Aldundiak 2020 urtean erretiroa hartu zuten 67 langileak omendu ditu
Aldundiak 2020 urtean erretiroa hartu zuten 67 langileak omendu ditu
Pasa den urtean hil ziren foru erakundeko beste bost langile ere omenduak izan dira ekitaldi berean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortza egin die gaur 2020an erretiratutako langileei eta, ekitaldi berean, urte horretan hil ziren foru langileei omenaldi sentitua eskaini zaie. Aitortza ekitaldia iaz zen egitekoa, baina COVID-19 gaitzaren pandemiak atzeratzera behartu zuen. Omenaldian foru Gobernuko kideek hartu dute parte, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia bera buru zela, eta jubilatuen senide eta lankideak ere bertaratu dira, omenduak izan direnez gain. Guztira, foru erakundeko 67 langilek hartu zuten erretiroa 2020an, eta 5 izan ziren zendu zirenak.
"Omenaldi xume honekin, eskerrak eman nahi dizkizuegu, zuok guztiok hainbeste urtetan Gipuzkoari erakutsi diozuen dedikazioagatik, lanagatik eta erantzukizunagatik; aldi berean, eta gure hurbiltasuna eta berotasuna adierazi nahi diegu berriki utzi gaituzten lankideen senide eta gertukoei", adierazi du. Olanok Xabier Leteren hitzak ekarri ditu, lanak elkarren artean eta gizartearekin lotzen gaituela adierazteko. "Lanean, ez gara ezer, ez gara inor, gure ingurua osatzen duten pertsonak gabe, haiekin elkarlanean aritu gabe", gaineratu du.
Horregatik, azaldu du lankide bat galtzea kolpe latza izaten dela. “Horrelakoetan, lankide bat ez ezik, lagun bat ere galtzen dugu. Baina joan direnen balioek, haien giza eta profesional ikasgaiek, gure artean jarraitzen dute. Egunero gogorarazi behar ditugu, eta, horren ondorioz, haien oroitzapenak gure artean jarraituko du”, adierazi du. Ondoren, 2020an hildako bost foru langileen senideei eta ingurukoei besarkada handi bat bidali die, eta oroigarri txiki bat eskaini.
Jarraian, joan den urtean erretiroa hartu zuten 67 pertsonei zuzendu da, eta eskerrak eman dizkie Gipuzkoa solidarioagoa, irekiagoa eta bidezkoagoa, aurreratuagoa eta modernoagoa, gero eta gizarte-ongizate zabalagoa duena, eraikitzeko ahaleginean egindako ekarpenagatik. Diputatu nagusiaren iritziz, foru administrazioak abangoardian kokatu behar du Gipuzkoa aurreratuago eta kohesionatuago baten eraikuntza prozesuan, “eredugarriak izan behar dugu”, eta ildo horretan foru-langile erretiratuek egindako ekarpena baloratu du. "Esker oneko eta aitortzako hitzak baino ez ditut, Gipuzkoa osoaren izenean, azken hamarkadetan Gipuzkoako herritarren zerbitzura egin duzuen lanaren aurrean”, esan du. Erretiratutako langileek ere oroigarri bat jaso dute beren departamentuko diputatuaren eskutik. Ekitaldian, gainera, Arbasoak musika taldeak hainbat pieza interpretatu ditu.
2614