Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 1,27 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako hirugarren sektoreko ekimen soziala bultzatzera

Aldundiak 1,27 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako hirugarren sektoreko ekimen soziala bultzatzera

Gaixotasun mentala duten pertsonek kudeatutako nekazaritza ekologikoko Karabeleko finkaren proiektua da 2022an sustatutako 319 programetako bat, gaur goizean Maite Peña diputatuak bisitatu duena.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua


Hernaniko Portu auzoan kokatuta, Karabeleko erakundeak agroekologia sustatuz bazterketa-arriskuan dauden pertsonen errekuperazioan, birgaitzean eta gizarteratzean laguntzen du, arreta berezia jarriz osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kolektiboan. Izan ere, finka horretan, baratzeaz gain, denda bat dago, eta astero 200 barazki otzara prestatzen dira. “Karabelekon, langileen % 70ek desgaitasunen bat du, eta lanpostu bakoitza pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen da”, Maite Peña diputatuak gaur goizean Hernaniko finkara egindako bisitan azaldu duenez. Nekazaritza ekologikoko baratzeko lantaldeko kideek errehabilitazio, okupazio eta lan jarduerak egiten dituzte, gaixotasun mentala duen pertsona bakoitzak errekuperazioan aurrera egin ahal izateko eta etorkizunean enplegu babestu edo arrunta lortu ahal izateko ibilbide pertsonalizatuak izateko beharrari erantzunez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak “lurraldeko gizarte ekimena bultzatu eta babesteko” urtero abian jartzen duen diru-laguntza deialdiaren proiektu onuradunetako bat da Karabeleko, eta esku-hartze sozialeko, prebentzioko eta sentsibilizazioko eta gizarte beharren ikerketa eta berrikuntzako proiektuak babesten dira. 2023an 1.270.000 euro jarri ditu Aldundiak, iaz baino 40.000 euro gehiago, lurraldeko hirugarren sektore soziala “babesten jarraitzea” helburu hartuta, “gure lurraldean hain garrantzitsua den sektorea, gure politika sozialen ereduaren oinarrietako bat”.

Maite Peñak adierazpen horiek egin ditu gaur goizean Karabeleko finkara egindako bisitan. Bertan, Mikel Otxotorena proiektuaren arduraduna eta egunero finkara lanera joaten diren erabiltzaileak izan dira. Karabeleko 2014an sortu zen Agifes, Kimubat eta Blasenea elkartuta, eta gaur egun egunero 20 bat pertsona joaten dira lanera 15.000 m2 inguruko instalazioetara. 2022an, baratzezaintza-programan, gaixotasun mentalen bat duten 23 pertsonak parte hartu zuten, 12 lanpostu finko eskaini ziren, aldi baterako 2 lanpostu eta 6 pertsonak prestakuntza-taldeetan parte hartu zuten.

Karabelekon ekonomia, ingurumen eta gizarte jasangarritasuna lortzeko lan egiten dute baratze ekologikoaren esperimentazioaren bidez, eta, horrela, buru-nahasmenduren bat duten pertsonen bizi-kalitatea eta integrazioa hobetzen laguntzen dute. “Proiektu hau Gipuzkoako jarduteko moduaren adibide argia da”, diputatuak baloratu duenez, eta gaineratu du Karabelekoren antzera, lurraldeko beste ehunka erakunde sozialek burutzen duten jarduna ezinbestekoa dela gizarte politiken ereduan aurrera egiten jarraitu ahal izateko: “Zorte handia dugu lurraldean gizarte-sare eredugarria dugulako, eta horiekin lanean eta aurrera egiten jarraituko dugu, elkarlanerako eta lankidetzarako hainbat bide erabiliz”.

2022an, 119 entitateren 319 proiektu babestu dira

Maite Peñak adierazi duenez, Gizarte Ekimenerako Laguntza Programaren deialdi berria “martxan dago” eta entitate interesdunek eskaerak aurkez ditzakete martxoaren 23tik apirilaren 22ra bitartean. “Gipuzkoan finkatuta dagoen laguntza deialdia” dela aipatzeaz gain, gaineratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak azken 10 urteetan 10.750.954 € bideratu dituela gizarte zerbitzuen esparruan jarduten diren gizarte ekimeneko entitateak babestera.

2022ko balantzea ere egin du diputatuak, eta azpimarratu du “guztira 119 entitate desberdinen 319 proiektu” lagundu direla. Zehaztu duenez, "lehentasuna eman zaie esku-hartze sozialeko proiektuei, ezinbestekoak baitira pertsona guztien gizarte inklusioan eta aukera berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko".

Hori horrela, diputatuak adierazi duenez, 2022an 95 entitateren esku-hartze sozialeko 186 proiektu babestu dira, 940.000 eurorekin; 84 entitateren prebentzio eta sentsibilizazioko 119 proiektu, 250.000 eurorekin; eta 14 entitateren behar sozialei lotutako 14 ikerketa eta berrikuntza proiektu sustatu dira 40.000 eurorekin.

  

2552