Aldundiak 1,25 milioi euro bideratu ditu sektore turistikoa COVID-19aren eraginetik babesteko
Aldundiak 1,25 milioi euro bideratu ditu sektore turistikoa COVID-19aren eraginetik babesteko
Laguntza zuzenen deialdia aurkeztu du gaur, sektorea indartzeko eta etorkizunerako prestatzeko plan estrategikoaren ardatzekin batera.
COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean sektore turistikoari eusteko zuzeneko laguntzen programa jarri du abian Foru Aldundiak, eta 1,25 milioi euro bideratuko ditu horretarako. Helburua sektorea babestea eta laguntza ekonomikoa ematea da, pandemiaren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea errazteko. "Osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurriek egoera oso larria sortu dute, eta sektore honetan beste inon ez bezala eragin dute. Neurri honekin enplegua eta jarduera mantentzen lagundu nahi dugu, enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta autonomoei aurrera egiten lagunduz", azaldu du Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak.
Iker Goiria Turismo zuzendariarekin egindako agerraldian eman du programaren berri Larrañagak. Lurraldean turismoa sustatzea helburu duen 2020-2023 Plan Estrategikoaren ildo nagusiak ere aurreratu dituzte. "Sektorea bi planotan indartu behar dugu: epe laburrean, empresak eta pertsonak krisiaren eraginetik babestea da lehentasuna, baina, aldi berean, etorkizunerako prestatzen jarraitu behar dugu, pandemiaren ondorengo eredu turistikoaren oinarriak ezarriz eta turismoaren industria sektore ekonomiko lehiakor gisa balioetsiz, enpleguaren, aberastasunaren eta balio erantsiaren sortzaile gisa Gipuzkoan", adierazi du diputatuak.
Gaur aurkeztutako laguntzak Ekonomia Indartuz, Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko planaren parte dira. Lurraldeko turismo arloko autonomoei, mikroenpresei, eta enpresa txiki eta ertainei zuzendutakoak dira: ostatuak – hotelak, apartamentu turistikoak, kanpinak, nekalturismoak, landetxeak eta aterpetxeak–, bitartekaritza-enpresak –bidaia agentziak, erreserba-zentralak, operadoreak–, turismo aktiboko enpresak eta turismo gidariak. Baldintza izango da negozio-zifraren zenbateko garbia gutxienez % 40 murriztu izana 2020an, aurreko urteko datuekin alderatuta, jarduera urte horretan hasi zuten enpresen kasuan izan ezik.
Laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, establezimenduan edo lantokian zenbat langile dauden hartuko da kontuan, eta 2.500 eta 7.000 euro artekoa izango da jaso ahal izango den kopurua. Eskaerak Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkez daitezke (https://egoitza.gipuzkoa.eus-), eta azken eguna ekainaren 15a izango da. Foru erakundeak 800 establezimendu eta enpresa onuradun izatea aurreikusi du. Diputatuak azaldu duenez, laguntza horiek bateragarriak izango dira Estatutik edo beste maila instituzional batzuetatik datozenekin. “Turismo arloko balio-katearen kateko jarduera profesional guztiak" hartzen dituzte kontuan, eta lehentasuna "azkar eta arin iristea" da. Horretarako, lehiarik gabeko prozeduraerregimenean esleituko dira.
Bestalde, sektorea sustatzeko 2020-2023 Plan Estrategikoaren ardatz nagusiak azaldu ditu Iker Goiriak. "Gipuzkoak, tradizio turistiko nabarmena izan arren, bultzada berri bat behar zuen bere eredu turistikoaren garapenean, ahaleginak lerrokatuz, joera berrietara egokituz eta lehentasunezko jarduera-eremuak mugatuz. Hori dela eta, ibilbide orri bat diseinatzeko erabakia hartu dugu, datozen urteetan Gipuzkoako turismoa nolakoa izatea nahi dugun zehazteko". Aipatutako plangintza mamitzeko zein ondoren martxan jartzeko, Aldundiak "sektoreko enpresa eta eragileekin eta eskualde guztiekin batera lan egin du, funtsezko elementuak baitira gure lurraldeko turismoa kudeatzeko sarean. Nazioarteko jardunbide egokiak ere aztertu ditugu. Hori guztia Etorkizuna Eraikizen esparruan elkarlaneko gobernantzaren aldeko apustuaren barruan ".
Plan Estrategikoak, misio, ikuspegi, balio eta helburu orokor eta espezifikoez gain, BEGIKA izeneko turismo-eredu propio baten aurkezpena jasotzen du, honako hauen siglak dituena: Bisitariak, Enpresak, Gobernantza, Adimena, Komunitatea, Irainkortasuna eta Kultura. "Eredu horrek Turismoaren Mundu Erakundeak aldarrikatzen duena hartu du erreferentziatzat. Bi ardatz berri gehitu ditugu, gobernantza eta inteligentzia, Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko ikuspegian funtsezkotzak jotzen baititugu", azaldu du zuzendariak.
Planak 11 helburu espezifiko jasotzen ditu, besteak beste, udatik haratago turismoa bultzatzea, bisitariak lurraldean zehar banatzea, turismo adimenduna edo MICE turismoa. Legealdi hasieran hasi zen lantzen Aldundia estrategia, eta pandemia gorabehera, ardatz horietatik eratorritako lan-esparruak hainbat ekintzatan gauzatu dira. Horien artean, "Gipuzkoa Turismoa" Gipuzkoako marka turistikoaren birdiseinua, lurraldea ezagutarazteko promozio plana edo gaur aurkeztutako diru-laguntzen programa nabarmentzen dira.
Etorkizuneko proiektuei dagokienez, laster argitara emango diren bi ekimen aipatu behar dira. Alde batetik, Donostiako espazio fisiko batean hub turistiko bat sortzea, "sektoreko enpresa guztien eta ekimen ekintzaileen elkargune izango dena, haien balio-katea indartzeko helburuarekin". Bigarrenik, turismo informazioko eta sustapeneko zerbitzua digitalizatzeko proiektu bat; horren emaitza izango da web-orri berri bat, aplikazio mugikor bat eta "turismo-bulego birtualerako" sistema berritzaile bat. Bi proiektuak datozen asteetan aurkeztuko dituzte jendaurrean. “Turismo industriaren aldeko gure apustua sendoa eta irmoa da, COVID-19aren krisiaren ondoren ekonomia suspertzeko funtsezko aktiboa den aldetik", esan du Goiriak.
Aurreikuspenak eta eragina
Larrañagak gogorarazi du pandemiak “benetan gogor” jo duela turismo sektorean, “jarduera beste sektoreetan baino askoz ere neurri handiagoan geldiaraziz”. Horren adibide, 2020ko lehenengo lau hilabetetan, hoteletako turisten kopurua % 67,4 murriztu zen, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Atzerriko turismoa % 82,7 murriztu zen, eta beste autonomia erkidego batzuetatik iritsitakoa % 76,4. EAEko turismoa, berriz, % 119,8 hazi zen. Apirilean, plazen araberako hotel okupazioa % 24,9 izan zen, inoizko apalena 1992az geroztik, nahiz eta establezimenduen herena baino gehiago hileko egun guztietan itxita egon zen. Turista kopurua 1997az geroztiko baxuena izan zen hilabete horretan; % 86,8 murriztu zen atzerriko turismoa (-% 85,3 Frantziako turismoa eta -% 98,2 AEBko turismoa).
Joera bera ageri da iazko datu nagusietan, Gipuzkoako hotel, nekazaritza turismo eta apartamentu turistikoetan igarotako gauen kopurua % 57,9 murriztu baitzen 2020an, % 71,3 atzerriko turismoaren kasuan, eta horietan egin den batez besteko egonaldia 2019koa (2,09) baino motzagoa izan zen (1,91 egun). Nekazalturismoko establezimenduetan (% 52,4) eta apartamentuetan (% 38,9) igarotako gauen beherakada ez zen horren handia izan.
Hala ere, azken hilabeteetako bilakaera goranzkoa izan da: apirilean establezimendu turistikoetan igarotako gauen kopurua %10,1 areagotu zen martxoko datuekin alderatuta, eta hilabetea horetan ere % 4,9 areagotu zen zifra hori, otsaileko datuekin alderatuta. Diputatuak “baikortasunez” eta “zuhurtasunez” hitz egin du etorkizun hurbilari begira. “Egia da bisitari gehiago etortzen ari direla, batez ere hurbileko merkatuetakoak, hala nola Estatukoak eta Frantziakoak, baina Gipuzkoarako oso garrantzitsuak izan ohi diren beste merkatu batzuen presentzia, AEBetakoa edo Erresuma Batuetakoa kasu, oso apala da oraindik ere”.
Larrañagak konfiantza agertu du, haren ustetan osasun egoera hobetzen den neurrian, eta mugimenduaren murrizketak kentzen diren neurrian, uztailaren 1ean indarrean sartuko den ‘Covid pasaportea’ bezalako ekimenekin’, “Europatik gero eta turista gehiago iristea espero baitugu hotel eta apartamentu turistikoen kasuan. Gogoratu behar dugu Gipuzkoako atzerriko turismoaren barruan pisu nabarmena duela Europakoa. Aurreikuspenen arabera, susperraldi edo gorakada hori gehiago nabarituko da abuztuan uztailean baino. Era berean, uste dugu tokiko eta Estatuko turismoak –Madril eta Katalunia buru direla– sektoreari eusteko zutabe garrantzitsua izaten jarraituko duela”. 2019an bi autonomia erkidego horietako 166.000 eta 127.000 sarrera erregistratu ziren, hurrenez hurren. Nekazalturismoei dagokienez, adierazi du azken asteburuetako erreserba datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla dagoenekjo, “eta, beraz, suspertzea azkarragoa izango dela ematen du”. Batez besteko egonaldia ere goraka egiten ari dela erantsi du.
“Ziurrenik trantsizioko uda izango da –aurreratu du diputatuak–, baina ziur gaude Gipuzkoak duela urte batzuetatik hona kalitatezko turismo eredu baten alde egin duen apustuak, nortasun ezaugarri oso bereiziekin, emaitzak emango dituela epe ertain-luzera. Mundu mailan erreferentziazko helmuga turistikoa izatera iritsi gara Gipuzkoa, gure paisaiari, kulturari, gastronomiari eta nortasunari esker. Gure elementu erakargarri guztiak bere horretan mantentzen ditugu, eta oinarri horien gainean, ibilbide-orri argi bat dugu, sektoreko eragile guztiekin lankidetzan diseinatua, gure sektorea berritzeko, berrasmatzeko eta garai berri baten beharretara egokitzeko. Horri helduta, aurrera egingo dugu, seguru”.
1983