Aldundiak 2 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken denboraleek errepideetan eragindako kalteei aurre egiteko
Aldundiak 2 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken denboraleek errepideetan eragindako kalteei aurre egiteko
Aldundiak 2 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu azken denboraleek errepideetan eragindako kalteei aurre egiteko
Larrialdiko lanak aktibatu ditu N-634 eta GI-639 errepideetako kostaldeko horman eta GI-3361 errepidean, Hondarribian
Diputatuen Kontseiluak onarpena eman die gaur egindako bilkuran errepideetako premiazko bi jarduketa berriri, azken denboraleek eragindako kalteei aurre egiteko. Ildo horretan, Irune Berasaluze foru bozeramaileak nabarmendu du Aldundiak “premiazko mekanismo guztiak” aktibatu dituela “N-634 eta GI-639 errepideetako kostaldeko horman, non hiru puntutan egon diren kalteak) eta GI-3361 errepidean (Hondarribian) izandako luiziei berehala erantzuteko”.
Horrela, aste honetan Getarian eta Hondarribian egin beharreko jarduketetarako larrialdiko bi partida berri onartuta, azken denboraleek eragindako kalteei aurre egiteko Aldundiak bideratutako zenbatekoa 2.045.000 eurokoa da. Bozeramaileak aurreratu duenez, “udaberri-uda partean, eguraldia egonkorragoa denean, kostaldea zehatz-mehatz ikuskatuko da, kostaldeko horma mantentzeko eta indartzeko jarduketak areagotzeko, azken urteetan premia hori antzeman baita”.
Martxoaren 2an GI-3361 errepidean Hondarribiko Higer itsasargira doan lur-jausiari dagokionez, Gobernu Kontseiluak larrialdiko jarduketa bat onartu du luiziaren ondorioei aurre egiteko, milioi bat euroko zenbatekoarekin. Jarduketak hilabeteko epea izango du, eta honako hauek izango dira egin beharreko lanak: kaltetutako mendi-mazela egonkortzea, ezponda garbitzea eta askatutako materialak kentzea. Aldi berean, Bide Azpiegituretako Departamentuko teknikariek lur-jausiaren eremua eta ingurua aztertzen jarraitzen dute, hegalen egoeraren behin betiko balorazioa emateko.
Foru bozeramaileak azpimarratu du, halaber, dagoeneko lanean ari direla kostaldeko errepidean denboraleak eragindako puntu guztietan, Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidean 12 metroko luzera duen zuloan barne, martxoaren 5ean detektatu zena, hain zuzen. Berreraikitze-lanak egiteko, Diputatuen Kontseiluak 400.000 euroko zuzkidura onetsi du gaur, hilabeteko exekuzio-epea izango duena. “Oraingoz, barruko erreitik txandaka pasatzen jarraituko da, eta zirkulazioa bi erreitan lehenbailehen berreskuratzeko ahalegina egingo da, errepide horrek duen garrantzia dela eta”, azaldu du.
Azken asteetan Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean eta Deba eta Mutriku arteko GI-634 errepidean agertutako zuloen egoerari dagokionez, lanak hasiak daude dagoeneko. Gehien kaltetutako zatia N-634 errepidearena da, eta errei bakarra izango du hurrengo asteetan. Unean-uneko trafiko mozketak eragingo dituzte obrek, eta ibilgailu astunek debekatuta izango dute zirkulatzea. Hori horrela, Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, “ahal den neurrian behintzat gomendagarria da Meagaseko errepidea aukeratzea, eta gogorarazi du informazio-kanal bat prestatu dela Telegram aplikazioan (kanalaren izena: N-634 KOSTA), non errepidearen puntu horren itxieren eta gorabeheren berri ematen den.
Laguntza teknikoak etxean
Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluak Etxean programaren kontratazio espedientea ere onartu du, laguntza teknikoetarako materiala erosteko. Urtebeteko iraupena izango du, eta 417.136,29 euroko aurrekontua. Aurten 25 urte betetzen dituen laguntza teknikoen programari esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.300 pertsonari baino gehiagori eskaintzen dizkie altzariak, higienerako elementuak, lekualdaketak egiteko elementuak, eskailera-igogailuak eta garabiak. Programa honen helburua da mendekotasuna duten eta desgaitasuna duten pertsonei etxean egoteko aukera erraztea.
Bozeramaileak gogorarazi duenez, adineko 10 pertsonatik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta "frogatuta dago mendekotasuneko laguntzei eta prestazioei esker 5 urtez luza daitekeela etxean jarraitzeko aukera hori, egoitzetan sartzea atzeratuz". Gehien erabiltzen eta eskatzen diren zerbitzuak prestazio ekonomikoak eta laguntza teknikoak dira, "eta zerbitzu desberdinen konbinazioa da etxean irautea eta kalitatezko zaintza pertsonalizatuak jasotzea errazten dituena".
Ildo horretan, Berasaluzek azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak etxeko zerbitzuak, prestazioak eta laguntza programak indartzen jarraituko duela: "Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuak 30.400 pertsona baino gehiago artatzen ditu une honetan; horietatik 18.800 pertsona prestazio ekonomikoen bidez, 4.300 laguntza teknikoen bidez eta beste 4.300 etxez etxeko laguntza zerbitzuaren bidez, adibidez".
Urtarrileko datu ekonomikoak
Era berean, Gipuzkoako Foru Ogasunak hilero-hilero egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuak ezagutarazi dira Kontseiluan. Txosten horren arabera, 2024ko urtarrilean lurraldeko enpresen salmentak % 0,4 jaitsi ziren, 2023ko hil berarekin alderatuta. Horren arrazoia esportazioen jaitsiera izan zen (-% 2,8), barruko salmentak % 1,0 igo baitziren. Aitzitik, enplegua % 2,3 hazi zen urteko lehen hilabetean, eta soldatek ere gora egin zuten, % 7,8ko igoerarekin.
Salmenten jaitsiera industria sektorean gertatu zen (-% 2,1), eta neurri txikiagoan eraikuntzan (-% 0,4). Zerbitzuetan, aldiz, % 1,8ko igoera izan zen. Kanpo-merkataritzaren norakoari dagokionez, EBrako esportazioak % 6,1 jaitsi ziren bitartean, gainerako herrialdeetarako salmentak % 1,8 hazi ziren. Bestalde, industrian, enplegua % 4,0 hazi zen eta soldatak % 9,1; eraikuntzan, enplegua % 2,2 jaitsi zen eta soldatak % 6,3 igo; eta zerbitzuen sektorean, enplegua % 0,6 igo zen eta soldatek % 5,7 egin zuten gora.
Urtarrileko salmenten beherakada txikiak 5 hilabeteko joera positiboa hausten badu ere, Berasaluzek azpimarratu duenez, "gure ekonomia gai izaten ari da jarduera maila aipagarri bati eusteko egoera zail batean, inflazioa, gatazka geopolitikoak edo EBn Gipuzkoarentzat oso garrantzitsuak diren ekonomien desazelerazioa kontuan hartuta. Behin eta berriz esango dugu baloratu egin behar dela gure enpresek gaur egungoa bezalako ziurgabetasun egoera bat kudeatzeko egiten duten ahalegina, aukera berriak bilatuz eta sortuz". Ildo horretan, azpimarratu du “urtarrila hilabete zaila izaten den arren, enpleguaren hazkundea azken sei hilabeteetako handiena” dela, eta “soldatek oso indartsu” jarraitzen dutela, “azken 12 hilabeteetako igoerarik handienarekin, abendua alde batera utzita”.
Gogoratu behar da, Eustatek berriki argitaratutako datuen arabera, Gipuzkoa izan zela Euskadiko ekonomiaren hazkundearen liderra 2023an, % 1,9ko igoerarekin aurreko urtearen aldean, eta 5.355 enplegu sortu zirela.
959