Aldundiak eta Gipuzkoako landa garapeneko agentziek landa garapeneko esperientziak partekatu dituzte Menorcan
Aldundiak eta Gipuzkoako landa garapeneko agentziek landa garapeneko esperientziak partekatu dituzte Menorcan
Aldundiak eta Gipuzkoako landa garapeneko agentziek landa garapeneko esperientziak partekatu dituzte Menorcan
Gipuzkoako ordezkaritzak Lurraldeko lehen sektoreko proiekzioa sustatzeko sinergiak bilatu ditu
Landaola Gipuzkoako Landa Garapeneko Agentzien Federazioak Menorcarako bisitaldi bat antolatu du azaroaren 2tik 4ra. Gipuzkoako Foru Aldundia bertan izan da, landa garapeneko sei agentziarekin eta udalerri txiki batzuetako alkateekin batera, uharteko landa garapeneko modeloa eta politikak lehen eskutik ezagutzeko. Orobat, lehentasunezko beste helburu bat izan da Menorcako tokiko produktuen sustapenaren, balioespenaren eta dinamizazioaren berri izatea.
Aldunditik, bertan izan dira Xabier Arruti Nekazaritzako eta Landa Inguruneko zuzendaria, Arantxa Ariztimuño Mendi eta Natura Inguruneko zuzendaria eta Iñaki Labaka Lurralde Orekako zuzendaria. Gipuzkoako ordezkaritza udalerri txikietako zenbait alkate eta zinegotzik osatu dute, haietan lehen sektoreak pisu handia duenez, eta lurraldeko landa garapeneko sei agentzietako arduradunek: Tolomendi, Urkome, Goimen, Debagaraia, Debemen eta Behemendi.
Gipuzkoako ordezkaritzak uharteko zenbait ustiategi bisitatu dituzte, hainbat alorretakoak: nekazaritza ekologikoa, behi frisiarren eta Menorcako behien etxaldeak, ardo eta olio ekoizleak eta gaztagileak, besteak beste. Orobat aukera izan dute "nekazaritza zaintza"ren berri izateko, horretan aitzindari baita, Kataluniako Alt Empordà eskualdearekin batera, Menorcako uhartea. Haietan, helburu dute natura guneak artatzea nekazaritza jarduera iraunkor baten bidez. Halaber, tokiko zenbait ekoizlek azaldu dute zein etekin ekar ditzaketen produktu landuek eta haien salmenta zuzenak, hori baita uharteko ekoizleen ohiko modeloa.
Menorcan, Miquel Companyk eta Irene Estaúnek egin zieten harrera, urrenez urren Okupazioko, Proiekzio Ekonomikoko, Gazteriako eta Kiroletako Saileko kontseilaria eta Menorcako Uharte Kontseiluko Biosfera Erreserbako uharte zuzendaria. Haiek Gipuzkoako ustiategien modeloak ezagutzeko gogoa azaldu zuten, uhartean dutenarekiko oso bestelakoa baita. Gipuzkoan ustiategi gehienak pribatuak dira edo alokairuan daude. Menorcan, berriz, nekazari eta abeltzain gehienak beste baten ustiategian lan egiten dute, eta jabeari irabazien erdiarekin ordaintzen diote.
Azkenik, Gipuzkoako ordezkaritzak lan bilera bat izan du, non uhartera egindako bidaia on eta eraikitzailetzat jo baitute. Gainera, bidaia balioetsi eta ondorioak atera ondoren, Gipuzkoako ordezkaritzak ondorioak Lurraldeko landa eremuetarako proiektuen diseinuan sartuko ditu. Proiektu horiek Gipuzkoako landa garapeneko agentzien bidez burutuko dira.1529