Aldundiak eta Adinberrik bakardadeen aurreko estrategia partekatu dute Tolosan: Hariak
Aldundiak eta Adinberrik bakardadeen aurreko estrategia partekatu dute Tolosan: Hariak
Hariak estrategia gizarte antolatuarekin elkarlanean diseinatu da, eta nahi ez den bakardadeari heltzeko ibilbide-orri bat ezartzen dio Gipuzkoari.
Gaur arratsaldean, Tolosako Topic-en aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia, Hariak. Azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatuarekin lankidetzan egindako parte-hartze prozesuaren emaitza da ibilbide orri hau. Hariak estrategia Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoako 2020>2030 Agendaren barruan kokatzen da, eta helburu dute etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea eta Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea.
Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak eta Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek, Tolosako alkate Olatz Peonekin batera, estrategiaren edukiak azaldu dituzte. Estrategia horrek, gizarte eta komunitate loturak sendotuz, Gipuzkoa osorako ibilbide-orri bat ezarri nahi du, bakardadearen fenomenoari heltzeko, eta herritar guztiei luzatu diete gonbita estrategiarekin bat egiteko.
51 pertsonako talde eragile batek gidatuta –erakundeetako eta gizarteko ordezkariek eta adituek osatua dagoena–, guztira 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute duela bi urte hasitako parte-hartze prozesuan: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte erakundek eta tokiko eragileek, Osakidetzak 6 ESIren bidez, eta 20 enpresa eta berrikuntza-zentrok. “Hasierako hurbilketa batean ikusi genuen bakardadeen gaiari heltzeko beharra zegoela, 10etik 9,2, eta Bakardadeak azterlanak adierazten digu 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen dela, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duten modu irekian”, azaldu du diputatuak, eta gaineratu du “lehen mailako erronka baten aurrean gaudela, baina aukera testuinguru batean mugitzen garela”.
Oinarri horretatik abiatuta, Hariak estrategia Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduteko esparru estrategiko bat da: “Gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu” azaldu du Maite Peñak, eta hiru helburu dituela zehaztu du: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade-egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. “Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna”, gaineratu du.
Estrategia hau adineko pertsonengan eta zahartze-prozesuetan ardazten bada ere, “ez du modu esklusiboan edo baztertzailean egiten”, azaldu du diputatuak. Estrategia bakardadearen hiru dimentsiotan esku hartu ahal izateko eratu da, soziala, emozionala eta existentziala, eta bakardade egoerei, bakardadearen aurreko kalteberatasun egoerei eta harreman bazterketako egoerei aurre egiteko jarduerak aurreikusten ditu.
Atxikimenduaren bila
Maite Peñak azpimarratu duenez, Hariak estrategiak Gipuzkoako gizartearen atxikimendu boluntario eta loteslea bilatzen ditu, modu kolektiboan erakundeen bitartez, edo banaka herritar gisa: “Hariak estrategiak lagundu nahi du lurralde bat eraikitzen, non pertsonek gaitasun eta baliabide pertsonal gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, lotura sozial eta afektibo esanguratsuak izateko eta, horrela, parte-hartze eta lotura handiagoak izan ditzaten. Horretarako, denon ahalegina beharrezkoa da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik hamar topaketa antolatu dituzte Gipuzkoako eskualde guztietan. Tolosakoa hirugarrena izan da. 16:30etatik aurrera, hainbat jarduera antolatu dira Euskal Herria plazan, bakardadeen inguruan sentsibilizatzeko eta elkarrizketa publikoa sortzeko asmoz, eta 19:00etan hasi da musika eta kultur emanaldiekin bat egin duen aurkezpen-ekitaldia. Rakel San Sebastianek adierazi duenez, “egindako lana itzuli nahi diegu beren ekarpena egin duten pertsona guztiei, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu estrategiarekin bat egitera, guztion artean nahi ez diren bakardade egoerak prebenitu eta gainditu ahal izateko”.
Estrategia orientatzailea eta ekintzara bideratua
San Sebastianek zehaztu duenez, estrategiak 12 esku-hartze maila biltzen ditu: prebentzio unibertsala, espazio fisikoen eraldaketen, sentsibilizazioaren, aisialdiko eta boluntariotzako jardueren bidez; prebentzio selektiboa, bizikidetza-dinamikak sortuz, auzo-komunitateak dinamizatuz eta arrakala digitala murriztuz; eta prebentzio egokitua, etxeko laguntzei eta konpainia-jarduerei esker, besteak beste.
“Estrategiak orientatzea, konprometitzea eta jardutea du helburu; eta lau ibilbidetan antolatu ditugu konpromisoak eta proiektuak ezartzeko gomendioak eta gidalerroak”, laburbildu du Adinberriko zuzendariak. Gainera, gehitu du estrategia bi urteko jarduera planetan gauzatuko dela, eta lehenengoa 2022-2023 bitartekoa izango dela. “Guztira 91 gomendio jaso ditugu, ikuspegi komunitarioarekin, aniztasunean, parte-hartzean eta gizarteratzean oinarrituta, prebentziora bideratuta, modu transbertsalean eta berritzailean”, laburbildu du.
2310