Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak babesa eskaini die Iparraldeko Mankomunitateari eta haren lehen presidenteari

Aldundiak babesa eskaini die Iparraldeko Mankomunitateari eta haren lehen presidenteari

Imanol Lasa foru bozeramaileak historikotzat jo du gaurko eguna, eta lankidetzarako borondatea agertu dio Jean-René Etchegarayri

2017/01/22
Imanol Lasa Jean-René Etchegaray

Iparraldeko Mankomunitateko lehen lehendakariaren hautaketa ekitaldian izan da gaur Gipuzkoako Foru Aldundia. Pasa den urtarrilaren 1ean eratu zenetik erakunde honek ospatzen duen lehen topaketan, Jean René Etchegaray aukeratu dute presidente. Imanol Lasa foru bozeramaileak, eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendariak, babesa eta lankidetzarako borondatea adierazi diote bertatik bertara Etchegarayri, zorte ona opa diete erakunde berriaren arduradun eta kideei, eta zorionak eman diezkiete Iparraldeko herritarrei gipuzkoar guztion izenean, haientzat “egun historikoa” dela argudiatuta: “Frantziako Errepublikako lehen euskal erakundea da gaur martxan jarri dena”. 

Aldundiak Mankomunitatearen sorrera “ilusio handiz” hartzen duela azpimarratu du Lasak, “hainbeste urtetan, bai Euskal Eurohiriaren baitan eta beste kooperazio ekintzen bidez, mugaz gaindiko elkarlanaren esparruan egindako lan oparoarentzat benetako bultzadatzat” jo daitekeelakoan. “Aldi berean, gaur egungo modeloaren inguruan gogoeta aro baten aurrean ezartzen gaitu bi erakundeok, lankidetzarako organuen eraketari eragiten diolako, baina seguru gaude aukera berriak ekarriko dituela, bai Eurohiriaren proiektua indartzeko, eta baita bestelako egitasmoak abiarazteko, partekatzen ditugun eskumenetan oinarrituta”, azaldu du.

Ildo horretan, Lasak iragarri du kontaktuak hasi dituela Mankomunitateko arduradun berriekin lankidetzaren inguruan “hausnarketarako foro bat irekitzeko”, eta bere asmoa dela horretarako lehenbailehen hitzordua finkatzea Etchegarayrekin. Halaber, begi onez hartu du erakunde berriak “euskara eta euskal kultura”, eta “bakegintza” indartzeko hartutako konpromisoa: “Herri gisa batzen gaituzten elementuak sendotzeko eta loturak estutzeko aukera bikain baten aurrean gaude”.

Foru bozeramaileak gogorarazi duenez, Iparraldeko herritarrak “aspalditik” ari dira aitortza politiko-administratiboa aldarrikatzen. Pozik agertu da, azken urteetan zehar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak egindako “sukalde eta kontsentsu lan bikainak” fruitua eman duelako. “Ezin dugu ahaztu, euskaldun bezala, eta mugaren bi aldetan gauden herri bezala, herri honen instituzionalizazio prozesuari begira, sekulako egitate historiko bat adierazten duela, Estatu Frantziarrak Ipar Euskalerriari, errealitate politiko administratibo izaeraren aitortze honek”, esan du. 

Entitate eta esparru politiko, administratibo eta juridikoak “errealitate bizia” direla, eta “herritarren borondateari eta nortasunari” egokitu behar zaizkiela gaineratu du, eta Elkargoaren sorrera aurrerapausotzat jo du ildo horretan, argi utziz oraindik “asko dagoela egiteko”.

Mankomunitate berriak Iparralden orain arte zeuden 10 interkomunalitateak elkartzen ditu Communauté Pays Basque (CPB) izenpean. Eremu honetan 300.000 biztanle daude, 158 udalerritan banatuta, eta hauetatik %70 erakunde berriaren eraketaren alde agertu ziren. Erakundea osatzen dute 69 kide dituen kontseiluak, udalerri arteko organoak eta organo exekutiboak. Hauek ere gaurko hitzorduan izan dira aukeratuak.

  

1798