Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 21 proiektu berritzaile sustatuko ditu Gipuzkoako etorkizuneko erronkei erantzuteko

Aldundiak 21 proiektu berritzaile sustatuko ditu Gipuzkoako etorkizuneko erronkei erantzuteko

720.000 euro bideratu dira Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren aurtengo GipuzkoaLab deialdira. Guztira, 112 proiektu aurkeztu dira lurraldeko eragileen eskutik

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan, Gipuzkoak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna emateko 21 proiektu berritzaile aukeratu ditu Aldundiak eta gaur aurkeztu ditu Markel Olano diputatu nagusiak. Lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialek guztira 112 proiektu aurkeztu dituzte, esparru ezberdinetakoak, baina batez ere gobernantza eredu berriaren eta garapen komunitarioaren eremukoak. Aukeratutako proposamen hauek babestera Aldundiak 720.000 euro bideratu ditu eta Gipuzkoan Taldean-ek, lurraldeko gizarte antolatuaren ordezkaritzak, Gipuzkoako garapenerako giltzarri gisa identifikatutako lan esparruak lehenetsi dira. Diputatu nagusiak aurkeztutako proiektuen balio kualitatiboa azpimarratu du: “Iaz baina proposamen gehiago jaso ditugu eta denak dira baliagarriak aurretik ditugun erronkei erantzuna emateko”. Era berean, aurkeztutako proiektu kopuruak eta hauen kalitateak gizarteak lurraldearekiko duen inplikazioa eta konpromisoaren adierazle direla adierazi du Olanok.

Gipuzkoa ekonomikoki, sozialki eta kulturalki garatzeko, erakunde, entitate eta gizartearekin elkarlanean proiektu estrategiko zehatzak definitzea ezinbestekotzat jotzen du Aldundiak. Olanok azpimarratu duenez “gauzak egiteko modu berri bat ezinbestekoa ikusten genuen, gobernantza eredu moderno, garden, ireki eta lankidetzan oinarritutakoa”. Etorkizuna Eraikiz-eko lan esparru eta metologia berria esperimentazioan oinarritzen da. Olanok adierazi duen bezala, proiektuarekin hasi zirenetik hainbat esperientzia pilotu jarri dira martxan arlo estrategiko ezberdinetan, 2.500 gipuzkoar baina gehiagoren parte hartzearekin. Diputatu nagusiaren arabera “parte hartze kopuru hori gauzak ondo egiten gaudenaren adierazle da, eta benetako lankidetzan oinarritutako bidearekin jarraituko dugu” gehitu du.

Markel Olanorekin batera, gaur esleitutako diru-laguntza hauen inguruan argibideak emateko Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusia, aritu da. Zurutuzak azaldu duen bezala, programaren aurtengo deialdia bi jarduera ildotan banatu da. Batetik, Giipuzkoak dituen etorkizuneko erronkei erantzuna emateko planteatutako proiektu berritzaileak ditugu, eragile ekonomiko eta sozialak elkarlanean sustatu beharrekoak. Bestetik, “Bizilagun sarea” izeneko zutabea, auto-antolakuntza komunitarioa, auzo sareak eta boluntariotzako formula berriak lantzeko proposamenak.

Lehendabiziko esparruan 16 proiektu onartu dira, ondorengo esku-hartze esparruak hartzen dituztenak: gobernantza publikorako eredu berriak, ingurumenarekin konprometituta dauden enpresak, erakundeen aniztasuna (adina kudeaketa), balioetan hezitako herritarrak, lurraldeko garapen komunitarioa, prestakuntza eskaintza enpresen beharretara gerturatzea, eta gazteen orientazio profesionala hobetzea. Jarduera hauetara 600.000 euro bideratu dira. “Bizilagun sarea” arlokoak berriz laguntza ahultasuna egoeran dauden adinekoak, laguntza zaurgarritasun eta gizarte-desabantaila egoeran dauden pertsona eta familiak, eta laguntza babesgabetasun egoeran edo egoteko arriskuan dauden haur eta nerabeak helburu dituzten proiektuak dira. Esparru horri 120.000 euroko diru-poltsa eman zaio.

Aurtengo deialdiaren aurkezpenean, babestuko diren hiru proiektuetako ordezkariek ere parte hartu dute. Hauek euren proposamenak aurkeztu eta azaldu dituzte adibide gisa. Eragile horietako bat Mercedes Villegas izan da, AdinKIDE-ko, Adinekoen Lagunen Fundazioko delegatua, “Stop soledad” izeneko proiektua azaldu duena. Egitasmo honek adinekoen ongizatea du helburu, baztertze arriskuan edo zailtasun fisikoak dituzten pertsonak batez ere. Arazo horri aurre egiteko gizartearen babesa eskaintzea proposatzen da, babes afektibo emanez edota aisiarako denbora eskainiz.

Bestetik, Debegesako zuzendaria den Juan Angel Balbasek, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearen proiektua aurkeztu du, bazterkerian dauden pertsonen prestakuntza eta enplegurako sarea osatzea helburu duena. Azkenik, Carloz Aizpuruak, The Human´s Movement-eko koordinatzaileak, “GipuzkoaTeach” egitasmoaren xehetasunak eskaini ditu. Proiektu hau gazteei zuzendutako orientazio profesionaleko plataforma berritzaile batean oinarritzen da, non Gipuzkoako unibertsitate eta institutuekin koordinazio sare bat sortuko da.

 

2017ko GipuzkoaLab proiektuak

- Bizibide (Arizmendi Kooperatiba)

- Euskaltrust (Aptes)

- GipuzkoaTeach (The Human´s Movement)

- Saber Convivir (Club Deportivo Ibaeta)

- Bakuntza (Isea Kooperatiba)

- Gaitasun industrialak (Zubigune Fundazioa)

- Engaiatu (Errenteriako Udala)

- Basque Lanzadera (Iaddi)

- Enpresen eragin soziala (Adegi)

- Pasarelas FP dual y competencias industria 4.0 (Fund. Formación Máquina Herramienta)

- Red de formación para el empleo para adultos en exclusión (Debegesa)

- Nire azoka plaza urbanoa (Azpeitiko Udala)

- Landalab (Agintzari Koop.)

- Ekin adinari! (Ikertalde)

- Bases para el compromiso empresarial en Gipuzkoa (Inst. Vasco de Competitividad)

- Gu geu gara (Emanhar)

- Elkarrekin ekinez (Emaus)

- Adinekoei laguntza (Mancomunidad Saiaz)

- Stop soledad (Fundación Amigos de los Mayores)

- LkaleaK (Donostiako Udala)

- Plasma (Oarsoaldea)

  

1736