Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio Ramon Saizarbitoriari
Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio Ramon Saizarbitoriari
Idazle donostiarraren obra oparo eta berritzailea, eta euskara batuaren alde egindako lana aitortu nahi ditu foru erakundeak
Gobernu Kontseiluak erabaki du Ramon Saizarbitoriari (Donostia, 1941) ematea Gipuzkoako Urrezko Domina, lurraldeko bereizgarri gorena. Bi alorretan egindako merezimenduak aitortu nahi dizkio Foru Aldundiak horrela, Gipuzkoako gizartearen izenean: euskara batua euskararen eredu estandar gisa jakintzaren, komunikazioaren, kulturaren eta, oro har, gizarte bizitzaren alor guztietan finkatzeko egindako lana; eta euskal literatura modernoari egindako ekarpena. “Bizirik diren euskal idazleen artean emankorren eta jorien artean dago zalantzarik gabe; hau aski litzateke domina berari emateko. Baina euskal idazle izateko jokamolde baten aitorpena izan nahi luke ere bereizgarri honek, ezer baino lehenago: euskara batuari bidea zabaldu zion kultur belaunaldi baten aitorpena”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.
Giro nahasi eta eztabaidaz betetakoan, “1964ko belaunaldi deitutako idazle gazte talde batek” jokatutako paper erabakigarria ekarri du gogora Lasak, “euskara batuaren berehalako gauzatzea eta etorkizuneko bizitza ziurtatzeko. Ramon Saizarbitoria belaunaldi hartako idazle nabarmenena izan zen, euskara batua literaturgintzarako eta, oro har, kultur egintzarako tresnatzat hartu zuten aitzindarietako bat, konpromiso intelektual argi batez gain, engaiamendu pertsonal zorrotz eta eragile bat erakutsita”.
1969