Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 26 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu legealdi honetan lurralde osoko zubi eta bidezubien eguneratze lanetan

Aldundiak 26 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu legealdi honetan lurralde osoko zubi eta bidezubien eguneratze lanetan

Ubarretxena: "Gure errepideetako segurtasun- eta kalitate-estandarrak betetzen jarraitzeko, sare osoan mantentze eta birgaitze inbertsio handiak egin beharko dira"

2024/05/27
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoak aurreikusten du datozen urteetan 26 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela esku-hartze partzial edo integralen bat behar duten zubi eta bidezubien sendotze eta birgaitze obretan. Gipuzkoako Pasoko Azpiegituren Jarduketen Plangintza berriak jasotzen duen iragarpena da, eta Bide Azpiegituretako Departamentuak ekin dion aldi berriari erantzuten dio, “apustu bikoitz” batean zentratzen baita: “teknologian, batetik, eta sare osoko azpiegiturak eguneratzean, bestetik”. Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, “aurrerantzean, Gipuzkoako biribilgunea osatu ondoren eta lurraldeko azpiegitura handiak abian direla, etorkizuneko errepideetarantz goaz bete-betean, baina ziklo berri honek, era berean, sare osoaren mantentze eta birgaitzean era intentsiboan inbertitzen jarraitzea eskatuko du, gure errepideetako segurtasun- eta kalitate-estandar errekonozituak betetzen jarraitzeko”, betiere, “ibilbide-orri argi batekin eta aurrerapenez jokatuz”. Bide Azpiegituretako departamentuak dagoeneko aurreikusita ditu lurralde osoan pasabideko 7 azpiegitura indartzeko edo birgaitzeko obrak. Horien artean, nabarmentzekoak dira Loiolako (Donostia) GI-20 errepideko biaduktuen ekialdeko muturra birgaitzea, N-I errepideko hainbat bidezubi eta zubi, edo Mendaro edo Azpeitia bezalako herrietarako sarbideak, besteak beste.

Gaur egun ez dago berehalako jarduketa eskatzen duen pasabide-egiturarik lurralde osoan, baina hainbat zubi eta zubibide daude epe ertainean jardun beharrean. Ubarretxenak azaldu duenez, “Gipuzkoakoa bezain gorabeheratsua den geografia batean, mugikortasun sozioekonomiko handia duten bailara eta eskualdeetan egituratua, ez da harritzekoa pasabide-azpiegituren kopurua, zubietatik zubibideetara, 1.300 inguru izatea”. Loiolako biaduktua bezalako egiturak daude, adibidez, 70eko hamarkadan proiektatu zirenak, eta “horien egitura-konfigurazioa eta ingeniaritza-soluzioak erabat zaharkituta geratu dira”. Ubarretxenaren hitzetan, lurraldeko egitura ugariren “bizi-zikloaren amaieraz ari gara”, eta horri erabilerak berak eta korrosioak eragindako narriadura edo trafikoaren bolumena eta pisua puntu askotan urterik urte handitu dela gehitu behar zaio”, N-I errepidean bere hedadura osoan bezala, zeinak sare publiko osoko zubirik zaharrenak baititu. “Horrek agerian uzten du Gipuzkoako errepideek ikuskatzeko eta mantentzeko ahalegin handia” behar dutela pasabide-egiturei dagokienez, eta, beraz, “funtsezkoa da ikuskapen-, konponketa- eta indartze-lanen plangintza zabal eta trinkoa egitea”. Ubarretxenak zehaztu duenez, “beharrezkoa da jarduketa zabal, sakon eta konplexuak egitea”.

Jada proiektatutako jarduketak

Urtean, gutxi gorabehera, lehentasunezko eta oinarrizko sareko 80-100 egitura berrikusten dira, bai eta eskualdeko eta tokiko sarea osatzen duten guztiak ere. Lan horiek mantentze-zerbitzu gisa garatzen dira, baina kontserbazio-egoera txarrena dutenei ikuskapen bereziak egiten zaizkie. Horrela, azken 4 urteetan 281 ikuskapen egin dira azpiegitura nagusietan, eta izaera bereziko 15, diputatuak emandako datuen arabera. Ikuskapen horren ondorioz, gaur egun, Bide Azpiegituretako departamentuak zubiak eta biaduktuak hobetzeko eta birgaitzeko 7 proiektu ditu idatzita eta 26,4 milioi euroko inbertsioa du aurreikusita. Horietako batzuk dagoeneko gauzatzen ari dira, eta horiei gehitu beharko zaizkie ohiko ikuskapenetan antzematen diren konponketa txikiagoko esku-hartzeak.

 

Esku-hartze handiena GI-20 errepideko Loiolako biaduktuen ekialdeko muturraren birgaitze integrala izango da. Horretarako 18,9 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da, eta pantaila akustikoen linealak ere instalatuko dira. “Obra konplexua izango da, bai teknikoki, bai ekonomikoki”. Hori dela eta, proiektuari legegintzaldiaren azken zatian heltzea aurreikusten da, Ubarretxenak aurreratu duenez. Diputatuak argitu du, halaber, Urumea ibaiaren gaineko bidezubian amaitu berri den zurkaitz-jarduerarekiko independentea dela proiektua, eta honen birgaitze integrala egiteko beste proiektu bat beharko dela, une honetan lantzen ari direna. Nabarmentzeko moduko beste esku-hartze bat da Mendaroko erdigunera sartzeko biaduktuaren birgaitze integrala, iazko irailetik gauzatzen ari dena, 2,1 milioi euroko aurrekontuarekin, eta aurten bertan amaituko dena. N-I errepideari dagokionez, alde batetik, Lasarte-Orian (450 KP) euste-sistemak hobetuko dira eta pantaila akustikoak jarriko dira puntu horretan. Aurrekontua 2,3 milioi eurokoa da eta helburua datorren urtean obra egin ahal izatea da. Bestalde, Andoainen 444,0931 KPko bidezubiaren egitura birgaituko da, 1,2 milioi euroko aurrekontu zenbatetsiarekin, eta hurrengo urtean ere egiteko dago.

GI-631 errepidean, Zestoatik Azpeitirako sarreran, Urola ibaiaren gaineko zubia egingo da. Lizitaziora ateratzeko dagoen proiektuak taulen ordezkapen osoa aurreikusten du. 1,8 milioi euroko aurrekontua du. Urola ibaian ere, baina Loiolan, GI-3183 errepidean, zubia berrituko da datorren urtean (0,3 milioi euroko aurrekontua). Azkenik, proiektatutako obren artean dago Legorretan Ibiurko zubia birgaitzea, GI-4521 errepidean, Oria ibaiaren gainean. Laster aterako da lizitaziora, eta, beraz, hurrengo hilabeteetan egingo da.

 

Lurraldeko pasabide-egituren segimenduari eta balorazioari dagokionez, Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu du sailak 0tik 100era bitarteko eskala erabiltzen duela ikuskatutako azpiegituren narriaduraren hedadura, larritasuna eta bilakaera neurtzeko, jarduketak lehenetsi eta indartzeko, eta konpontzeko ekintza-plan bat edo are birgaitzea ezartzeko. 40. indizetik aurrera planteatzen dira epe ertainerako esku-hartzeak, eta egoera horretan 155 egitura daude. 60. indizetik aurrera, aldiz, labur-ertainera egin behar dira jarduketak, eta hori da gaur egun 35 egituraren kasua.

Inbertsiora ekarrita, Bide Azpiegituretako departamentuak 1,1 milioi euro bideratzen ditu urtero sare nagusiko pasabide-obren mantentze arruntera, baina aurrekontu hori indartzeko edo konpontzeko esku-hartze txikietara mugatzen da, eta, horrez gain, urtean 850.000 euroko zuzkidura bideratzen da ezohiko kontserbazio-zerbitzuen kontratura eta 300.000 eurokoa ikuskapenetara. Esparru horren barruan, N-I errepidean, Legorretan, Idiazabalen, Ordizian, Ibarran, Tolosan eta Andoainen dauden zubi eta zubibideak konponduko dira aurten, eta GI-2632 errepideko biaduktua Urretxun, Ataungo GI-4153 errepideko Motasoroko zubia, GI-636 errepideko biaduktua Irungo Renferen trenbidearen gainean eta GI-2131 errepideko oinezkoentzako pasabidea Itsasondon.

  

1334