Aldundiak Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea eraikitzea onartu du, behin betiko konponbidea eraiki bitartean
Aldundiak Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea eraikitzea onartu du, behin betiko konponbidea eraiki bitartean
Aldundiak Gaintxurizketan behin-behineko pasabidea eraikitzea onartu du, behin betiko konponbidea eraiki bitartean
Proiektuaren baitan daude pasabide goratua, oinezkoentzako espazioa handitzea, babes- eta seinaleztapen-elementu berriak sartzea, eta tarte horretan abiadura 70 km/ h-ra mugatzea.
Gobernu Kontseiluak gaur argi berdea eman dio GI-636 errepidean, Gaintxurizketan, oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko proiektuari. Azpiegitura honek 412.127,34 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko eraikitze-epea izango ditu, eta helburua da oinezkoek errepidea gurutzatzeko dituzten segurtasun arazoak lehenbailehen konpontzea.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, “proiektu hau GI-636 errepidean erabiltzaile kalteberen segurtasuna bermatzeko aldi baterako irtenbide bat da, hain zuzen ere, azken bi urteetan hiru heriotza-istripu gertatu diren tarte honetan. Aldi berean, Foru Aldundiak behin betiko konponbidearen proiektuan lanean jarraitzen du”. Berasaluzek azpimarratu duenez, pasabide honek Lezoko Perrene auzoko bizilagunen eta inguruko industrialdeko langileen segurtasun baldintzak nabarmen hobetuko ditu. Proiektuak argi berdea jaso ondoren, lanak lizitazio-prozesua amaitzean hasiko dira.
Proiektuak oinezkoentzako pasabidea aurreikusten du, aldamio-egitura batekin eraikia, eta oinezkoentzako ibilbide seguru bat ezarriko da. Horretarako, 300 metroko tarte batean ibilgailu geldoentzako errail bat kenduko da, errepidearen edukieran eraginik gabe, eta hormigoizko babes-hesiak jarriko dira. Halaber, seinalizazioa indartuko da eta gehienezko abiadura 70 km/h-ra mugatuko da.
Berasaluzek azpimarratu duenez, “proiektu hau konponbide zabalago baten lehen urratsa da, Lezoko Udalarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) elkarlanean garatzen ari garena. Helburua da azpiegitura iraunkor bat sortzea, bai bide-segurtasuna bai oinezkoentzako irisgarritasuna hobetuko duena”.
Aurrekontu negoziazioa
2025eko Aurrekontu Orokorren negoziazioaren testuinguruan, foru gobernuak aste honetan lanean jarraituko du proposamen ezberdinetan, "aurrekontu-proiektua aberastu eta sendotu dezaketen ekarpenak baloratuz". Ildo horretan, bihar, asteazkena, diputatu nagusi Eider Mendoza buru duen taldeak bilera-sortari ekingo dio. Horretarako, "jasotako ekarpenak aztertu ondoren, foru gobernua kontraproposamen bat prestatzen ari da, hobekuntzak eta ekarpen berriak integratzeko".
2967