Aldundiak 350.000 euroko inbertsioa egin du Bergarako Garagune berria zabaltzeko
Aldundiak 350.000 euroko inbertsioa egin du Bergarako Garagune berria zabaltzeko
Diputatu nagusiak Garaguneko egokitze-lanak bisitatu ditu; baita tokiz aldatuko den adineko pertsonentzako zentro berriko lanak ere
Markel Olano diputatu nagusia Bergaran izan da gaur goizean. Batetik, 15 plaza izango dituen Goyeneche Fundazioaren garagune berriko egokitze-lanak bisitatu ditu, eta, bestetik, eguneko zentro berriko lanak, tokiz aldatuko baitute, adineko pertsonentzako 25 plaza izatetik 35-38 izatera pasata. Bergarako Garaguneko instalazio berriak izango direnak bisitatu eta gero (Mintegi kalean), diputatu nagusiak nabarmendu du Aldundiaren eta Goyeneche Fundazioaren helburua dela adimen urritasuna duten pertsonak “lehen mailako hiritarrak izatea, eta berdintasun egoeran bizitzea”, eta horretarako azpimarratu du ezinbestekoa dela “komunitatearen bizitzan” parte hartzea. Aldundiak 350.000 euroko inbertsioa egin duelarik, Olanok gaineratu du martxoan zabaltzekoa den Garagune berriak erabiltzaileen garapen “pertsonala eta soziala” sustatuko duela Bergaran, eta “gakoa dena”: komunitatearen bizitzan “parte hartzeko aukera emango die”.
Halaber, diputatu nagusiak adierazi dunez, baliabide honi esker jada 255 plaza eskaintzen ditu Aldundiak lurralde osoan zehar desgaitasun intelektuala duten pertsonei eguneko arreta emateko”. “Modu honetan, gainera, erabiltzaileak ez dira Arrasatera edo Eibarrera joan beharko, Bergaran bertan izango baitute Garagunea”. Eta erantsi du Aldundian “pertsonengan zentratutako” politikak egiten dituztela. “Eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan ezin da inor atzean geratu, eta pertsona guztiei aukera eman behar zaie”.
Fundación Goyeneche de San Sebastian (FGSS) 1950. urtean sortutako erakunde ongile pribatu eta irabazi asmorik gabekoa da, eta bere helburua da arreta okupazionalaren bitartez adimen urritasuna duten pertsona helduei eguneko arreta zerbitzua eskaintzea da. FGSSn 50 profesional baino gehiagok egiten dute lan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuarekin hitzartutako programen bitartez. Zentro berri hau zabaltzen denean, martxoan, jada 14 Garagune izango ditu Goyeneche Fundazioak lurralde osoan zehar, hala nola, Arrasate, Azpeitia, Donostia (Amara, Berio, Easo, Usandizaga) Eibar, Errenteria, Ibarra, Irun, Legazpi, Ordizian eta Zarautzen, gehi Pausoak zentro okupazionala Zabalegin (Donostia).
Horrez gain, Juan Ribera Goyeneche Fundazioko presidenteak nabarmendu du adimen urritasuna duten pertsona horiek komunitatean “benetan” integratu daitezen, Pertsonan Oinarritutako Plangintza hartu dutela oinarri, eta tresna “arruntak eta erabilgarriak” erabiltzen dituztela, “pertsonen talentuak eta gaitasunak ezagutzeko baliagarriak direnak, eta pertsona bakoitzaren interesak, premiak eta nahiak erakusten dizkigutenak”.
Eguneko zentro berria, maiatzerako
Bestalde, diputatu nagusiak adineko pertsonentzako eguneko zentro berria izango dena bisitatu du, bisitaldian lagun izan dituela Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Elena Lete Bergarako alkatea. Gaur egun Bonifacio Laskurain kalean dagoen eguneko zentroa lekuz aldatuko da eta Ernai kaleko eraikin batera eramango dute, beheko solairuan, Bergarako Udalak finantzatuta eta Aldundiak 50.000 euroko inbertsioa eginda altzariak jartzeko.
Aurreikusita dago eguneko zentro berria aurtengo maiatzean zabaltzea, “guztira 35-38 plaza eskainita, alegia, oraino baino 10-13 gehiago”, azpimarratu du Olanok. Horren harira, gaineratu du mendekotasuna duten adinekoak etxean jarraitzea ahalbidetzen duen arreta soziosanitarioko ereduarekin batera (% 80ak baino gehiagok etxean zaindua izatea nahi du”), eta osasun arazoen ondorioz etxean jarraitu ezin dutenerako, “beharrezkoa dela” adinekoentzako egoitza plazen “kopurua handitzea”. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaiera bitartean 369 plaza berri sortuko ditugu adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, modu progresiboan. Iaz, esaterako, 97 izango dira; aurten, aldiz, aurreikusi dugu 104 izatea”, amaitu du Olanok.
legealdiaren amaiera bitartean, Aldundiak 369 plaza berri sortuko ditu adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan
2147