Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak dei egin die herritarrei, San Joan gaueko ospakizunetan kontu handiz ibili daitezen

Aldundiak dei egin die herritarrei, San Joan gaueko ospakizunetan kontu handiz ibili daitezen

Imanol Lasa diputatuak prebentzioa eta sen ona aldarrikatu ditu, jaiaz gertakaririk gabe gozatu ahal izateko

2018/06/21

Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin nahi die herritar guztiei, eta, bereziki, jaiak antolatuko dituzten elkarte eta arduradunei, San Joan gaueko ospakizunetan kontu handiz jardun daitezen eta istripuak edo gertakariak saihesteko neurriak har ditzaten. Gainera, eskatu die bertan egongo diren babes zibileko arduradunen gomendioak, eta honako hauek jarraitzeko:

-Ez egin surik sutea hedatzeko arriskua sor dezaketen elementuetatik gertu, hala nola autoak, eraikinak, beirateak, gas hoditeria, argindar lineak, edukiontziak, landaredia, eta abar.

-Suaren ingurua garbi mantendu, hedatzea saihesteko.

-Sua egiteko, ez egin 4 metrotik gorako pilarik.

-Ez piztu surik haizeak gogor jotzen badu.

-Ez erabili likido sukoirik sua pizteko (gasolina, disolbatzaileak, alkohola, eta abar). Horrelakoen ordez, erabili papera edo lasto lehorra sua errazago pizteko.

-Ez erabili pisu arineko erregairik, haizeak mugitu egin baititzake: paperak, oihalak, plastiko txirbilak, konfetiak eta horrelakoak.

-Ez bota sutara edo su ingurura pirotekniako elementurik, ezta esprai, ontzi, lata, pneumatiko, zabor edo plastikorik ere -ke toxikoa eragin dezakete-.

-Itxita eduki sua egiten den lekutik gertu dauden eraikinetako leiho eta balkoiak, txinpartak etxebizitzetara sar ez daitezen.

-Gainbegiratu suaren inguruan egon daitezkeen haurrak; hala ere, sua heldu batek zainduko du beti.

-Utzi segurtasun tartea suaren inguruan, eta kontrolatu jendea gehiegi hurbildu ez dadin eta gainetik salto egin ez dezan.

-Prebentzio neurri gisa, prest eduki su-itzalgailu bat edo mahuka bat.

-Joan aurretik, ziurtatu su geldorik edo txingarrik ez dela geratzen. Estali errautsak hareaz edo lurrez. Zure erantzukizuna da sua ondo itzaltzea.

-Gertakari edo larrialdiren bat gertatuz gero, deitu 112 telefonora (sos deiak).

Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak azpimarratu duenez, bere departamentuaren ardurapekoa baita suhiltzaileen foru zerbitzua, prebentzioa eta sen ona «behar beharrezkoak dira guztiok San Joan gaua bezalako ospakizun berezi batez inolako istripu edo gertakaririk gabe gozatu ahal izateko».

Su artifizialak botako dituzten herrietan –Tolosa eta Arrasate- erreten berezi bat egongo da, indarrean dagoen legedian hala xedatzen baita. Gainera, Gipuzkoako 8 suhiltzaile etxeak «alerta eta irteteko prest» egongo dira.  Diputatuak kontu handiz jokatzeko eskatu du, batez ere zuhaitzak dauden eremuetan, edo hiri periferiako eremuetan; izan ere, urtearen lehen hilabeteetan euri asko egin duenez, landaredia asko hazi da, eta oso hostotsu eta dentsoa da une hauetan.

Suhiltzaileen foru zerbitzutik gogorarazi dute oso garrantzitsua dela, behin jaia amaitu ondoren, txingarrak ondo itzali direla ziurtatzea, sua berpizteko aukerarik egon ez dadin. Suhiltzaileek adierazi dute jendea lasaitu egiten dela sua itzalita dagoela pentsatzen dutenean, baina askotan istripuak orduantxe gertatzen direla, sugarrik ez baina oraindik su geldoa dagoenean, berriro piztu edo hedatzeko arriskuarekin.

Iaz zortzi esku-hartzetan parte hartu zuten foru suhiltzaileek San Joan gauean, larriak izatera iritsi ez ziren sute txikiengatik, edo suak eta txingorrak itzaltzen laguntzeko. Lasak adierazi duenez, oro har arduratsu jarduten da jendea, baina azpimarratu du oso garrantzitsua dela goian aipatu diren aholkuei kasu egitea, eta, bereziki, ez erabiltzea inoiz likido sukoirik, duela hiru urte Zarautzen (zauritu bat) eta Pasaian (bost zauritu) gertatu zirenak bezalako istripuak berriro gerta ez daitezen, edo 2013an Saguesen (Donostia) izandako sustoa -leherketa bat egon zen gas sukoiak erabili zirelako- bezalakoak saihesteko.
  

1834