Aldundiak eta Surfrider-ek hitzarmena sinatu dute itsas-zaborraren prebentzioan aurrera egiteko
Aldundiak eta Surfrider-ek hitzarmena sinatu dute itsas-zaborraren prebentzioan aurrera egiteko
Ingurumeneko Departamentuak 30.000 euro bideratuko ditu lurraldean itsasoko zaborrak biltzeko kanpainak egiteko.
José Ignacio Asensio: “Ezin dugu ahaztu gure hondartzetan eta itsasoetan hondakinen eta plastikoen arazoa Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazorik larrienetako bat dela”.
José Ignacio Asensio, Ingurumeneko diputatuak, eta Vanessa-Sarah Salvo, Surfrider Espainiako koordinatzaileak, lankidetza hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundian Gipuzkoako kostaldeko itsas-zaborraren inguruan prebentzioa sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko.
Kanpaina honek, Gipuzkoako kostaldeko itsasoko zaborraren presentziari buruzko oinarri zientifikoko azterketa bat egiteaz gain, (zeina boluntarioen parte hartzearekin egiten den); aukera ematen du ere itsasoko zaborrarekin lotutako arazoaren inguruko ezagutza zabaltzeko boluntario horien artean eta modu horretan arazoaren prebentzioan esku hartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Surfrider-en lana babestu nahi du hitzarmen honen bitartez. Lankidetza honen helburua da itsasoan dagoen zaborra prebenitzeko ekintzak indartzea. Horretarako, Gipuzkoan itsasoko zaborrak bildu, karakterizatu eta kuantifikatzeko kanpainak egingo dira Donostiako Murgita, Zumaiako Inpernupe eta Mutrikuko Burumendi kaletan. Kanpaina horiek kokapen horietako bakoitzean egingo dira lau urtarotan, negu, udaberri, uda eta udazkenean. Ekintza hauek Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria eta Debako udalerrietara hedatuko dira ere.
Boluntarioen egunean, ekitaldi bat antolatuko da kanpainetan parte hartzen duten boluntarioei esker ona adierazteko eta, aldi berean, arazoaren eta Gipuzkoako kostaldeak itsasoko zaborraren presentziaren aurrean duen egoeraren zabalkundea egiteko, eta zaborren sorrera jatorrian prebenitzeko ekintzak bultzatzeko.
Gipuzkoako hondartzetan 2018ko urtarriletik irailera bitartean 696.591 kilo hondakin bildu ziren. Honi buruz Asensiok adierazi du itsasoan presente dagoen zaborra handitzen ari den arazo orokorra dela eta beharrezkoa dela “arazoari irtenbidea ematea posible egiten duten neurriak hartzea”. Ingurumenaren Europako Agentziaren arabera, urtero 10 milioi tona zabor iristen da munduko itsaso eta ozeanoetara. Era berean, kalkulatzen da hondakin horien %20 itsasoko jardueretatik datorrela, eta gainerako %80a, lehorretik; neurri handi batean, jendearen kontzientziazio ezagatik, eta horrek sortzen du hondakinen isurketa kontrolik gabekoa, aurrena ibaietara doana, eta handik itsaso eta ozeanoetara.
Bizkaiko Golkoa ez da zabor horren eraginetik kanpo gelditzen. Egin diren ikerketen arabera 0-100 metroko sakoneran, hektareako zabor flotagarriaren dentsitatea 2,03 pusketakoa da, hau da, Europako gainerako erregioetakoa baino handiagoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua lanean dihardu 2016tik LIFE LEMA europar proiektuan. Proiektu honek ur gaineko itsas zaborren bilketa eraginkorra egiten laguntzen du 100 tona jasoz Gipuzkoan eta Atlantikoko Pirinioetan. Europako Batzordeko Life programak kofinantzatzen du eta 6 bazkidek osatutako nazioarteko lantalde batek osatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundia buru dela.
2014an, Surfrider-en Donostiako lurralde bulegoak hasiera eman zien OSPAR protokoloaren arabera Gipuzkoan itsasoko zaborrak bildu, karakterizatu eta kuantifikatzeko kanpainei, zehazki, Donostiako Murgita, Zumaiako Inpernupe eta Mutrikuko Burumendi kaletan.
1657