Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak bere europar estrategia partekatuko du udal, mankomunitate eta garapen agentziekin

Aldundiak bere europar estrategia partekatuko du udal, mankomunitate eta garapen agentziekin

Tokiko entitateei laguntza emango die funtsak eskuratzeko, sareetan parte hartzeko eta Europako eremuan aliantzak ezartzeko.

Aldundiak  “Gipuzkoa Indartuz” I. Workshop-a antolatu du gaur eta, bertan, bere europar estrategiaren berri eman die Gipuzkoako udal, mankomunitate eta garapen agentzietako 40 ordezkari baino gehiagori. Topaketa horren helburua da tokiko entitateak kontzientziatzea Europara irekitzeak duen garrantziaz eta, halaber, egun dauden aukerei buruzko informazioa ematea, bai proiektuak finantzatzeko eta baita  lankidetzarako sareetan parte hatzeko ere, batez ere interes handiko proiektuetan. Aldundiak zuzenean ezagutu ahal izan ditu kanpoko proiekzioari begira udalek dituzten beharrak, lehentasunak eta erronkak. “Honek nahiko irudi zehatza ematen digu eta, ondorioz, europar estrategia bateratua garatu ahal izango dugu”, esan du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak.

Horrela, Europako Zuzenbide irakasle, Eurobask-eko idazkari nagusi, eta Europako Mugimenduaren Euskal Batzordearen kide den Joxerramon Bengoetxeak “EBa, Gipuzkoarentzako etorkizun agertokia” izenburua duen hitzaldia eman du. Ondoren, Kanpoko Harremanetako idazkaritza teknikoko Iñigo Alvarez de Eulatek Aldundiaren europar estrategia, ‘Gipuzkoa Indartuz’, aurkeztu die bertaratutakoei. Azkenik, dinamika parte-hartzaile bat antolatu da mahaien artean, esperientziak trukatzeko, eztabaida sortzeko eta lan proposamenak egiteko.

Workshop-aren ondorioak baliagarriak izango dira Aldundiak abian jarri duen Bulego Birtualaren zerbitzuak eta egitura zehazteko; hain zuzen ere, bulego horren bidez proiektuetarako (programak, funtsak…) kofinantzazioa bilatzeko  dauden  aukeren eta erronken informazioa eta laguntza eman nahi zaizkie udalei eta eskualdeei, eta baita Europako beste eskualde eta udalerriekin elkarlan esparruak finkatzeko dauden aukeren berri ere. “Proiektuen baterako finantzaketa, Europako elkarteetan eta nazioz gaindiko sareetan parte-hartzea, esperientzien eta ‘know how ‘delakoaren trukeak, …hori da udalek eta garapen agentziek ezagutu behar duten eszenatokia; bertan moldatzen jakin behar dute, dauden abaguneei etekin guztia ateratzeko” adierazi du Lasak.

 

  

1538