Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak eguneko zentro berri bat ireki du Bidasoaldean

Aldundiak eguneko zentro berri bat ireki du Bidasoaldean

Jada 129 plaza daude lurraldean eguneko zentroetan, halako egoeran dauden pertsonei arreta eskaintzeko

Markel Olano diputatu nagusia Irunen izan da gaur goizean, Bidasoaldeko eguneko arreta zentro berrian. Zentro horretan, 10 plaza eskaintzen zaizkie gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei; lurralde osoan, 129 plaza dira guztira.  Zentro berri hau egiteko 23.500 euroko inbertsioa egin da, eta gizarte zerbitzuetako 2018ko inbertsioen foru planeko deialdiaren barruan finantzatu da. Foru plan horrek 2,75 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du gizarte zerbitzuetako zentroetarako. Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizeko bisitaldian nabarmendu duenez, diru laguntza sorta berri bat da, hiru lerrotan banatuta dagoena: zentro berriak sortzea, dauden zentroak zaharberritzea eta hirugarren gizarte-sektoreko entitateen egoitzetan inbertsioak egitea. Guztira, 5,8 milioi euro inbertituko ditu foru erakundeak «behar sozialei erantzuteko azpiegiturak hobetzeko eta indartzeko»: 2.750.000 2018an, eta 3.050.000 2019ko deialdian. Aurtengo deialdiaren epea irekita dago urtarrilaren 31ra arte.

Gizarte zentroetan inbertsioak egiteko 2018ko deialdiaren barruan, 59 laguntza eman dira, gisa honetan banatuak: 1.210.000 euro 12 zentro berri sortzeko, 1.210.000 40 zentroa zaharberritzeko eta/edo egokitzeko, eta 330.000, hirugarren gizarte-sektoreko entitateen 7 egoitza eta ordezkaritzatan inbertsioak egiteko (besteak beste, gizarte eta osasun arloko, gizarte eta hezkuntza arloko eta gizarte eta lan arloko jarduerak dituzten entitateetan).

Emausek kudeatuko duen Irungo zentro berri honi esker, Gipuzkoan dagoeneko 129 plaza daude eguneko zentroetan, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta eskaintzeko.  2017an, 5 plaza berri jarri ziren abian Arrasaten eta beste 5 Tolosan; 2018 amaieran, berriz, beste 10, Irungo Bidasoaldea zentro berrian. Plaza berri horiei esker, eskaintza handitu eta lurralde osora modu orekatuan zabaldu nahi izan da. Gaur egun, honela dago banatuta: Arrasate (10 plaza). Donostia (48 plaza hiru zentrotan), Elgoibar (13), Errenteria (33), Tolosa (15) eta Irun (10).

Bidasoaldeko eguneko zentro berrira egindako bisitan Olanok adierazi duenez, foru erakundeak bere baliabideen artean eskaintzen dituen eguneko zentro horien helburua da egunez, arreta ordu tarte zabal batean, zerbitzu «malgu, ireki eta gertukoa» eskaintzea, gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei «autonomia mailarik handiena» emateko eta «nor bere komunitate eremuan» gizarteratzen laguntzeko.

 

Gizarte isolamendua ekiditea

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin batera egin duen bisitan, Olanok honako hau ere azpimarratu du: gizarte bazterketa «ez da soilik diru-sarrera edo enplegu faltan (pobrezian)» egotea, baizik eta bizi baldintzetan eta bizikidetzan «askotariko gabeziak» izatea «denbora luzez». Egoera horrek lotura zuena izaten du pertsona horien «baliabide pertsonal eta materialekin eta inguruarekiko harremanekin», eta muturreko egoeretan «gizarte isolamenduko egoera batean» bizitzera irits daitezke.

Kasu batzuetan, pertsona horien gizarte bazterketa txikiagoa denean, zentroetan «gizarte eta lan arloko inklusioa» bultzatzen da, Olanok adierazi duenez; beraz, laguntzaren intentsitatea eta exijentzia maila «ez dira berdinak izaten sareko zentro guztietan». «Batzuek intentsitate handiagoa eta exijentzia maila txikiagoa eskaintzen dituzte, kasuak gizarte bazterketa larriagokoak direlako». Hori horrela, bereziki nabarmendu nahi izan du 2016-2020 Elkar-EKIN Gipuzkoako Gizarteratzeko Planaren barruan 2017an sortu zuten gizarte bazterketaren balorazio zerbitzua, «funtsezko tresna» bat ari baita izaten «egoerak ezagutzeko eta pertsona bakoitza prestaziorik egokienera bideratzeko, eguneko zentro batera, adibidez».

Eguneko zentro horietan, esku-hartze psikosoziala, gizarte eta hezkuntzakoa eta okupazionala jartzen dira jomugan, hau da, ez dira soil-soilik gaitasun okupazionalak lantzen; aldiz, lan integral bat egiten da erabiltzaileek komunitatean gizarteratzeko prozesuan baliagarri izango zaizkien oinarrizko trebetasun pertsonalak eta sozialak eskura ditzaten. Diputatu nagusiak laburbildu duenez, «azken batean, izaera balioaniztuneko zentroak izatea da helburua, askotariko zailtasunak eta gizarteratze prozesuan inplikatzeko gaitasun maila desberdinak dituzten erabiltzaileekin lan egin ahal izateko». Haren iritziz, balioaniztasun horrek aukera ematen du eskainitako prestazioak erabiltzaileen eboluziora «egokitzeko», eta, horrela, eboluzio hori hobetu edo okertuko balitz ere, «beste zentro batera aldatu beharrik ez izateko».  Hori dela eta, erabiltzailea zerbitzuan sartzen denean, exijentzia eta esku-hartzearen intentsitate erregimen jakin bat esleitzen zaio, eta esku-hartzea ezarritako intentsitate erregimen horretara egokitzen da.

Amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona askok bere burua «isolatzen dute», eta horregatik zentro hauek eta bertako profesionalek «zubilana» egiten dute, gizartearekin eta komunitatearekin elkartzeko, eta geroago, enplegu duin bat lortu dezaten». Gaineratu du Aldundiak «pertsonetan zentratutako» politiken alde egiten duela apustu. «Elkarlanean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan pertsona guztiei eman behar diegu aukera bat. Eta horren harira, Elkar-EKIN planarn barruko balorazio zerbitzuari esker, lortzen ari gara arreta indibidualizatuagoa eskaintzea».

  

1427