Aldundiak I+G+b sarearekin duen konpromisoa finkatu du, 4,59 milioi onartuta laguntzetan
Aldundiak I+G+b sarearekin duen konpromisoa finkatu du, 4,59 milioi onartuta laguntzetan
Ikerketa zentro eta erakundeak babesteko programak Adimen Artifizialaren teknologia hizkuntzaren teknologietan aplikatzeko lerro bat izango du
Foru Aldundiak aurten 4.592.125 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Zientzia, teknologia eta berrikuntza Sarea babesteko programara; helburua da babestea sareko erakundeek I+G+b arloko proiektuak gauzatu eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan inbertsioak egiteko burutzen duten ahalegina. Deialdia atzo onartu zuen Diputatuen Kontseiluak, eta lau lan lerro ditu: enpresako I+G unitateen proiektuak, 1 milioirekin; Gipuzkoa Next laguntzak, 392.125 eurorekin; ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetako inbertsioa, 1 milioirekin; eta I+G arloko proiektuak, 2,2 milioirekin.
Berrikuntza nagusia Gipuzkoa Next laguntzen lerroan ikus daiteke, Euskadi Next errekuperazio, eraldaketa eta erresilientziarako euskal apustuan biltzen diren arloak sustatzen dituena. Aurten, arreta jarriko da hizkuntzaren teknologietan aplikatutako Adimen Artifizialaren teknologietan, giza eta gizarte zientzien arloan. Gipuzkoa eta Euskadi hizkuntzaren teknologietan gailentzen dira, nazioarteko erreferentzia diren ikerketa taldeak baitaude.
“Teknologia horiek aspalditik lantzen dira Adimen Artifizialarekin, eta berebiziko garrantzia dute euskarak bere lekua izan dezan munduan etorkizunean, Adimen Artifiziala funtsezkoa baita arazo konplexuak konpontzeko. Gizarte Zientzien baldintza ere sartu dugu, industriaren inguruko teknologien esparruan dagoeneko hainbat proiektu daudelako eta iruditzen zaigulako gizarteko zientziek ere aprobetxatu behar dutela adimen artifiziala”, azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.
Iaz, programa honekin 69 ekintza babestu ziren: 39 I+Gko proiektuen lerroan –aurreko edizioan baino 5 gehiago–, batez ere osasunarekin edo biozientziekin, industria adimendunarekin, digitalizazioarekin, fabrikazio aurreratuarekin, material berriekin edo energiarekin lotutakoak; 17 ekipamenduetan inbertitzekoak; 5 Gipuzkoa Nexten lerroan –iaz material estrategikoen esparruan zentratu zen, bereziki aplikazio kritikoetarako eskasiarekin edo horiek erabiltzearen ondoriozko ingurumen inpaktuarekin lotutako ikerketak-; eta 8 proiektu, I+Gko unitateen baitakoak, hainbat gairen ingurukoak: tenperatura eta fisikaren aldetik desegokiak diren inguruneetarako hari gabeko sistemak, balazta-disko jasangarriak, azpititulazio automatikoko teknologiak....
Deialdiari buruzko informazioa Aldundiaren dirulaguntzen atarian (www.gipuzkoa.eus/subvenciones) egongo da eskuragarri, eta eskabideak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus). “Gure asmoa da ekonomia lehiakor, berritzaile eta iraunkorra finkatzea, pertsona guztien ongizate integrala zaintzen duena eta etorkizuna duten proiektuak garatzeko aukerak sortzen dituena, proiektu osoak eta zentzua dutenak, bai pertsonalak bai kolektiboak. Ekonomia horren motorra ezagutza da, zientziatik eta ikerketatik datorren ezagutza. Programa honi esker, ezagutza sortzen, garatzen eta enpresen eta gizartearen zerbitzura jartzen diharduten Gipuzkoako zentroei babesa eman diegu luzaroan, gure lehiakortasuna, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten aurrerapenak erraztuz. Lurralde eta herri apustu bat da, eta gure bereizgarrietako bat", azpimarratu du Berasaluzek.
Bozeramaileak gogorarazi du Gipuzkoak BPGd-aren % 2,75 inbertitzen duela I+G arloan, estatuko batezbestekoa baino askoz gehiago, eta lau dezimal baino gehiagotan gaindituta Europar Batasunekoa ere, “baina ez gara horrekin konformatzen eta munduko herrialderik aurreratuenetara hurbiltzen jarraitu nahi dugu (Japonia, Belgika, Suedia edo Hego Korea). Aldundiak hamarkadak daramatza I+G arloko ekosistema babesten, eta laguntzen lehen zentro teknologikoen hedapena, beste zentro batzuen sorkuntza eta ikerketa zentro kooperatiboen eta bikaintasuneko ikerketa zentroen sorkuntza Gipuzkoan, baita biozientzien arloko zentroena ere. Gure konpromisoa da horrela jarraitzea, eta legealdi honetan ikusiko ditugu emaitza berriak, hala nola, teknologia kuantikoen poloa”, adierazi du.
Basoak kudeatzeko laguntzak
Halaber, Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako basoak mantendu, hobetu eta garatzeko 2024rako dirulaguntzen deialdia onartu du, eta 3.303.842,10 euroko dotazioa bideratuko du baso jabeen jarduna laguntzera. Programa horrek lagundu nahi du modu iraunkorrean basoen funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak mantentzen eta garatzen, lau laguntza lerro desberdinekin: basogintza sektorea garatzeko, modernizatzeko edo egokitzeko azpiegiturak egitea; baso eremuak basotzea eta sortzea; suteek, hondamendi naturalek eta hondamendiek eragindako kalteak prebenitzea; teknologietan eta eraldaketan, mobilizazioan eta merkaturatzean inbertsioak egitea; eta baso eta ingurumen zerbitzuak, klimaren ingurukoak eta basoen kontserbazioa.
Laguntza gehienak prebentzioko eta birlandatzeko zereginetara bideratzen dira. Adibidez, iaz, lehen kasuan 1.405 eskaera tramitatu ziren, gehienak bakantzeetarako, zuhaitzen inguruetako eta ezpondetako garbiketetarako eta zuhaitzak inausteko, nahiz eta diruz lagun daitezkeen inausketako hondarrak kentzea, suebakiak sortzea edo ur puntuak ezartzea suteak itzaltzeko. Guztira, 2023an 5.294 hektareatan jardun zen, eta Aldundiak 1.401.415 euroko laguntzak eman zituen.
Baso eremuak birlandatzeko eta sortzeko ekintzei dagokienez, 2023an 552 laguntza eskaera izapidetu ziren guztira, 1.372.584,95 euroko balioarekin, eta 956,66 hektarea landatu ahal izan ziren. Espezierik ugariena sekuoia izan zen, 412,19 hektarearekin; ondoren, kriptomeria -138,91-, itsas pinua -117,83-, pagoa -53,37- eta taeda pinua -44,42-.
“Oso kontuan izan behar da Gipuzkoako baso gehienak, % 80, jabe txikiek kudeatzen dituztela –10.400 dira– eta haien jarduera babesten jarraitu nahi dugu, funtsezkoa delako basoak mantentzen jarraitzeko; basoak guztion ondare dira eta funtzio ekologiko, ekonomiko eta sozial oso garrantzitsuak dituzte, are gehiago bizitzen ari garen klima aldaketarekin. Gure paisaiaren parte dira, CO2a xurgatzen, eusten eta ordezten dute, hondamendiei aurre egiten laguntzen dute, hala nola suteak edo uholdeak, higadura murrizten dute, ura eusten eta arazten paper garrantzitsua dute, biodibertsitateari laguntzen diote, eta hortik dator gure konpromisoa”, azaldu du Berasaluzek.
Laguntza horiekin batera, Aldundiak Basotik Fundazioa jarri zuen abian. Gipuzkoako basoen zaintzan eta kudeaketa jasangarrian lankidetzan aurrera egitea bilatzen duen ekimen publikoa da. 2022an Fundazioa abian jarri zenetik, 200 jabek baino gehiagok
interesa agertu dute ekimen horren inguruan, guztira, 2.200 hektareatik gora biltzen dituztelarik. Ildo horretan, fundazioak aurreikusten du 2024an 1.800 hektareako diagnostikoa egitea basoen zaintza eta kudeaketa bermatzeko eta, horrela, basoen abandonua saihesteko kontratuak formalizatu ahal izateko. Eskaera horietako gainerako 400 hektareak aztertu dira, eta proposamenak prestatzen eta jabeei helarazten hasi dira.
Herritarren parte-hartzea
Azkenik, Diputatuen Kontseiluak onartu du kudeaketa publikoan herritarren parte-hartzea txertatzen duten ekimenak sustatzeko deialdia, bi lerrorekin: lurraldeko udalei eta toki erakunde txikiei zuzendutakoa, eta herritarren erakundeei zuzendutakoa. Horrela, jarraipena ematen zaio herritarrak foru politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan inplikatzen dituzten proiektu parte-hartzaileak ekonomikoki laguntzeko ildoari, 730.000 eurotik gorako guztizko zuzkidurarekin: batetik, 471.760 euro udalentzat eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko erakundeentzat, eta 260.00 euro, berriz, herritarren erakundeentzat. Bozeramaileak azpimarratu du deialdi berria guztiz bat datorrela Gipuzkoako Kudeaketa Plan Estrategikoaren funtsezko zutabeetako batekin: "kultura demokratikoan eta ardura komunitarioan sakontzea, pertsonen ongizate osoa, lurralde jasangarria, ekonomia berritzailea eta lehiakorra eta komunitate demokratikoa eraikitzen jarraitzeko".
1922