Aldundiak eta Pasaialdeko udalek elkarlana sendotu dute
Aldundiak eta Pasaialdeko udalek elkarlana sendotu dute
Bi milioi euro gehiago Pasaialdeko biziberritze lanetarako.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak Pasaialdeko lau udalerriekin —Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzun— sinatutako 1.955.513 euroko balioa duten hitzarmenen berri eman dute. Hitzarmen horiek Pasaiako Badiaren leheneratze integralerako eskualde-estrategiaren barruan kokatzen dira.
Hiri-berroneratzea, ingurumen-iraunkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua edo enplegua bezalako arloetan 2018. urtean burutuko diren jarduketak — Aldundiak % 85ean finantzatuak— udalek proposatu dituzte. Jarduteko modu horrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako eta, oro har, Gipuzkoarentzako Pasaialdea berroneratzea bezalako proiektu estrategiko nagusi baten aldeko erakundeen arteko apustu argia erakusten du. Hala, estrategia partekatu horri esker, foru-erakundeak, legealdi honetan, guztira 7,8 milioi euro inbertitu ditu udalerri horietan.
Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo udalekin lortutako hitzarmen horiek Gipuzkoako Foru Aldundia, legealdiaren hasieratik eta bidea erakutsiz, lau udalerrien parte-hartzearekin eta adostasunarekin lantzen ari den leheneratzeko eskualde-estrategiaren barruan kokatzen dira. Hori guztia, duela gutxi Aldundiak behin betiko onartu zituen eta jada indarrean dauden Portuaren Plan Berezian aurreikusitako proiektuekin eta jarduketekin osatzen da. Akordio hauek erakunde arteko lankidetza indartzen dute eta Pasaialdea biziberritzea dute helburu, jasangarritasuna arlo sozialean, ingurumenekoan eta ekonomikoan delarik. Hitzarmen hauek bat datoz Europako Agenda Hiritarrak zehazten dituen ekintza-ardatzekin; hiri-biziberritzea, jasangarritasuna, mugikortasun iraunkorra, ekipamenduak eta enplegua.
Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Izaskun Gómez Pasaiako alkatea, Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea eta Jexux Leonet Oiartzungo alkatea bertan zirela aurkeztutako hitzarmenetan, besteak beste, garapen iraunkorraren, energia-eraginkortasunaren, mugikortasun bertikalaren eta bidegorrien arloetan inbertsioak egitea aurreikusten da.
Guztira onartutako bi milioi eurotatik, Errenteriako udalak 839.675 euro jasoko ditu, Pasaiakoak 700.000 euro, Lezokoak 230.538 euro eta Oiartzungoak 185.300 euro.
Olanok gogoratu du, Pasaialdearen berroneratzea Kudeaketa Plan Estrategikoa 2015-2019ren helburu gisa agertzen denez, “Foru Gobernuaren helburu eta konpromiso bat dela”. Estrategia horrek bi zutabe dituela zehaztu du: “Portuko jarduera hobetzea eta integratzea, bere inguruko hiriarekin duen erlazioan, eta Pasaiako badia osatzen duten udalerrietan jardutea. Portua inguratzen duten udalerriek eta auzoek Gipuzkoako adierazle sozioekonomiko eta hiri-adierazle baxuenak eskaintzen dituzte. Burutuko den hiri-berroneratzeari esker, adierazle horiek lurraldeko gainerakoekin parekatu ahal izango dira”.
“Biziberritzea martxan da, eta proiektu eta ekintza konkretuak bultzatzen ari gara Pasaialdeko zonaldean, ekonomia suspertuz eta lanpostu berriak garatuz etorkizunera begira; bertako bizilagunen bizi-kalitatea eta ongizatea helburu uneoro”. Aldaketak agerikoak izango dira hurrengo hilabeteetan. Olanok dioenez: “Zonalde estrategikoa eta boteretsua da etorkizunera begira gure lurraldearentzat, eta legealdi hasieran gure gain hartu genuen hitzarmena betetzen ari gara”.
Martxan dagoen proiektuetako bat Adinberri da, ikuspegi soziala duen erreferentziazko zentro bat adineko pertsonei zuzenduta. Berrikuntza zentro bat ere sortuko da, etorkizuneko erronka honen aukera ekonomikoak aprobetxatzeko. “Zentro berri honekin Pasaia erreferente izango da zahartzeari dagokionez, eta eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean eraikitzen ari gara”, azpimarratu du diputatu nagusiak.
Bestalde, Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak honako hauxe adierazi du: “Pasaialdearen berroneratze integralarekin eta eskualde honetako herritarrekin Gipuzkoako Foru Aldundi honek duen konpromisoa indartzen dugu. Akordioen eta adostasunen inguruko estrategia bat jarri dugu abian, ez bakarrik udalekin, baita gainerako erakunde eta eragile ekonomiko eta sozialekin ere. Gaurko hitzarmen hauek murgilduta gauden etapa berriaren lagin aproposak dira. Gauzak bide onetik doaz. Plan Berezia jada behin betiko onartu dugu, eta orain Hospitalilloko eta Adin Berriko aparkalekuaren eraikuntza-proiektuei ekin behar diegu. Pasaialdeko herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari gara, bai Plan Bereziaren ondoriozko obra erraldoiei dagokienez, bai eguneroko bizi-kalitatearen hobekuntzan, hitzarmen hauetan aurreikusitakoak bezalako inbertsioekin. Bertan, jada, 7,8 milioi euro inbertitu ditugu legealdi honetan".
Pasaialdeko eskualde-estrategien hitzarmenen barruan, datozen hilabeteetan garatuko diren hainbat jarduketa jasotzen dira:
- Errenteriako udalerrian egindako inbertsioen (839.675 euro) artean aurkitzen ditugu energia-eraginkortasunari, mugikortasun iraunkorrari eta osasungarriari, mugikortasun bertikalari eta kulturari lotutako proiektuak. Zehazki, udal-kiroldegian kontsumoa murrizteko eta argiteria adimenduneko sistemak instalatzea, Kultur Etxea hobetzeko lanak egitea, Galtzarabordan igogailu publiko bat eraikitzea eta Alabergan bizikletentzako bidea eraikitzea.
- Pasaiako hitzarmenak (700.000 euro) hiri-berroneratzeko, ingurumeneko eta ekipamendu publikotako jarduketak garatuko ditu. Hala, Donibaneko Gaztelekuan eta Euskadi etorbideko igogailuan birgaitze-lanak egingo dira eta Donibaneko hirigune historikoko hiru igogailuetako sarrerak hobetzeko lanak, Gran Sol kaleko Bide Larrialdiko Pisua egokitzeko lanak, elizaren ingurua eta ekipamendu publikoak birgaitzeko lanak, eta topoko arkuak berreskuratzeko lanak Pasai Antxon.
- Lezon Lezo-Donibane bidegorria eraikitzeko diru-laguntza eman da (230.538 euro). Obra hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoa jada amaituta dago; orain bigarren faseari ekingo zaio. Gainera, Altamirako igogailuko lanak finantzatuko dira.
- Oiartzunen, sinatutako hitzarmenak (185.300 euro) Arditurriko bidegorrian Udala egiten ari den berreraikitze-lanak egiten lagunduko du. Bizikleten eta oinezkoen bide horretan, ibilbideko tunelak konpontzeko lanak eta segurtasun-hesiak berritzeko lanak barne hartzen dira.
1515