Aldundiak 925.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako enpresetan mugikortasun berria sustatzera
Aldundiak 925.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako enpresetan mugikortasun berria sustatzera
‘Smart Mobility Industry’ programako laguntzei esker, iaz 15 proiektu babestu ziren.
Foru Aldundiak "Smart Mobility Industry" programari dagozkion laguntzak jarri ditu abian, Gipuzkoan mugikortasun berriaren sektorea sustatzeko, eta 2022an 925.000 euro bideratuko dira laguntza horietara. Programak, indartze-aldaketak barne, lurraldeko ekonomia-ehunaren eraldaketa bultzatzea du helburu, eta, horretarako, mugikortasun berriarekin lotutako negozio-nitxo berrietara bideratuko du bere jarduera; zehazki, elektromugikortasunarekin, karga-azpiegiturarekin eta gidatze autonomoarekin lotutakora, lehendik dagoen enpresa-ehunari lagunduz eta haren dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuz, erronka eta premia berriei aurre egiteko. Informazioa eta baldintzak joan den apirilaren 1eko GAOn argitaratu ziren, eta eskaerak aurkezteko epea ireki zen. Epea 40 egun naturalekoa izango da, egun horretatik aurrera.
Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak azaldu duenez, programak hiru laguntza lerro ditu. Lehenengoa 300.000 eurokoa da, eta mugikortasun berriarekin lotutako erakustaldi teknologikoko proiektu pilotuak bultzatzen ditu. Kasu horretan, laguntzen gehieneko ehunekoa proiektuen kostuaren %80ra arte handituko da. Bigarren ildoak, iaz onartu zenak, hausnarketa estrategikoko, negozioaren birorientazioko, dibertsifikazioko, eraldaketa digitaleko, lehiakortasun hobekuntzako edo enpresako edozein prozesu berrantolatzeko proiektuak babesten ditu. ETEei zuzenduta dago eta 162.500 euroko aurrekontua du. Laguntzaren gehieneko ehunekoa %80rainokoa izango da irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan, eta enpresen kasuan aplikatu beharreko gehieneko diru-laguntzak %75ekoa izango dira enpresa txikietan eta %60koa ertainetan, eta 25.000 euroraino igo da banakako proiektuetarako gehieneko zenbatekoa.
Azkenik, hirugarren ildoa berrikuntza teknologikora bideratuta dago, guztira 462.500 euroko zuzkidurarekin. Ildo horrek berrikuntza teknologikoko proiektuak bultzatzen ditu, produktu edo prozesu produktibo berriak sortzeko edo nabarmen hobetzeko, MUBIL estrategiak mugikortasun berriaren eremuan zehaztutako eremuekin lerrokatuta –elektromugikortasuna, karga azpiegitura eta gidatze autonomoa–.
Hain zuzen ere, oinarrietan balioesten da Mubil Mugikortasun Adimenduneko eta Iraunkorreko Zentroak bultzatutako ekimenekin proiektuak zenbateraino dauden lankidetzan, koordinatuta eta lerrokatuta. Horrela, gaur egun Tolosan dagoen poloarekin sinergiak eta lan partekatua bultzatzen dira. Neurri horrekin, proiektuak definitzeko, hedatzeko edo horien jarraipena egiteko zentroaren gaitasunak eta ezagutza maximizatu nahi dira.
Mantentzen den beste aldaketa bat da Aldundiak aurreikusten duela programaren onuradun diren enpresei ordainketa aurreratuak egitea, ETEetan berrikuntza prozesuak errazteko. Prozesu horietako asko enpresaren barne baliabideekin finantzatzen dira, eta horrek kasu askotan berrikuntzaren norainokoa mugatzen du, itzulera ekonomiko seguruagoa eta hurbilagoa duten beste barne proiektu batzuen aurka lehiatu behar baita. Joera hori areagotu daiteke egungo krisiak eragindako likidezia faltagatik. “Laguntzak aurreratuta, egungo egoerari aurre egiten diogu, eta ahalbidetzen dugu enpresetako lantaldeek ahaleginak bideratu ahal izatea alderdi teknologikoetara, eta ez baliabideak erakartzeko izapide finantzario edo burokratikoetara”, adierazi du Larrañagak.
Iaz, deialdi honen bidez, 15 proiektu gauzatu ziren (9 banakakoak eta 6 lankidetzakoak), eta guztira 24 enpresa, ikerketa zentro eta erakundek parte hartu zuten: IBIL, Irizar, Gureak, Cidetec, Maser, Jema Energy, CTSS, KL Katea Legaia, Ulma, Oribay, Ecomagnet, Lanbi, LHII Usurbil edo Moov drives. Hauek izan ziren proiektuetako batzuk: birkarga ultraazkarreko estazioetarako bateria erabiliekin biltegiratzea, mugikortasun elektrikoaren sektoreari aplikatutako digitalizazioa, edo hiri autobusetarako birkarga sistema aurreratua garatzea.
Diputatuak azpimarratu du egungo egoerak, alegia, “energiaren eta erregaiaren garestitzeak, gogorarazten digula indar handiagoz prestatu behar dugula egoera berri baterako. Mugikortasuna lehendik ere konektibitateak, ibilgailu autonomoak eta klima-aldaketaren aurreko deskarbonizazioak markatutako iraultzan murgilduta zegoen jada, eta bizi dugun egoeraren ondorioz, lurralde gisa egokitzeko eta indartzeko aukera emango diguten eraldaketak bizkortu behar ditugu. Automobilgintzarekin eta, oro har, mugikortasunarekin lotutako enpresa asko ditugu Gipuzkoan. Aldaketa horiek erronka berriak dakartzate, baina baita aukera berriak ere, eta zenbat eta lehenago aprobetxatu, orduan eta hobeto kokatuko gara, eta handiagoa izango da gizarte guztiarentzako onura”.
Hala, egungo egoeraren inpaktua arintzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua indartzeko jarduerak bateragarri egiteko eskatu du, “etorkizuneko ekonomia eraikitzea ahalbidetuko diguten proiektu estrategikoei bultzada berezia emanez, eta hori ezin dugu alde batera utzi. Lurralde industriala gara eta industriaren eraldaketa lehiakorraren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu espezializazio adimendunaren bidez, Gipuzkoa erreferentzia den eremuak indartuz. Puntako I+G+b zentroak eta mugikortasunarekin lotutako enpresa ugari ditugu, eta lehiakortasun-paradigma berrietarako bilakaeran lagundu nahi diegu, egindako aurrerapenen ikerketa eta ezarpena sustatuz eta oinarri teknologikoko negozio-eredu berriak sortuz”.
2414