Aldundiak kanpaina abiarazi du eguneroko eraso sexista normalizatuenak “desaktibatzeko” helburuarekin
Aldundiak kanpaina abiarazi du eguneroko eraso sexista normalizatuenak “desaktibatzeko” helburuarekin
Aldundiak kanpaina abiarazi du eguneroko eraso sexista normalizatuenak “desaktibatzeko” helburuarekin
Indarkeria matxistaren aurrean, ez zaitez ikusle huts bat izan’, ekimenak "kontzientzia sortu" nahi du emakumeak kaltetzen dituzten jarrera eta portaerei buruz, azaroaren 25eko nazioarteko egunaren atarian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren azaroaren 25eko Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren atarian sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian gaur goizean, gure gizartean gertatzen diren eraso sexista "ohikoenen eta normalizatuenen" inguruan "kontzientzia sortu" nahian. Indarkeria matxistaren aurrean ez zaitez ikusle huts bat izan lelopean, ekimenak herritarrei galde egiten die hainbat eremutan gertatzen diren eta emakumeei kalte egiten dieten "jokabide matxista" horiek identifika ditzaten, baita eguneroko errealitate hori "desaktibatu" dezaten ere.
"Guztiok, gazte, heldu zein adineko, ohiko indarkeria normalizatu horren kontzientzia hartu behar dugu. Muturrekoa ez den indarkeriaz ari gara, ez fisikoa, ez sexuala. Eguneroko eraso txiki eta jarrera matxista horiei buruz hitz egiten ari gara, behin eta berriz eta denbora igaro ahala emakumeei eragiten eta kalte egiten baitiete", adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, kanpainaren aurkezpenean. Miren Elgarresta Berdintasunerako foru-zuzendariarekin batera, diputatu nagusiak herritarrak animatu ditu "publikoaren parte ez izatera" indarkeria matxistaren aurrean, eta "konpromiso kolektiboa eta indibiduala" bere gain hartzera, "guztion artean” bortizkeria mota hau gure gizartetik desagerrarazteko". Horrek, adierazi duenez, eskatzen du "itxuraz kaltegabeak eta sozialki onartuak diren jarrera, portaera eta sinesmen horiek identifikatzea eta desaktibatzea", gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak betikotzea baino ez baitute egiten.
Biktimei babesa
Olanok gogorarazi du Gipuzkoa berdintasunaren arloan inplikazio argia duen lurraldea dela, "berdintasun eraginkorraren” alde dagoen konpromiso sozialari eta arlo horretan politika publiko aurreratuak "etengabe" bultzatzeari esker. Hala ere, kontrajarri duenez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunek bizirik diraute, eta indarkeria matxista da errealitate horren "lagin mingarriena". Izan ere, urtero 1.300 emakume inguruk jaso behar izaten dute poliziaren arreta Gipuzkoan, indarkeriaren biktima izateagatik.
"Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko lurraldea lortzea erabateko lehentasuna da Aldundiarentzat. Lan hori are garrantzitsuagoa da egungo pandemiaren eta mugikortasunaren murrizketen testuinguruan", adierazi du diputatu nagusiak. Ildo horretan, gaineratu duenez, sentsibilizazio-kanpainaren helburua da "biktimei erakustea erakundeak eta gizarte osoa haiekin gaudela, gertu, une oro, laguntzeko prest".
Olanok gogorarazi du, halaber, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan "funtsezkoa" dela emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen gainean eragitea, eta, horretarako, aipatu du Foru Aldundiak Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana onartu duela berriki.
“Probokatzailea eta pedagogikoa”
Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina gaur bertan abiatuko da eta bere isla izango du komunikabide –prentsa idatzia, irratiak, telebista, markesinak– eta sare digitaletan, abendura arteko iraupenarekin. Halaber, www.gipuzkoa.eus/berdintasuna webgunean bere gunea izango du. Bertan, sentsibilizazio-materialez gain, indarkeria matxista normalizatuari buruzko informazioa emango da, baita indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko dauden baliabideei eta eraso bat ikusiz gero jarduteko moduari buruzko informazioa ere, besteak beste.
Berdintasunerako Foru Organoko zuzendari Miren Elgarrestak azaldu duenez, kanpaina hau indarkeria matxistaren arloko hainbat aditurekin egindako hausnarketatik abiatu da eta "probokatzaile eta pedagogiko" gisa definitu du, "indarkeria normalizatu horri buruz ari garelarik, ispiluaren aurrean jartzera” bultzatzen gaituelako. Era berean, adierazi duenez, Aldundiak, ekimen horren bidez, transmititu nahi du “indarkeriatik atera daitekeela eta lortu dezakegula, baldin eta denok gaiaren garrantziaz jabetzen bagara eta horrelako jokabideak justifikatzeari uzten badiogu".
"Gure eguneroko bizitzan, denok gara publikoaren parte, gizon zein emakume. Zinemara joaten garenean, kontzertu batean … ikusten dugunaren aurrean objektu pasiboak izaten gara, normalean. Baina gure bizitza erreala da, ez da ikuskizun bat; beraz, gure jarrerarekin, inguratzen gaituen errealitatea alda dezakegu. Hortik sortu da indarkeria matxistaren aurrean publikoaren parte ez izateko ideia ", zehaztu du Elgarrestak.
2210