna da desberdintasun sozialei aurre egitea, eta “gure ardura da erronka sozial horiek hazten jarraitzeko aukera bihurtzea”. Horregatik, ezinbestekotzat jo du da hirugarren sektoreko entitateek egiten duten lana, Gipuzkoako gizarte politiken ereduarentzat funtsezko zutabea baitira entitate horiek. “Zorioneko gara lurraldean sare sozial eredugarria dugulako, eta horiekin lanean jarraituko dugu, elkarlanerako eta lankidetzarako hainbat bide erabiliz”, gaineratu du. Azpimarratu duenez, Gipuzkoa etorkizuna eraikitzeko egiten ari den ahaleginean ere “bidelagun behar dugu hirugarren sektorea”.

Pasa den urteko deialdiari erreparatuta, honako emaitza hauek utzi zituen: lehen lerroari dagokionez, gizarte esku-hartzeko programak egiteko dirulaguntzak, 199 proiektu sustatu ziren 100 entitatetan. Bigarren lerroan, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak egiteko dirulaguntzak, beste 115 proiektu bultzatu ziren 80 entitatetan; eta azkenik, hirugarren lerroan, gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak egiteko dirulaguntzetan, beste 26 proiektu 25 entitatetan. Lagundutako ekimenen zenbait adibide ere aipatu ditu Mendozak: Verdini Dantza Taldeak sustatutako dantzaren bidezko sentsibilizaziorako diru-laguntza; Why Not Fundazioak Why Not Radio proiektua garatzeko diru-laguntza; Kale Dor Kayiko elkarteak ematen dituen sarien antolakuntzarako diru-laguntza; edota Algaraklownek bultzatzen duen Geriatriklown ekimena, adinekoen egoitzetan ekitaldiak eta umore tailerrak.

 

Landa garapeneko dirulaguntzak

Bestalde, urtero onartzen den lurralde garapeneko dirulaguntza deialdia ere onartu da gaurko Diputatuen Kontseiluan. Guztira, 800.000 euro bideratu dira dirulaguntza deialdi honetara. Ekimen honetan aurreikusitako proiektuak honako hauek dira: tokiko merkatuak eta banaketa-zirkuitu laburrak sustatzeko inbertsioak, landa-eremuan enplegua eta ekipamendu kolektiboak sortzeko proiektuak, makinak erostea, tokiko, eskualdeko edo lurraldeko eremuan prestazio berriak dituzten inbertsio proiektu berritzaileak, nekazaritza zerbitzuen digitalizazioa edo landa elektrifikazioa.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak landa ingurunearen garapen sozioekonomikoaren arloan, hainbat ikuspegitatik lan egiten du ekintzailetza, inbertsioa, nekazaritza ustiategien babesa eta haien ingurumen konpromisoa sustatzeko”, esan du Mendozak. Hala ere, nabarmendu du beharrezkoa dela landa ingurunea garatzeko estrategia hori osatzea laguntza programa horiek jorratzen ez duten beste ikuspegi baten bidez, hala nola izaera kolektiboa duten proiektuen bidez (dela inbertsioaren esparruagatik, dela planteamendu kolektibo batetik soilik zentzua dutelako).

“Sustatu beharreko proiektu hauek dira landa ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialerako beharrezkoak diren baldintzak sortzea bilatzen dutenak, baita, lurralde historikoko ustiategien tamaina txikia dela eta, bideragarritasuna bakarrik inbertsio kolektiboen bidez lortzen duten proiektuak ere”, azpimarratu du bozeramaileak. Zehaztu duenez, horrelako proiektuak udalerrietatik, toki-erakunde txikietatik, landa garapenerako elkarteetatik eta nekazaritza elkarteetatik -batez ere ustiategi txikiez osatutakoak- baino ezin dira landu. “Horien aurrekontuak urriak dira eta zailtasunak dituzte proposatutako programaren xede diren proiektuei heltzeko, eta horixe dirulaguntza deialdi honen zentzua”, osatu du.

Laguntza lerro honen bitartez, pasa den urtean 37 proiektu lagundu zituen diruz Gipuzkoako Foru Aldundiak. Nabarmendu dituen adibideen artean daude esaterako Gipuzkoako tokiko merkatua digitalizatzeko proiektua, edota Zegamako Ludoteka eta Gaztelekuko egokitzapen lanak. Laguntzak jaso zituzten eragileak udalak eta landa garapeneko elkarteak dira. “Erakunde bezala, landa inguruenarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu”, adierazi du Mendozak.

 

Egoitzetako partea

Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 110 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 51 gutxiago), 14 egoitza ezberdinetan (3 gutxiago). Kasu hauetatik, 57 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, bi egoiliar zendu dira, 100 sendatu eta 51 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 41 egoiliar hil dira, eta 1.956 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 68 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 26 gutxiago) 20 egoitza ezberdinetan.

Bestalde, diagnosi proben kasuan (PCR eta listu bidezko PCR probak), azken astean 2.299 egin dira (1.650 PCR eta 649 listu PCR), bataz beste, 328 proba egunean. Guztira, abendutik hona, 42.897 proba. Listu PCRak langileei bi astean behin egiten zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei, eta horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, adierazi du bozeramaileak.

  

1551