Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak Gipuzkoako hondartzen ardurazko erabilera eta zaintzarako sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du

Aldundiak Gipuzkoako hondartzen ardurazko erabilera eta zaintzarako sentsibilizazio-kanpaina abiarazi du

Informazio-puntu ibiltari bat jarriko da, eta udan zehar lurraldeko 8 hondartza-udalerriak zeharkatuko ditu

2017/06/14
  • Bertan, hondartzak arduraz erabiltzeko gomendioak emango dira, baita hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko mini-edukiontziak banatu ere.
  • Asensio: “Gure helburu estrategikoetako bat da gure hondartzetan bikaintasunerantz aurrera egitea. Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea”.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Juan Mari Altuna Hondarribiko Udalako Lehen alkateordeak eta Iosu Álvarez, Hondarribiko Udalako zinegotziak, Aldundiak Gipuzkoako hondartzetan ardurazko erabilera sustatzeko 2017ko sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Hondarribiako hondartzan. Kanpainaren izena “zain ditzagun gure hondartzak” da.

Kanpainaren helburua da gure hondartzetan ardurazko erabilera iraunkorraren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, aisialdiari, turismoari eta kirolari dagokionez. Horretarako, informazio-puntu ibiltaria jarriko da, eta udan zehar lurraldeko 8 hondartza-udalerriak zeharkatuko ditu. Informazio-puntu horretan Gipuzkoako hondartzei buruzko informazio orokorra aurkitzeaz gain, ardurazko erabilerarako gomendioak eta Emaús Gizarte Fundazioak SINdesperdicio markaren bitartez abiarazitako TOLDOSS proiektuari buruzko informazioa ere jaso daiteke. Informazio-puntu ibiltaria Gipuzkoako hondartzetan barna ibiliko da ekainaren 14tik irailaren 4ra bitarte; Hondarribian hasiko da eta Donostiako Ondarreta hondartzan amaituko da.

Asensiok hondartzen uda-denboraldiari hasiera ofiziala eman zion pasa den ekainaren 8an Antillako hondartzan, Orion. Hasiera-ekitaldian Ingurumen Sailak azken urtean zehar hondartzetan bikaintasuna lortzeko emandako urratsak azaldu zituen: garbiketan eta mantentze-lanetan hobetu da, garbiketa-lanen zaintza indartu da, tokiko agintaritzekin koordinazio-mahaia abiatu da, itsas-hondakinak sortzea zuzendu eta prebenitu da, eta beste hainbat informazio- eta sentsibilizazio-jarduera egin dira. Zehazki, adierazi zuen salbamendu-zerbitzuak laguntzeko sistema berria ezarri dela; mareak eta olatuak bideo bidez monitorizatu ahal dira, gure hondartzetako erabileraren inguruko benetako datuak jasotzeko (zenbaketa adimendunari esker). Horrez gain, Zarauzko proiektu pilotua ere azaldu zuen, hori Gipuzkoako gainerako hondartzetara luzatuko da eta arrisku-guneak mugatu eta bainu seguruagoa bermatzeko aukera emango du.

Ingurumen diputatuak adierazi du Sailaren helburu estrategikoetako bat dela lurraldeko hondartzen bikaintasunerantz aurrera egitea: “Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea, uraren, harearen eta zerbitzuen behar bezalako kudeaketa barne hartuta”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Sailak 1985az geroztik du Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 16 hondartzak garbitu eta mantentze-lanak egiteko ardura. Halaber, ekonomikoki laguntzen du Donostiako 4 hondartzen garbiketa-lanetan.

Informazio-puntu ibiltarian eskuragarri egongo den informazioa

1.- Gipuzkoako hondartzen inguruko informazio orokorra: kokapena, ezaugarriak, baldintza ozeano-meteorologikoak, zerbitzuak, webcama, etab. Informazio ugari dago eskuragarri gure webgunean (www.gipuzkoaingurumena.eus), baita udalerrien webguneetan eta adierazitako intereseko beste esteketan ere.

2.- Hondartzetan ardurazko erabilerarako gomendioak. Kale-hezitzaileek helaraziko dizkiete erabiltzaileei, informazio-liburuxkak eta hondartzetarako mini-edukiontziak banatuko dituzte. Hondartzetan izan ohi dugun jarrerarekin lotutako gomendioak izango dira, baita hondartzak zaintzeko norberak zer eskain dezakeenaren ingurukoak ere. Adibidez: hondakinak behar bezala bildu eta bereiztea, udal-ordenamenduak errespetatzea (kanpatzea, sua, zakurrak, etab.), kanpoko dutxetan ura aurreztu eta xaboirik ez erabiltzea, flora eta fauna ez kaltetzea (molusku txikiak eta krustazeoak, etab.), zerbitzu publikoak erabiltzea, dunak errespetatzea, etab.

3.- Sail honen hondakin-kudeaketarako politikan aurrera egiten jarraitzea, ekonomia zirkularrerantz: “hondakina ala lehengaia”. Horretarako, Ekonomia Zirkularraren esperientzia jarriko dugu balioan, hondartzetako hondakin ezagunenetako baten bitartez: toldo zaharren tela. TOLDOSS proiektua Emaús Gizarte Fundazioak abiarazi du SINdesperdicio markaren bitartez, HARIA eta GALARRE sortzaile berriekin batera. Proiektu honek hondakina berreskuratu (toldo zaharren tela, kasu honetan) eta gauza berriak fabrikatzeko baliabide bihurtzen du: poltsak, kapazuak, motxilak, nezeserrak, amantalak, alpargatak eta abar fabrika daitezke. Proiektuak, gainera, enplegu solidarioa sortzeko aukera ematen du, ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea ingurumenean, hazkuntza ekonomikoan eta enplegu berde eta sozialean aurrera egitea delako, kasu honetan bezala.

Informazio-puntu ibiltariaren egutegia

  • Ekainaren 14tik 21era: HONDARRIBIko hondartza
  • Ekainaren 22tik uztailaren 3ra: Santiagoko hondartza - ZUMAIA
  • Uztailaren 4tik uztailaren 9ra: Antillako hondartza - ORIO
  • Uztailaren 10etik uztailaren 18ra: ZARAUZko hondartza
  • Uztailaren 19tik uztailaren 31ra: Zurriolako hondartza - DONOSTIA
  • Abuztuaren 1etik 7ra: Malkorbe hondartza - GETARIA
  • Abuztuaren 8tik 14ra: Portu hondartza - MUTRIKU
  • Abuztuaren 15etik 21era: Santiago hondartza - DEBA
  • Abuztuaren 22tik irailaren 4ra: Ondarreta hondartza - DONOSTIA

Ordutegia 11:00etatik 19:30etara izango da, egunero. Informazio-puntuaren kokapen zehatza udalerri bakoitzaren tokiko hedabideen bidez helaraziko da.

 

  

1542