Aldundiak 400.000 euro bideratuko ditu 2022an Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko
Aldundiak 400.000 euro bideratuko ditu 2022an Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko
Ekonomikoki indartu egin da produktu industrialen segurtasuna ebaluatzeko proiektuak garatzeko laguntzen lerroa.
Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programaren oinarriak onartu ditu Foru Aldundiak, eta 2022an 400.000 euro bideratuko ditu xede horretarako. Etorkizuna Eraikiz dinamikak ezarritako etorkizuneko apustuekin bat etorriz, ‘Gipuzkoa Digitala’ ekimenaren zati den programa horrek hainbat laguntza eskaintzen ditu bi helbururekin: batetik, enpresa industrialen artean zibersegurtasun neurrien ezagutza eta ezarpena hobetzea, eta, bestetik, sektorean lan egiten duten enpresen ibilbidea indartzea (horietako asko erreferenteak dira estatuan eta nazioartean), beraien hazkundea bultzatzeko eta Gipuzkoa arlo horretan lurralde aurreratu gisa finkatzen laguntzeko. Informazioa eta baldintzak apirilaren 5ean argitaratu ziren GAOn, eta eskabideak aurkezteko epea irekita dago.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak hau adierazi du: “4.0 industriaren babespean, gure enpresa industrialak aurrera egiten ari dira eraldaketa digitalaren alorrean, eta horrek eskatzen du kate-maila ahulenak identifikatzea eta prestatuta egotea izan daitezkeen zibererasoei aurre egiteko, betiere zibersegurtasunari lotutako produktu sendoen ekoizpena bermatuta, ondo blindatutako prozesuen bidez. Ekipamendu informatikoen segurtasuna ezinbestekoa da Gipuzkoak industriaren eta fabrikazio aurreratuaren erreferente izaten jarrai dezan. Gaur egungo ziurgabetasuna kontuan hartuta, badakigu gure enpresak kezkatuta daudela beraien egunerokotasunaren aurrean, baina apustu kolektiboei eutsi behar diegu, etorkizun hurbilean gure lehiakortasuna eta ongizatea bermatuko duten apustuei, eta hau horietako bat da”.
Deialdiak hiru laguntza-lerro ditu: lehenengoa, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen zibersegurtasuna indartzera bideratuta dago, eta 165.000 euro xedatuko dira horretarako. Lagunduko zaio aholkularitza espezializatua kontratatzeari, honelako lanak egiteko: hardware/softwarearen egoera eta enpresaren antolaketa-egoera diagnostikatzea zibersegurtasunari dagokionez; arlo horretako planak idaztea; eta langileak sentsibilizatu edo prestatzea. Kontuan hartzen dira hainbat alderdi, hala nola ICS ahulezien analisia, IT/OT trafikoaren analisia, ICS GAP analisiak, ICS soluzioen integrazioa, laguntza-zerbitzuak, IC teknologien monitorizazioa eta mantenua, eta ICS heldutasunaren metrikak eta adierazleak. Berrikuntza gisa, zibersegurtasun plan bat hedatzen eta gauzatzen lagunduko da. Lerro honetako eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 15ean amaituko da.
Bigarrenak izaera teknologikoa du, eta ikerketa eta garapena sustatzen ditu 100.000 euroko zuzkidurarekin. Zibersegurtasun industrialaren arloko enpresek eskura dezakete laguntza hori, bai produktu edo prozesu produktibo berrien garapen esperimentalerako, bai lehendik daudenak nabarmen hobetzeko.
Hirugarren laguntza-lerroaren zuzkidura 135.000 eurora igo da, eta produktu industrialen segurtasuna ebaluatzeko proiektuen garapena bultzatzea du helburu. Gailu industrialak garatzen eta/edo diseinatzen dituzten enpresei zuzenduta dago, diseinutik abiatuta zibersegurtasuna ezartzeko aukera izan dezaten, eta beren produktuen segurtasuna laborategi industrialetan testatzeko aukera emateko. Berrikuntza gisa, gehieneko laguntza 20.000 eurora igo da. Diputatuak esan duenez, “gero eta tresna eta prozesu gehiago daude (Cloud computing, Big data, gauzen internet...) eta, horiei esker, handitzen ari da gure enpresa industrialen barneko balio-katea ekoizteko eta egituratzeko moduaren konektagarritasun maila. Horregatik, jarraitu behar da sakontzen segurtasun teknikoko eta antolaketa-segurtasuneko neurrietan, produktu eta zerbitzuen garapenaren hasierako fasetik aurrera”.
Bigarren eta hirugarren lerroetako eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, GAOn argitaratzen direnetik hasita. Era berean, Aldundiak programaren onuradun diren enpresei aldez aurreko ordainketak egiteko aukera mantentzen du, enpresa txiki eta ertainen berrikuntza prozesuak errazteko helburuarekin. Iaz, programa horren bitartez, Aldundiak laguntzak eman zizkien 28 enpresari, hauei besteak beste: Herrekor, Laulagun, Alcad, Iditek, Egile, DanobatGroup, Goiko, Efiner, Cutting Tools, Euchner eta Titanium.
2018an abian jarritako programaren bosgarren edizioa da, eta oinarrien diseinua elkarlanean prestatu dute Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritzak eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroko talde profesionalak. ZIUR zentroak protagonismo aktiboa du lagundutako proiektuen hedapenean, horien jarraipena egiten baitu eta enpresek autodiagnostikoa egiteko metodologia eskaintzen baitu. Halaber, oinarrietan baloratu da proiektuen lankidetza, koordinazio eta lerrokatze maila ZIUR zentroak bultzatutako ekimenekin, horrela erreferentziazko zentroarekiko sinergiak eta lan partekatua sustatuz. Abian jarri zenetik bi urte baino gehiago igaro direnean, ZIUR zentroak lan egin du 500 enpresa ingururekin, elkarteekin, zibersegurtasunaren arloko eragileekin, erakunde publikoekin eta ikasketa zentroekin.
2473