Aldundiak eta GSRk Irungo komentu bat egokituko dute desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten pertsonak zaintzeko
Aldundiak eta GSRk Irungo komentu bat egokituko dute desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten pertsonak zaintzeko
Aldundiak eta GSRk Irungo komentu bat egokituko dute desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten pertsonak zaintzeko
Obraren bigarren fasea ekainean amaituko da, eta lau egoitza unitate egongo dira, guztira 48 pertsonarentzat; garuneko erasana duten 15 pertsonarentzako eguneko zentroa ere izango da.
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak gaur goizean bisitatu dituzte Irungo Egiluze komentuko hegal bat birmoldatzeko obrak. Lanak dagoeneko bigarren eta azken fasean daude, eta lehen erabiltzaileak apiriletik aurrera hasiko dira iristen. Egiluze proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta GSR kooperatibaren artean burutzen ari da eta helburu du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonentzako baliabide konbinatu berria sortzea.
Hartara, Egiluze zentro berria egongo da Irungo Lapitze auzoan eta izango ditu lau egoitza unitate eta eguneko zentro bat. Nahasmendu mental larriaren inguruko bi egoitza unitate izango ditu, 12 eta 13 plazakoak, eta desgaitasun intelektuala duten eta laguntza zabal orokorra behar duten pertsonentzako beste bi egoitza unitate, 12 eta 11 plazakoak. Baliabideak 15 plazako eguneko zentro bat ere izango du, garuneko erasana duten pertsonentzat.
Bisita horretan, Markel Olano eta Maite Peñarekin batera izan dira GSRko arduradunak, eta gertuagotik ezagutu ahal izan dute proiektua zer den eta nola antolatuko diren zainketak. “Egoitza unitateak eta eguneko zentroa diseinatu dira pertsona erdigunean jartzen duen arretatik abiatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren bidez sustatzen duen zaintza eredu berriaren irizpideei erantzunez”, adierazi du Olanok.
“Hemen biziko den pertsona bakoitzak laguntza plan indibidualizatua izango du”, diputatuak azaldu duenez, eta gaineratu du hainbat arlotako profesionalen taldea izango dutela pertsona bakoitzaren ongizate fisiko, psikologiko eta sozialera bideratutako arreta emateko. Egiluze bezalako baliabideak “funtsezkoak dira bermatzeko desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten pertsonek bizimodu ahalik eta autonomoena izatea”, horrela ahalbidetzeko “pertsona ororen aukera berdintasuna, edozein egoeratan daudela ere”.
63 plaza gehiago desgaitasunean eta gaixotasun mentalean
Hiru urtean (2020-2023) eta COVID-19aren pandemiak “zailtasun ikaragarriak” eragin arren, Gipuzkoako Foru Aldundia pasa da desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako 886 egoitza plazatik izatetik 998ra. Eguneko zentroetan, Egiluze irekitakoan, 874 plaza izango dira.
Gaixotasun mentalen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahasmendu mental larria duten pertsonei arreta emateko sare espezifiko bat du, eta hiru baliabide motaz osatuta dago: egoitzakoak, egunekoak eta laguntza psikosozialekoak. Eguneko zentroen bidez 234 pertsona artatzen dira errehabilitazio psikosozialeko zentroetan, eta 20 pertsona baino gehiago, egunero aisialdiko eta denbora libreko jardueretan. Beste alde batetik, nahasmendu mental larria duten pertsonei laguntza psikosozial komunitarioa emateko programaren bidez, 90 pertsona artatzen dira hilero, eta beren etxean bizi diren pertsonei psikohezkuntza, errehabilitazioa eta laguntza ematen zaie.
Hirugarrenik, norberaren etxearen ordezko bizitokien foru sareak, Egiluze irekitakoan, 147 plaza izango ditu egoitza unitateetan (URTMS). Etxebizitza komunitarioetan 110 plaza daude guztira, eta 43 plaza desgaitasun intelektuala eta gaixotasun mentala izanik jokabide nahasmendu larriagatik arreta behar duten pertsonei arreta emateko baliabideetan.
Diputatu nagusiak berretsi du foru erakundeak konpromiso irmoa duela desgaitasunari arreta emateko sarea zabaltzen eta pertsona eta une bakoitzaren beharretara egokitzen jarraitzeko, betiere kontuan hartuta lurralde-oreka eta udalerri eta eskualde bakoitzaren errealitatea. Gainera, gaineratu du Gipuzkoako ereduan sakontzea dela formularik eraginkorrena gero eta kohesionatuagoa den gizarte bat eraikitzeko, zainketen pertsonalizaziotik, gizarte berrikuntzatik eta komunitatearekiko loturatik abiatuta. “Hau da, lurralde osoak desberdintasunen aurka egiten duen apustua indartuz eta, aldi berean, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan arituz, azken hori baita kolektibo kalteberenei laguntzeko aktibo nagusia”, esan du Olanok.
4094