Aldundiak Amute-Jaizubia bidegorria inauguratu du Hondarribian Ederbidea proiektu mugakidearen barruan
Aldundiak Amute-Jaizubia bidegorria inauguratu du Hondarribian Ederbidea proiektu mugakidearen barruan
Aldundiak Amute-Jaizubia bidegorria inauguratu du Hondarribian Ederbidea proiektu mugakidearen barruan
Txirrindularien eta oinezkoen bidea erabilgarri dago jada herritarrentzat, 1,4 kilometroko tartea du eta txirrindularien eta oinezkoen kontaketa-estazio bat izango du, baita totem bat ere erremintekin, gerta daitezkeen matxuretarako. Bidegorriak 1,2 milioi euroko kostua izan du.
Gaur goizean ireki da jendearentzat Jaizubia-Amute bidegorria, Hondarribian, Ederbidea Europako proiektu mugakidearen barruan sartzen dena. Txirrindularien eta oinezkoen bide honek ‒1.385 metro luze‒ lotu egiten ditu Hondarribiko Amute auzoa eta Bidasoa Ospitalerako sarbideko biribilgunea, eta nabarmen hobetuko du Bidasoaldeko txirrindularien mugikortasuna. Bere trazatua paraleloan doa GI-636 eta GI-638 errepideetako ezkerraldetik, eta 1,2 milioi eurokoa izan da bere exekuzio-kostua.
Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak inauguratu dute bidegorria, Ederbidea proiektu mugakideko beste kide batzuekin batera. Izan ere, Nafarroako Gobernuarekin eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluarekin partekatutako proiektua da, Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik eta Pirinio Atlantikoetako Gobernuko Mugikortasuneko arduradun Sabine Etcheverryk ordezkatuta. Bertan izan dira baita ere Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu eta Bidasoa Bizirik sozietateko presidente Miguel Ángel Páez.
Marisol Garmendiak adierazi bezala, “bidegorri hau, Bidasoaldeko herritarren eguneroko mugikortasunerako onuragarria eta baliagarria izateaz gain, eta mugikortasun jasangarria eta osasungarria indartzeaz gain, Gipuzkoari dagokion bide-zati bat da Ederbidea proiektu mugakidearen barruan, bidegorrien bitartez Donostiarekin eta Iruñearekin lotuko duena Baiona. Hiru erakundek partekatutako ekimen mugakide honetan bere konpromisoak bete ditu Gipuzkoak, bide-zati berri honekin ekarpen bat egitean txirrindularientzat eta oinezkoentzat, Bidasoaren bi aldeetan”.
Bidegorri berria txirrindularien eta oinezkoen bide bat da eta 4 metroko zabalera du; beraz, beharrezkoa izan da bi errepideetako marjina zabaltzea eta inguruan dauden erreten txikiak salbatzea. Gainera, txirrindularien eta oinezkoen kontaketa-estazio bat ipini da, egunero neurtuko duena bidegorriaren erabiltzaileen kopurua, txirrindulari nahiz oinezkoena. Bestalde, txirrindularientzat, totem bat jarri da bizikletan izan ditzaketen matxurak konpondu ahal izateko erremintekin.
Bide-zati hau Ederbidea proiektu mugakidearen barruan sartzen da; Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak partekatutako proiektu bat da; 9,4 milioi eurokoa da bere guztizko aurrekontua eta % 65eko finantzaketa du FEDER Europako fondoen bitartez.
“Bizikletaren erabilera bultzatu eta indartuko duten politikak abian jartzea da Ederbidea proiektuaren helburua, bai aisiarako, bai turismorako, bai eguneroko lekualdaketak egiteko”, gogora ekarri du Marisol Garmendiak. “Proiektu honen helburu nagusia da Baiona-Donostia-Iruñea bidegorrien bitartez lotzea: 240 kilometroko tartea guztira, eta erdia baino gehiago eraikita dago jada. Garrantzizko proiektu hau beste bi lurralderekin partekatzen dugu: Nafarroarekin eta Akitaniarekin. Hala, baterako lan bat da, handia eta oso aberasgarria, bizikletaren erabileraren eta mugaz gaindiko mugikortasun jasangarriaren alde”.
2086