Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak bat egin du ‘Irrisarri’ ekimenarekin, erabilera bakarreko kafe edalontzien berrerabilpena bultzatzeko

Aldundiak bat egin du ‘Irrisarri’ ekimenarekin, erabilera bakarreko kafe edalontzien berrerabilpena bultzatzeko

Gipuzkoa Turismoa eta Ostalaritza Gipuzkoa elkarteek ekimen hori zabaltzeko laguntza emango dute eta, horrela, 3.000 edalontzi berri banatuko dira Gipuzkoako 100 establezimendu baino gehiagotan.

Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartu du, Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkartearekin eta ‘Irrisarri’ enpresarekin adostutako elkarlaneko akordio baten bidez. Duela urtebetez geroztik, aipatutako ekimenaren bitartez, taberna eta kafetegietan erabilera bakarreko edalontzien erabilera murriztearen aldeko apustua egin da, eta orain, erakundearen eta Gipuzkoako Ostalaritzaren ekarpenari esker, 3.000 edalontzi berrerabilgarri ekoiztu dira Gipuzkoan bananduta dauden establezimendu gehiagotara iristeko.

Funtzionamendua gordailu-zerbitzu batean oinarritzen da. Sistemara atxikitako establezimenduren batean kafe bat eskatzean, bezeroari edalontziagatik 2 euro gehiago ordaintzeko aukera ematen zaio; horrela, edaria kontsumitu ondoren, ontzia zerbitzu hori eskaintzen duen edozein establezimendutan itzuli ahal izango da, eta, horrela, jarritako fidantza berreskuratzen da.

Iker Goiria Turismoko zuzendariak azaldu duenez, “bereziki pozten gaitu ekimen honek, beste aurrerapauso bat baita Gipuzkoaren irudia eraldatzeko, jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen lurralde gisa”. “Milaka turistak bisitatzen gaituzte urtero, bai kostaldean, bai gero eta gehiago barrualdean, eta ostalaritzako lokalak baliabide paregabeak dira gure nortasuna eta gure balioak transmititzeko”, erantsi du. Gainera, Goiriak gogorarazi duenez, legealdi honetako plan estrategikoaren eta BEGIKA ereduaren ildoen barruan, jasangarritasuna funtsezko lan-esparrua da balio turistiko gisa lurraldeak duen etorkizunari begira, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak ahaztu gabe; izan ere, ekimen horrek hamaika, hamabi eta hamahiru helburuak betetzen ditu: hiri eta komunitate jasangarriak, ekoizpena eta kontsumo arduratsuak, eta klimaren aldeko ekintza, hurrenez hurren.

Bestalde, Kino Martinezek, Gipuzkoa Ostalaritzako idazkari nagusiak, hau azpimarratu du: “Pandemiak ostalaritzako bezeroen kontsumitzeko moduak aldatu ditu. Aldi horretan ostalaritzan ezarri diren murrizketak direla eta, erosketa etxera eramateko zerbitzua (delivery) funtsezkoa izan da sektoreko negozio askoren jarduerari eusteko”. Martinezek adierazi duenez, jarduera ildo berri horren ondorioz, “erabilera bakarreko ontzien hazkunde esponentziala egon da, bereziki plastikozko edalontziena, eta egoera hori jasanezina da denboran zehar mantentzeko, hondakin kopuru handia eragiten baitu”.

Gainera, gogorarazi du, uztailaren 3an, erabilera bakarreko plastikoak debekatzeari buruzko Europako araudia sartu zela indarrean Europan. “Arau hori oraindik gure lurraldean indarrean sartu ez bada ere, kontsumo sistema berrira egokitu behar dugu. Horregatik, ontzien berrerabilpenaren sustapenean aitzindari izateko asmoz eta araudi berriaren aplikazioari aurrea hartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzarekin batera, ‘Irrisarri’-ko baso berrerabilgarriak sustatu nahi izan ditugu”, gaineratu du.

Azkenik, Ander Alvarezek, ‘Irrisarri’ ekimenaren sortzaile eta proiektuaren sustatzaileak, eskerrak eman dizkie Aldundiari eta Gipuzkoako Ostalaritzari ekimena zabaltzeko ahaleginean parte hartzeagatik. “Horrelako laguntzak funtsezkoak dira proiektu hau sendotzeko eta nabariagoa izateko. Hasiera-hasieratik, konpromisoa eta lankidetza erabatekoak izan dira”, esan du. “Dagoeneko Gipuzkoan 100 establezimenduk baino gehiagok parte hartzen dute ekimenean, eta bultzada honekin espero dugu beste horrenbeste edo gehiago elkartzea; izan ere, gure helburua da orain arte ‘Irisarri’ ekimenari esker erabili ez ditugun 13.000 edalontziren muga gainditzea”, azpimarratu du Elgoibarko ekintzaileak. Edalontzi berriak Donostiako establezimenduetan banatzeko ‘Txita’ bizikleta erabili da, haren sustatzaile den hiri-mugikortasuneko enpresaren lankidetza izan baitugu, kanpainaren izaera jasangarria indartzeko xedez.

Establezimenduen zerrenda osoa www.irrisarri.eu webgunean dago eskuragarri, eta sistema martxan dago gaurtik aurrera.

  

1536