Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak adimen desgaitasuna duten adingabe eta gazteentzako atseden zerbitzua zabaldu du

Aldundiak adimen desgaitasuna duten adingabe eta gazteentzako atseden zerbitzua zabaldu du

Pandemiak sortutako behar berriei erantzuteko, Aldundiak, Uliazpiren bitartez, beste baliabide bat ireki du asteburuetarako eta oporraldietarako.

Gaur goizean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Donostiako Loiolako Erriberak auzoan kotatutako atseden-baliabide berria bisitatu dute, adimen eta garapen desgaitasuna duten adingabeei eta gazteei zuzendutakoa. Beraiekin izan da Arantza Aguiriano Uliazpi Fundazioko gerentea, eta bertatik bertara ezagutu dituzte instalazio berria eta desgaitasuna duten adingabe eta gazteei eta haien familiei eskaintzen zaien zerbitzua.

Unitate independentea da, eta aldi baterako egonaldiak eskaintzen ditu asteburuetan eta oporraldietan. "Atseden hartzeko egonaldiak oso beharrezkoak dira bai gazteentzat, bai haien familientzat, kontuan hartu behar baita COVID-19ak eragindako errealitate berrira egokitu behar izan direla”, azaldu du diputatu nagusiak. Pandemia agertu aurretik, Uliazpik zerbitzu hori eskaintzen zuen Ulitxiki eta Villa Josetxo baliabideetan, baina "pandemiaren eta ezarritako osasun-protokoloak betetzeko beharraren ondorioz, oso zaila izan da zerbitzu hori mantentzea, sektorizazioengatik eta sortu behar izan diren elkarbizitzarako burbuilengatik".

Joan den martxoaz geroztik, ordea, aipatutako zailtasunak gainditzeko asmoz, atseden-programara soilik zuzendutako etxebizitza espezifiko bat prestatu da, 20 familiaren beharrei erantzuteko, astebururo 3 eta 4 adingabe eta gaztek osatutako taldeak hartzeko. "Familiek eskatzen eta asko estimatzen duten zerbitzua da, behar duten babesa eta atsedena ematen dielako", azaldu du Olanok. Halaber, diputatuak gaineratu duenez, behin ikasturtea amaituta, oporraldi luzeagoak antolatuko dituzte familiei atsedena ematen jarraitzeko.

Uliazpik 2009az geroztik eskaintzen du atseden-zerbitzua eta, 2019an, 17 familiak jaso zuten zerbitzu hori; guztira, 320 egonaldi egin ziren. Aldundiak eta Uliazpik, beraz, familien beharrei erantzuteko, unitate independente berri bat ireki dute Loiolako Erriberak auzoan, atseden zerbitzua berreskuratzeko, "COVID-19ak eragindako egoerak eskatzen dituen osasun berme guztiekin".

Bisitan zehar, diputatu nagusiak adierazi du Uliazpik "berrasmatu" egin duela atseden-zerbitzua, "familien eta adimen desgaitasuna duten adingabeen eta gazteen beharrei egokiago erantzuteko". Eta gaineratu duenez, "Uliazpin ematen den arreta, Gipuzkoako gizarte ereduaren egiteko moduaren adibide argia da: pertsona ardatz duen arreta, haren profila, adina edo beharra edozein dela ere". “Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sistema osoa, langileak buru dituela, onena ematen ari da pandemiak gure gizarteko kolektibo zaurgarrienetan eta haien familietan eragin dituen ondorioak arintzeko, Uliazpik gaitutako baliabide berri horrek agerian uzten duen bezala. Lanean jarraituko dugu ahalegin horretan, datozen hilabeteetan sor daitezkeen premiei aurre egiteko", berretsi du diputatu nagusiak.

Bestalde, Arantza Aguirianok azaldu du gora egiten ari dela adingabeentzako eta gazteentzako etxebizitza-zerbitzuen eskaria eta, batez ere, aldi baterako edo atsedenerako egonaldien eskaria eta, horren ondorioz, Uliazpik eskaintzen dituen zerbitzuak aldatu egin direla, sortzen ari diren behar berriei erantzun "ezin hobea" emateko.

30 urtetik gora adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzen

Uliazpi Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikita dago, eta 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan adimen desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei "erantzun integral eta pertsonalizatua" ematen, eraginkortasunaren eta berrikuntzaren ikuspegitik. Uliazpiren erabiltzaileek adimen desgaitasuna eta laguntza premiak dituzte ezaugarritzat. Gainera, erabiltzaileek beste nahasmendu eta/edo arazo batzuk ere izan ditzakete, hala nola espektro autistaren nahasmenduak, desgaitasun sentsorialak, arazo motorrak, buru-nahasmenduak, osasun-arazoak, eta abar.

Nahiz eta Uliazpi 1989an sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomo gisa, Aguirianok zehaztu du adimen desgaitasuna duten pertsonentzako zerbitzuak eta arreta 60ko hamarkadan hasi zirela Gipuzkoan, adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde borrokatzeko elkartu zen familia-talde baten eskutik, gaur egun Atzegi denaren eskutik.

Egun, Uliazpi Fundazioak kudeatzen dituen sei zentroetan, Zizurkilen, Hondarribian, Bergaran, Eibarren eta bi Donostian, 380 erabiltzaileri eta familiari ematen zaie arreta, eta 223 etxebizitza-plaza eta eguneko arretarako 299 plaza ditu.

  

2049