Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak eta Donostiako Udalak erakunde arteko koordinazioa indartuko dute ekonomia eta berrikuntzan

Aldundiak eta Donostiako Udalak erakunde arteko koordinazioa indartuko dute ekonomia eta berrikuntzan

Donostiako alkate Eneko Goiarekin bilera egin dute gaur diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Ainhoa Aizpuruk.

Ainhoa Aizpuru, Markel Olano eta Eneko Goia

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bilera egin dute gaur Foru Aldundian, bi erakundeen arteko koordinazioa eta proiektu partekatuak aztertu asmoz. Bileran parte hartu du, baita ere, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk.

Ekonomia sustapenaren eta berrikuntzaren alorrean dagoeneko abian den koordinazioa estutzea erabaki dute lurraldeko eta hiriko ordezkari nagusiek, gisa horretan Donostia sendotzeko erreferentziazko berrikuntza gune gisa. Olano eta Goiaren arteko bileran aztertu dute azken hilabeteotan izandako elkarlana, bereziki sakondu asmoz bi erakundeen programen uztartzea eta koordinazioa berrikuntza eta ikerkuntzan, ekonomia sustapenean, ekintzailetasunean eta talentua erakartzeko ekimenetan, besteak beste.

Bestalde, diputatu nagusiak eta alkateak aztertu dute Donostiako Udalbatzak berriki adostutako erresoluzioa, zeinetan eskatzen den Aldunditik Donostiako Sustapenari egiten zaion ekarpena areagotzeko. Eskari horretatik abiatuz, komunikazio eta koordinazio bide berri bat zabaldu da dagoeneko eta egin dira lehen bilera teknikoak, zeinetan bi erakundeon egitasmo eta deialdien kontrastea egin den, gisa horretan Donostiako Udaletik bultzatutako proiektuak modu eraginkorrago batean uztartu daitezen foru-programetan.

 

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “jakintza eta berrikuntzari lotutako hiri gisa Donostiak duen balioa eta dinamismoa” modu “garbi” batean babesten dute Foru Aldundiko laguntza eta programek. Horren lekuko, 2016an 10 milioi euro baino gehiago bideratu ziren Gipuzkoako hiriburuko enpresa eta berrikuntza zentroetara. Olanok adibide gisa jarri du, esate baterako, talentu zientifikoa erakartzeko Fellows Gipuzkoa programa; iazko aurrekontua 416.776 eurokoa izan zen eta diru-laguntzen eta erakarritako talentuaren %100 ikerkuntza zentro donostiarretara bideratu zuten. Baita ere gogorarazi du Ekonomia Sustapeneko foru zuzendaritzaren ekarpena Donostiako enpresa eta zentroetara %66 igo zela joan den urtean, 2015ekin alderatuz.

 

Aldi berean, diputatu nagusiak alkateari helarazi dio Udalarekin elkarlanean aritzeko “erabateko” jarrera eta disposizioa, foru departamentuek konpartitzen dutena. Hori dela eta konfirmatu dio elkarlanerako espazio bat sendotzeko erabakia, kontuan izanda gainera ekonomia susperraldia finkatzea dela Aldundiaren helburu estrategikoetako bat. Hori dela eta egin dira dagoeneko Aldundia eta Udalaren arteko lehen koordinazio bilera teknikoak.

Donostiako alkatea, Eneko Goia, bi erakundeen arteko “koordinazio mekanismoak hobetzearen alde” agertu da, “gisa horretan guztiok lortu nahi dugun helburua lortzeko, berrikuntza eta ekintzailetasuna bideratutako programak babesteko laguntza lerroak aktibatzea, alegia”. Goiak baloratu du Foru Aldundiaren “erabateko disposizioa” bultzatzen jarraitzeko “gure hiriaren indarra lurraldeko I+G+b polo nagusi gisa, orain arte bezala, Donostia Sustapenetik martxan jartzen diren lan lerroak garatzeko mekanismoak hobetuz”.

 

Amaitzeko, diputatu nagusiak azaldu dio alkateari Aldundia gainontzeko garapen agentziekin egiten ari den lana, zeinetan Donostia Sustapenak parte hartu duen. Donostiak “bere erreferentzialtasun eta trakzio ahalmenetik aukera du balio horiek guztiak lurraldeari batzeko”, osatu du Olanok.

  

1639