Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak A-15eko tunelak berritzen jarraituko du, COVID-19 izan arren

Aldundiak A-15eko tunelak berritzen jarraituko du, COVID-19 izan arren

Aintzane Oiarbide: "Egoera honek gure aurrekontuan gauzatze-egokitzapenak egitera behartu gaitu, baina beti bide-segurtasuna mantenduz”.

Aintzane Oarbide Bide Azpiegituretako diputatuak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, COVID-19ak 2020ko aurrekontuan izango dituen ondorioen eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren 2021erako aurreikuspenen berri emateko. Oiarbidek adierazi duenez, nahiz eta azken hilabeteetan egoera aldatu den, bide segurtasunak sailaren lehentasuna izaten jarraituko du. "Konfinamenduan, lizitazioen eta proiektuen esleipenen administrazio-epeak eten ziren, eta, ondorioz, zenbait proiektuk atzerapenak izan dituzte, eta 2021ean berreskuratuko ditugu. Hori da Belabietako tunelen eta bide-zoruen kontratuen kasua ", zehaztu du Aintzane Oiarbidek. "Belabietako obrak urrian eta azaroan lizitatuko dira, tramitazio aurreratuarekin, urtarrilean, otsailean, obra ez egiteko, neguko errepideetako hilabeterik txarrenak baitira", zehaztu du.

Diputatuak azaldu duenez, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, erabaki garrantzitsuak hartu behar izan dira, besteak beste, 27 Poligonorako sarbide berria atzeratzea, "Oraingoz atzeratzea erabaki dugun inbertsio bakarra GI-2132 errepidea 27 Poligonoarekin lotzeko obra izan da", Oiarbidek aurreratu duenez. Lizitatu ezin izan diren bide-zoruak konpontzeko eta birgaitzeko kontratuei dagokienez, diputatuak adierazi duenez, "Bi hilabeteko geldialdiagatik ezin izan ditugu bide-zoruak birgaitzeko hainbat proiektu atera, epeka iritsi ez direlako, eta udan nahitaez egin beharreko lanak direlako; beraz, datorren udan egingo dira", argitu du Oiarbidek.

Agerraldia amaitzeko, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lehentasuna dela errepide sarea egoera onean mantentzea, eta ildo horretan lan egiten jarraituko duela. "COVID-19ak sortutako krisiak guztioi eragingo digu eta ezingo dugu urte hasieran aurreikusi genuen guztia egin. Guk erabaki dugu gure errepideetako mantentzeari eta segurtasunari lehentasuna ematea eraikuntza berriei baino. Baina gure asmoa aurreikusitako obra guztiak egoera hobetu bezain laster berriro martxan jartzea da ", esan du Aintzane Oiarbidek.

  

1818