Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak baliabide guztiak aktibatu zituen otsailaren 28ko ezohiko elurteari aurre egiteko

Aldundiak baliabide guztiak aktibatu zituen otsailaren 28ko ezohiko elurteari aurre egiteko

Aintzane Oiarbide: “2012an diseinatu zen Neguko Planaren azterketa egiten ari gara elurte handietan zerbitzua egokitzeko eta plangintza hobetzeko”

2018/03/23

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak otsailaren 28ko elurteak Gipuzkoako errepideetan eragindako arazoen inguruko azalpenak eman ditu gaur Batzar Nagusien aurrean. Diputatuak azaldu duenez, alerta laranja aktibatu zuen Jaurlaritzak eta egoera horri zegozkion baliabide guztiak jarri ziren. “2012tik indarrean dagoen Neguko Planean ordea, elurte handiak egiten dituenerako batez ere,  egokitzapenak egitea aztertzen ari da Bide Azpiegituretako Departamentua. Baliabide nahikoak ditugula uste dugu, baina beste modu batera kudeatu eta osatu beharko ditugu, batez ere elurra itsas mailara egiten iristen denean ”, azaldu du Oiarbidek.

Joan zen otsailaren 28rako elurra eta hotza zegoen iragarrita. Siberiatik zetorren aire masa hotzak eta oso lehorrak Tropikoz azpiko ekaitz batekin topo egingo zuela aurreikusita zegoen. “Ez zen ohiko elurtea izan otsailaren azken egunean izan genuena; horren adierazgarri, 4 ordu eskasetan 15 zentimetroko elur geruza pilatu izana kostaldean. Horrelakorik ez da ikusi azken 22 urteetan. Gainera, errepide zorua lehorra zegoen, beraz, elurra errazago itsatsi zen”, argitu du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gehitu du, aurrez neurriak hartu arren, arazoak izan zirela elur kantitate handiagatik kostako zonalde batzuetan.

Aintzane Oiarbidek adierazi du elurrari auto istripuak gehitu zitzaizkiola eta azken hauek eragin zituztela arazo gehienak. A-15ean, Urumeako autobidean, bi noranzkoetan auto istripuak egon ziren eta garabiek eta ertzaintzak arazoak izan zituzten bertara iristeko, eta zer esanik ez elurra kentzeko makinek, ezkerreko erreiak ere ibilgailuz beteta zeudelako. “Erakundeek pedagogía gehiago egin beharko dugu gizarteak ere neurriak hartu ditzan ezohiko egoera hauetan, eta ezkerreko erreia libre uzteko gomendioa errespetatu behar dugu”, esan du Oiarbide diputatuak.

Agerraldian, ibilgailuen artean harrapatuta gelditutako elurra kentzeko makinen argazkiak eta erabat elurtutako ezkerreko erreietik aurreratzen doazen ibilgailuen irudiak erakutsi dira. Gizartea kontzientziatu behar da. Horrelako eguraldiarekin ezin dugu espero errepidea beti bezala egotea. Eta amaitu du esanez guztiok ikasi behar dugula horrelako egoeretatik; administrazioaren kasuan, ditugun baliabideak egokitzen eta, gidarien aldetik, eguraldiak eta egoerak eskatzen duen moduan gidatzen.

  

1462