Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 2014ko denboraleari dagozkion diru laguntzak ordaintzeko erreklamatu dio Espainiako Gobernuari

Aldundiak 2014ko denboraleari dagozkion diru laguntzak ordaintzeko erreklamatu dio Espainiako Gobernuari

Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi du bi milioi euroko diru laguntzak agindu zirela

2014ko lehen bi hilabeteetan Kantauri kostaldean eta bereziki Gipuzkoan izandako itsas eta haize denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko diru laguntzak ordain ditzala erreklamatu dio Foru Aldundiak Gobernu zentralari. Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi du 2.088.312,5 euroko diru laguntzak agindu zirela 42 konponketa proiektutarako, honela banatuta: 1.345.285,61 euro, Donostiako Udalarentzat; 347.575,19 euro, Zarauzkoarentzat; 3.350,89 euro, Debakoarentzat; eta 392.100,82 euro, Foru Aldundiarentzat.

Lasa kexu azaldu da diru laguntza hauen kudeaketan egon den “atzerapen izugarria” dela eta, deialdia 2015eko maiatzean egin baitzen, denboralea izan eta urtebete eta hiru hilabete igaro ondoren, eta esleipena urte horretako azaroan egin zen. “Foru Aldundiak, bitartekari lana eginez, justifikatzeko agiri guztiak eta Gipuzkoan egindako konponketa lanen esleipen ziurtagiriak aurkeztu zituen, baina aurki hiru urte beteko dira denboralea izan zenetik, eta bere garaian Gobernuaren Ordezkariordetzak zalaparta handiz iragarri zituen diru laguntzak oraindik ez dira iritsi” salatu du.

Agindutako diru laguntzak lan hauen erdia ordaintzeko ziren: Donostiako Udalak 31 jarduketa egin zituen, horien artean, aipatzekoak, Zurriolako zubiko zerbitzu galeria, Kontxako pasealekuko baranda eta ostikoak, eta Pasealeku Berriko hiri altzariak, argiteria eta baranda. Foru Aldundiak bederatzi jarduketa egin zituen, besteak beste, GI-634 errepideko Zarautz eta Getaria bitarteko eustorma egonkortzea, eta Irun, Hondarribia eta Azkoitiko luiziak konpontzea. Zarauzko Udalak Iñurritzako oinezkoen pasabidea konpondu behar izan zuen, eta Debako Udalak hainbat konponketa txiki egin zituen herrian zehar.

Lan horien kostua erasandako erakundeek hartu zuten bere gain. “Bere garaian, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Gipuzkoako erakundeek berehala eta modu eraginkorrean erantzun zioten azken hamalau urteetan izandako denboralerik gogorrenaren ondoren normaltasunera itzultzeko erronkari. Guztiok ditugu gogoan orduko irudiak. Kudeaketa erronka bat izan zen, baina baita ekonomikoa ere, lurraldeko erakundeek ordainketaren ardura beren gain hartu behar izan zutelako krisi latza bizi genuen garai hartan. Diru hori Gipuzkoako herritarrei zor zaie eta ez dugu ulertzen zergatik atzeratzen den hainbeste ordainketa” adierazi du bozeramaileak.

Foru Aldundiak, bitartekari eta diru laguntzen hartzaile zenez gero, diru laguntzak tramitatzeko kudeaketa guztiak egin zituen, eta deialdiko oinarrietan eskatutako dokumentazio guztia eman zien. Azkenik, 2015eko azaroan, Gipuzkoak 2.088.312,50 euro jasoko zituela jakinarazi zuen ofizialki Ogasun Ministerioak. Foru Gobernuak behin baino gehiagotan gogorarazi dio Madrilgo Gobernuari, barne bideak erabilita, ordainketa egin gabe dagoela. Lasak iragarri du diru laguntza jaso bezain azkar emango zaiela udalei zor zaien dirua.

Kontua da Gobernu zentralak dagoeneko ordaindu dituela 2015eko urtarrileko, otsaileko eta martxoko denboraleak zirela eta eskatutako diru laguntzak, aurreko urtekoak bezain gogorrak izan ez baziren ere.  Kasu honetan, diru laguntzen esleipena iazko abuztuan jakinarazi zen eta Foru Aldundiak 2016ko abenduaren 30ean jaso zuen esleitutako diru laguntzaren % 85a, hau da, 219.570,29 euro. “Horrek frogatzen du borondate politikoa dela kontua, beraz, Gobernuari eskatzen diogu arduraz jokatzeko eta legeak agindutakoa betetzeko" esan du bukatzeko.  

  

1568