Aldundiak I+G+i arloko 53 proiektu egiten lagundu du, 4.366.560 eurorekin
Aldundiak I+G+i arloko 53 proiektu egiten lagundu du, 4.366.560 eurorekin
Aurten, 28 onuradun izan dira –zentroak, unibertsitate erakundeak, eta I+Gko unitateak– ikerketarako ekosistemari laguntzeko deialdian.
Foru Aldundiak eman ditu laguntzak Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareari laguntzeko programaren barruan, zeinaren helburua baita sare horretako erakundeek egiten duten ahalegina babestea, hau da, I+G+b proiektuak garatzeko eta azpiegitura nahiz ekipamendu aurreratuetako inbertsioei ekiteko egiten duten ahalegina. 4.366.560 euro bideratu ditu 2021ean, eta 53 proiekturi lagundu die, aurrera eraman ditzaten 28 onuradunek –zentroak, unibertsitate fakultateak eta erakundeak, eta I+Gko unitateak–: 8 proiektu, enpresetako I+Gko unitateek gidatuak; 12 inbertsio proiektu; I+G+b arloko 29 proiektu; eta, 4 proiektu, ‘Gipuzkoa Next’ lerro berriaren barruan.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak positiboki baloratu du deialdiari emandako erantzuna, horrek egiaztatzen baitu “Gipuzkoan badugula ikerketarako ekosistema dinamiko bat, punta-puntakoa, guztiz bat datorrena potentzial handieneko sektoreekin, eta prest dagoena trantsizio hirukoitzari aurre egiteko: digitala, ekologikoa eta demografiko/soziala”. Larrañagak aurreratu duenez, Foru Aldundiak eutsi egingo dio “I+G+b bultzatzera zuzendutako aurrekontu ahaleginari, ezinbesteko apustu bat delako gure ekonomia-sarea indartzen jarraitzeko, baita etorkizuneko ekonomia ezagutza aurreratuan oinarrituta eraikitzen ere. Proiektu horiek laguntzen digute lurralde lehiakorrago bat izaten, kalitatezko enplegua sortzen, eta gure osasuna eta gure bizi-kalitatea hobetuko dituzten aurrerapenak egiten, besteak beste”.
I+G+b proiektu lerroaren barruan, 2.249.331 euro bideratu ditu laguntzetara, guztira 29 proiektutarako. Gehien baloratu den I+G proiektua Berc Polymatek aurkeztutakoa izan da, egoera solidoko baterietarako materialen diseinuarekin lotua. Oso ondo baloratu da, halaber, Material Physics Centerrek aurkeztutako proiektu bat, helburutzat duena nanomaterialak garatzea gaixotasun inflamatorio larriak detektatzeko. Unibertsitateentzako laguntza, guztizkoaren % 30 baino gehiago izan da, eta barne hartu ditu Mondragon, Tecnun eta EHU unibertsitateetako proiektuak. Ildo horretan lagundutako zentroen artean daude beste hauek ere: CEIT, Ikerlan, Cidetec, Lortek, Tekniker, Ideko, Tecnalia, Vicomtech, Azti, NanoGUNE IKZ (ikerketa korporatiboko zentroa), BiomaGUNE IKZ, Biodonostia, eta DIPC.
Proiektuen ia % 50ek osasunarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte, eta ehuneko berdin batek industria adimendunaren garapenarekin lotutako gaiak jorratzen ditu. Bi gai horiek proiektuen % 95 osatzen dute, eta kasu askotan, ikerketaren gaiagatik edo balizko aplikazioengatik, bi ildo horiei erantzuten diete. Proiektuen % 15 ekonomia zirkularraren edo ekoberrikuntzaren barruan kokatzen da, eta % 10 energiarekin lotuta dago. Diputatuak azpimarratu duenez, diruz lagundutako proiektuen % 44k baino gehiagok emakumeak buru dituzte, eta horrek egiaztatzen du “berdintasunerantz egindako aurrerapen handia, halako eremu garrantzitsu batean”.
Inbertsio proiektuei dagokienez, 800.000 euro eman ditu 12 eskaerarentzako laguntzetan, eta gehieneko dirulaguntza, berriz, bi proiekturi eman die: alde batetik, X izpien difraktometro bat nanomaterialen karakterizaziorako, Nanogune IKZrena; eta bestetik, saiakuntza-banku bat hidrogeno berdea sortzeko, Teknikerrena.
Deialdiak 882.229 euro bideratu ditu, orobat, enpresetako I+G unitate batek –lankidetzan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste zentro batekin– zuzendutako proiektuetara. Diruz lagundutako 8 proiektuetako lan arloak askotarikoak dira: hasi parke eolikoetako ekoizpena monitorizatzetik; jarraitu adimen artifiziala trenbideko ibilgailuari aplikatzearekin; eta 3D diseinu eta inprimaketa estrategiak sentsorika integratuaren bidez aztertzeraino.
Azkenik, ‘Gipuzkoa Next’ lerroaren barruan, zenbait proiektu bultzatu ditu teknologia kuantikoei lotuak, zeina baita esparru estrategiko bat Etorkizuna Eraikizen barruan, 435.000 euroko balioarekin. Hauek dira I+G+b erakunde onuradunak: Tecnun –101.393 euro–, DIPC –106.083 euro-, nanoGUNE IKZ –98.951 euro–, eta Materials Physics Center (EHU) –128.573 euro–. Tecnunek lan egiten du bloke handien luzeren kode kuantiko degeneratuak diseinatzen; DIPC zentroak esploratzen ditu teknologia kuantikoetarako plataforma berriak, material topologikoen erabileratik abiatuta; nanoGUNE IKZk ikertzen ditu spin molekularren irisgarritasuna eta kontrol koherentea, STMaren –tunel-efektuko mikroskopioa– eta mikrouhinen arteko konbinazio baten bitartez; eta, azkenik, MPC zentroak lan egiten du bit gutxiko prozesadore kuantikoen garapenean.
12.500 lagun I+G arloan
Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan 12.500 lagun aritzen dira I+Gri lotutako jardueretan, horietatik 8.369 dedikazio osoarekin. Gipuzkoa da EAEko lurraldeen artean BPGd-aren ehunekorik handiena bideratzen duena I+Gra, 2020an % 2,63raino iritsita, nahiz eta kontuan hartu behar den BPGd-a jaistearen eragina proportzio horretan. Aipatzekoa da, halaber, gipuzkoarrak direla EAEn ikerketan eta garapenean gehien inbertitzen duten lau eskualdeak –Goierri, Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdea, hurrenkera horretan–, eta lehenengo hirurek % 4 gainditzen dutela. Gipuzkoak I+Gra bideratutako baliabideen maila EBko batezbestekoa baino handiagoa da, bai BPGd-aren ehunekoari dagokionez, bai dedikazio osoa duten I+Gko langileei dagokienez (% 2,4 eta % 1,4, hurrenez hurren). Konparazioa eskualdeekin eginez gero, oraindik hobeto ateratzen da, eskualde horietako gastuaren batezbestekoa % 1,4 baita. “Oso ondo kokatuta gaude, baina autokonplazentziatik ihes egin behar dugu, eta jarraitu munduko herrialderik aurreratuenei begira, oraindik aldea ateratzen baitigute”, amaitu du Larrañagak.
1969