Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak ia prest du udalen defizit aukera gaituko duen Foru Dekretu-Araua

Aldundiak ia prest du udalen defizit aukera gaituko duen Foru Dekretu-Araua

Gaur egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluak urriko bileran hartutako erabakiak berretsi eta zehaztu ditu.

2020/11/05

Gipuzkoako Finantza Kontseiluan elkartu dira gaur goizean Foru Aldundia eta lurraldeko udalak, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) ordezkatuta. Bertan, foru erakundeak urriaren 19an egindako bileran hartutako erabakiak berretsi eta zehaztu dit: nola egingo den defizitaren banaketan bi erakunde mailen artean, bai eta gerakinak eta zorra erabiltzeko aukerak ere. Horretarako, lehenbailehen onartzea espero duen Foru Dekretu-Araua prestatzen ari da Aldundia, neurri sorta hori juridikoki gaitzeko. Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu duenez, erabaki hauek nabarmen indartzen dute udalen finantza posizioa, eta baliabide gehiago ematen dizkiete COVID-19ren pandemia sortzen ari den krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

Gipuzkoako Finantza Kontseilua gaur eguerdian egin da Donostian, baina parte-hartzaile gehienek modu telematikoan jarraitu dute bilera. Bileran foru erakundea ordezkatu dute, Larrañagarekin batera, Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak, Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Bittori Zabala Zerga eta Finantza Politikako foru zuzendariak. EUDELen aldetik, Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Izaro Elorza Oñatiko alkateak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Eneko Maioz Orexako alkateak eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak osatu dute ordezkaritza. Ogasun diputatuak gogorarazi duenez, organo honek aurten egin duen bosgarren bilera da.

Bileran, Aldundiak berretsi egin du Foru Aldundiari esleitutako defizit helburuaren % 40 uztea udalei, joan den urriaren 19an Finantzen Lurralde Kontseiluak iragarritakori jarraiki. Horrela, Gipuzkoako udalek EAEko BPGren % 0,12ko defizita izango dute 2020an, eta % 0,11koa datorren urtean. Eurotan, 79 milioi euro inguruko zifrak aurreikusi dira bi ekitaldietarako. Udalen banakako defizitaren helburua zehazteko, aurrez aipatutako defizit globala Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren kuoten proportzio berean banatuko da.

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan irailaren 30ean lortutako akordioaren ildotik, zorpetze berriak eta aurreko urteetako gerakinen erabilerak koherenteak izan beharko dute udal bakoitzari esleitutako defizit-helburuekin, eta, horrela, 79 milioi eurorainoko zenbatekoa duten baliabide berriak hartzeko aukera izango dute. Ildo horretan, kontu publikoak arduraz eta zuhurtziaz kudeatzen jarraitzeko deia egin die Larrañagak udalei. "Erronka handiak ditugu aurrean, bai orainaldi gertuan, bai epe luzeagoan, eta administrazio publikoek gai izan behar dugu orain erantzuteko, baina biharko beharrei aurre egiteko daukagun gaitasuna hipotekatu gabe", gaineratu du.

  

2016