Aldundiak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak Tolosaldeko Inauterietan gaueko autobusak erabiltzeko aukera baztertu izana
Aldundiak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak Tolosaldeko Inauterietan gaueko autobusak erabiltzeko aukera baztertu izana
Aldundiak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak Tolosaldeko Inauterietan gaueko autobusak erabiltzeko aukera baztertu izana
Langileek greba egiteko duten eskubidea errespetatuta, Foru Aldundiaren ustez garrantzitsua da, bide-erantzukizuneko eta bide-segurtasuneko arrazoiak direla eta, eskualdean jaietarako gaueko zerbitzu bereziak egotea.
Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosaldean Inauterietarako gaueko zerbitzuak ezartzeko egindako eskaera. Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “zerbitzua eskaintzen duen enpresako langileek greba egiteko duten eskubidea erabat errespetatuta ere, uste dugu Lurraldebusen hiriarteko gaueko garraio publikoa eskaini behar dela, eskatu genuen bezala. Izan ere, Tolosako Inauterietara eskualdeko pertsona asko joaten direla kontuan hartuta, beharrezkoa da, bide-erantzukizuneko eta bide-segurtasuneko arrazoiak direla eta, gaueko zerbitzu bereziak ezartzea".
Mugikortasun Departamentuak, zehazki, otsailaren 8tik 13ra bitarte Lurraldebusen Tolosaldeko hiru lineetan gaueko zerbitzu bereziak ezartzeko eskatu zuen. Eskaera hori, nolanahi ere, eskualdeko herrietatik Tolosara joaten diren pertsonen kopuru handia kontuan hartuta egin da, ibilgailu pribatuaren erabilerak dakartzan arriskuak ahal den neurrian saihesteko eta segurtasuna hobetzeko, batez ere, Garmendiak gogorarazi duenez, “eskualdeko udalerri gehienetan, garraio publikoari dagokionez, Lurraldebusez bestelako alternatibarik ez dagoela kontuan hartuta".
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak Aldundiaren eskaera baztertu ondoren, Mugikortasun Departamentuak gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu Inauterietan, grebak eraginpean hartu gabeko lineetan, hots, Tolosa eta Irura, Villabona, Andoain, Lasarte eta Donostia lotzen dituen T5 linean eta Tolosa eta Donostia lotzen dituen T5D linean.
1537