Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak eta Segurako Udalak Baratze pilotalekua berrituko dute elkarlanean

Aldundiak eta Segurako Udalak Baratze pilotalekua berrituko dute elkarlanean

Kirol Ekipamenduen 2017-2020 Planak 55 udalerri eta 567.000 biztanle hartzen ditu, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80a

2018/05/18

Kirol Ekipamenduen 2017-2020 Planak 55 udalerri eta 567.000 biztanle hartzen ditu, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80. Inbertsioa 53,8 milioikoa izango da, eta Foru Aldundiak 10,6 milioiko laguntza emango du.

Eñaut Telleria Segurako alkateak eta Aldundiak hitzarmena sinatu dute Baratze pilotalekua birmoldatzeko. Proiektuak 448.146,66 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 224.073 euro jarriko ditu. Seguran izan da Goizane Alvarez, Kiroletako Zuzendaria.

Baratze pilotalekuak 36 urte bete ditu. Pilotalekua herriko kirol instalazio estali bakarra denez gero, Udalak eraberritu beharra ikusi du, espazio hori herritarren kirol ohitura berrietara egokitzeko asmoz. 

Eraikineko espazioari ahalik eta etekinik handiena atera nahi zaio, eta gaur egun dagoen eskariari erantzunez, eskaintza dibertsifikatzeko aukera bilatu nahi da. Era berean, sartzeko eta ateratzeko ibilbide batzuk ezarri nahi dira, funtzionaltasuna eta segurtasuna bateratzeko, eta ondorioz, eraikin irisgarri bat lortzeko, gaur egungoa ez baita irisgarria.

Segurako Udalak egingo ditu lanak; esku hartzeak bereiz egin ahal izango dira, denboran zehar tarte bat utzita; horrela, fase bat egiteak ez ditu baldintzatuko gainerakoak, eta une bakoitzeko egoera ekonomikoaren arabera egin ahal izango dira.

Obra hauekin hobetu egingo da pabiloiaren funtzionaltasuna eta balioaniztasuna, gaur erabat infraerabilia baitago.  Horrek esan nahi du frontoiaren edukiera handitzean kirol eskaintza zabaldu egingo dela, instalazioan espazio berriak ezarriko baitira, eta horri esker jarduera berriak antolatu ahal izango dira herritar guztientzat, gaur egun dagoen eskaintza indoor ikastaro eta jardueren bidez osatuta, eta horretarako, areto balioaniztunak ezarriko dira, aerobic-a, yoga, dantza, step-a eta abar egiteko.

Beste alde batetik, eraikinaren irisgarritasuna hobetuko da, ez bakarrik ibilbideetan eta sarbideetan, baita eskaintzan ere. Neurri horiei esker, mugikortasun murriztua duten pertsonek eskaintzen diren kirol modalitate guztiak egiteko aukera izango dute.

Ezkerreko atondorako sarreran dagoen eskailera eskailera nagusi bihurtuko da, eta haren ondoan igogailua jarriko da. Eskuin aldeko eskailera bigarren ebakuazio bidea izango da, horrela, ibilbideak arrazoiz erabiliko dira, frontoiko eta harmailetako erabilera fluxuak eta beste jarduera batzuetakoak bereizita.

Azkenik, komunikazioa eta barne fluxuak nabarmen hobetuko dira, eta baliabide espazialak eta ekonomikoak arrazionalizatuko dira, bai lanetan, eta bai kirol instalazioa modu jasangarrian eta arrazoizkoan erabiltzeko sistemetan.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Alvarezek nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Segurako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

  

1445