Aldundiak ideia berritzaileak sustatuko ditu turismoarentzat, ‘Hackathon’ bat antolatuz
Aldundiak ideia berritzaileak sustatuko ditu turismoarentzat, ‘Hackathon’ bat antolatuz
Formatu horren aldeko apustua egin du sektore teknologikoan lider diren enpresekin batera sormena sustatzeko, otsailaren 19an eta 20an Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo den ekitaldian.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak berrikuntzaren eta sormen-modu berrien aldeko apustua egiten jarraitzen du sektorea indartzeko. Oraingo honetan, otsailaren 19an eta 20an, ‘I. Hackathon Gipuzkoa Turismoa’ burutuko du. Bertan, hainbat lan-talde lehiatuko dira oinarri teknologikoko proiektu berritzaile bat taldean diseinatzeko, hartara turistak eta bisitariak Gipuzkoako lurralde osoan hobeto banatzeko eta esperientzia pertsonalizatu eta gogoangarri bat zan dezaten laguntzeko. Horrela, Aldundiak bultzatzen duen turismo-ereduaren oinarrizko ildoetako bat sustatuko da: lurralde-oreka eta gure erakargarri guztien balioa nabarmentzea, jarduera horrek eskualde guztietan aberastasuna eta jarduera ekonomikoa modu banatuan sor ditzan.
#HackAllOverGipuzkoaren hashtag-aren pean, Gipuzkoa Turismoaren ekimen honek, Minube travelling enpresa sozialarekin batera, oinarri ditu berrikuntza eta teknologia tresnak, funtsezkoak baitira bisitatzen gaituztenek lurraldea ezagut dezaten, bertako baliabide ezagunenetatik haratago. “Eraldaketa digitalak jarduera ekonomiko guztietan eragiten du, baita turismoan ere; horregatik, sektorea indartzeko duen ahalmen guztia aztertu behar dugu. Gainera, honelako ekimen batekin, lankidetzan aritzeko bidean lan egiten dugu, turismo jasangarriarekin konprometitutako ideia berritzaileak bilatzeko, bai ingurumen mailan, bai ekonomia eta gizarte mailan”, azaldu du aurkezpenean Iker Goiria Aldundiko Turismoko zuzendariak.
Bestalde, Sabino San Vicente Euskatel Fundazioko zuzendariak nabarmendu du “aukera paregabea” dela “proiektu berriei bultzada bat emateko eta ezagutza eta jatorri desberdinak dituzten pertsonak batzeko, proiektu berritzaileetara iristeko bide eta alternatiba berriak aurkituz”. Francisco Callejak, Minubeko Akordio Estrategikoen Arduradunak, bestalde, estatu mailan hackathoneak sortzen izandako esperientzia kontatu du, eta azpimarratu du “lankidetza-lana” giltzarrietako bat dela dinamika horietan, eta “oso aberasgarria” bihurtzen dutela: “Horrela, formatu honi esker, irtenbide oso interesgarriak garatzeko aukerak irekitzen dituzten bide berriak lortzen dira”.
Parte-hartzea, plangintza eta sariak
Horretarako, profil hauek dituzten pertsonak bilatzen dira: garatzaile digitalak, diseinatzaileak eta sektore turistikoan, kudeaketan edo negozioetan adituak. Izen-ematea banaka egin daiteke –antolakundea arduratuko da taldeak profilen arabera osatzeaz– edo gehienez ere 3-5 pertsonako taldean. Izen-ematea irekita dago, eta Eventbrite plataformaren bidez eta Gipuzkoako Turismoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren sare sozial eta webgune ofizialen bidez egin daiteke. Altak 5 euroko prezioa du fidantza gisa, eta ekitaldiaren egunean bertan itzuliko da.
Larunbat eta igande goizean, lan-taldeek, sektoreko, Minube enpresako eta Aldundiko profesionalekin batera, taldean lan egingo dute, beren ideiak azalduz eta garatuz. Ekitaldia igande arratsaldean amaituko da, profesionalen epaimahaiaren aurrean proiektuak aurkezten direnean. Batzorde hori honako hauek osatzen dute: Marisa Arriola (BIC GIPUZKOAko zuzendaria), Jesus Herrero (TECNALIA), Addaia Arizmendi (OMT), Sabino San Vicente (Euskaltel Fundazioa) eta Miren Elosegui (Hispavista).
Profesional horien esku egongo da 1.500 €-ko lehen sari bat, 1.000 €-ko bigarren sari bat eta 500 €-ko hirugarren sari bat zein talderi eman. Gainera, sari bereziak egongo dira kategoria espezifikoetan hobekien integratzen diren ideientzat, eta aditu horiek baloratuko dute ideiaren batek negozio berriak sor litzakeen. Hala balitz, erakundearen eta erakunde laguntzaileen laguntza izango dute ondoren garatzeko.
HUB Gipuzkoa Turismoa proiektua
‘Hackathon’ proiektua Gipuzkoa Turismoa HUB-ak bultzatu du. Aldundiak iaz jarri zuen abian HUB hori, helburu garbi batekin: “Turismoaren sektorea indartzea eta Gipuzkoako enpresei eta elkarteei potentzial handiena garatzen laguntzea. Gipuzkoako turismo-industria tamainan hazten lagundu nahi dugu, izan dadin lehiakorragoa, berritzaileagoa, balio erantsia eta kalitatezko enplegua sortzen duena”, adierazi du Goiriak. Hilabete hauetan zehar, ehun enpresa baino gehiago atxiki dira eta etengabe parte hartzen dute prestakuntza-jardueretan, topaketa profesionaletan eta, kasu askotan, merkataritza-bileretarako eta lantokirako egoitza gisa.
Informazio gehiago eta izena emateko laguntza.
Hub Gipuzkoa Turismoa
hubturismoa@gipuzkoa.eus - 943 415 151
1716