Aldundiak kongresu batean landuko ditu Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko erronkak
Aldundiak kongresu batean landuko ditu Gipuzkoako turismoaren etorkizuneko erronkak
Ospe handiko adituek eta lurraldeko eragileek aztertuko dituzte sektorearen erronkak azaroaren 4an, Hondarribian
Foru Aldundiak «Turismoaren erronkak Gipuzkoan» izeneko kongresua antolatuko du datorren ostegunean, azaroak 4, eta, bertan, aditu ospetsuek lurraldeko enpresa eta eragile turistikoekin partekatuko dute sektoreak une hauetan dituen erronkei buruzko ikuspegia. Iaz modu birtualean egin zen ekitaldi hori eta, aurten, Hondarribiko Itsas-Etxea auditoriumean egingo da. Sektoreko profesionalen arteko ponentzien eta elkarrizketen bitartez, eta pandemiaren faserik txarrena gainditu ondoren jarduera berreskuratzeko testuinguruan gaudenean, etorkizuneko hainbat gako landuko dira, hala nola negozio ereduak, bidaia ohiturak, jasangarritasuna eta digitalizazioa, betiere Gipuzkoak estatuko eta nazioarteko industria turistikoaren barruan erreferentziazko destino gisa duen posizioari eusteko eta indartzeko helburuarekin.
Ponentzia aipagarrienen artean, Gabriel Subiasek, World2meet-eko CEOak, «Bidaiatzeko esperientziari» buruz hitz egingo du. Enpresa hori Iberostar taldeko bidaia arloko dibisioa da (Iberostar 175 herrialde baino gehiagotan dago). David Moralejok, nazioarteko «Conde Nast Traveler» aldizkariaren zuzendariak, 2022rako turismo joerak aztertuko ditu. Jaume Marinek, Gironako Unibertsitateko aholkulari eta irakasleak, esperientzia turistikoen sorkuntza landuko du, eta arlo horri buruzko tailer bat eskainiko du arratsaldean. Imanol Querejeta psikiatrak «Bidaiari berriari» buruzko bere ikuspuntua eskainiko du, eta Eva Ballarin aholkulari independenteak sektore turistikoko komunikazioa digitala aztertuko du.
Turismoaren ikuspegitik oso erakargarria den gastronomiaren sektoreak leku paregabea izango du edizio honetako programan; izan ere, mahai-inguru bat egingo da Elena Arzak, Asier Alea (Basque Culinary Centerreko garapen globaleko zuzendaria) eta Mayre Modrego (Euro-toques) profesionalen parte-hartzearekin. Halaber, Eneko Atxa Azurmendiko sukaldariburuaren eta Akelarre Hoteleko Ohiana Subijanaren arteko solasaldia entzuteko aukera izango dugu, non beraien esperientziaren berri emango duten bidaiari gisa. Parte-hartzaileen panela osatuko dute Naiara Malavek (Begi-Bistan) eta Diego Susperreguik (Feel Basque Country), tokiko enpresa turistikoen ordezkari gisa, eta Andoni Zubillagak (ACC Komunikazioa) eta Sonia Rumayorek (Minube), komunikazioan adituak.
Txomin Sagarzazu alkateak eta Markel Olano diputatu nagusiak egingo dute aurkezpen instituzionala, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak, berriz, sektorea sustatzeko foru erakundeak datorren urterako aurreikusita dituen lan-ildoen berri emango du. Bertaratutakoen artean, eskualdeko agentzien, turismo-bulegoen, elkarteen, profesionalen eta enpresen ordezkariak egongo dira, baita turismoarekin lotutako ikasketak egiten ari diren ikasleak ere. Jadanik 150 lagunek baieztatu dute Kongresura joango direla, eta zuzenean ere jarraitu ahal izango da «streaming» bidez. Inskripzioak esteka honetan egin daitezke: https://www.gipuzkoaturismoa.eus/es/retos.https://www.gipuzkoaturismoa.eus/eu/erronkak
Jabier Larrañaga diputatuak nabarmendu duenez, kongresuaren asmoa argia da: «Jarduera suspertzen ari den une honetan, azken urte eta erdia benetan gogorra izan baita sektoretik bizi diren pertsonentzat, babesten jarraitu nahi dugu Gipuzkoako turismoaren industriak sektorea etengabe hobetzeko eta berritzeko egiten duen ahalegina, pandemia garaian etenik izan ez duena. Mota honetako espazioak oso baliagarriak dira joera berriak ezagutzeko, esperientzia arrakastatsuak eta jardunbide egokiak partekatzeko, etorkizunari aurrea hartzeko, lankidetza dinamikak sortzeko, eta sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko. Eta gure laguntza politikak behar bezala bideratzeko ere balio dute».
Larrañagak honakoa gaineratu du: «Garrantzitsua da eredu turistiko orekatu, iraunkor eta kalitatezkoa indartzea, ekonomia sendo baten eta Gipuzkoa aurreratu baten aldeko apustuaren barruan. Udako datu onak lasaigarriak izan dira, eta agerian uzten dute lurraldea oraindik ere erakargarria dela destino turistiko gisa, baina hau etengabeko karrera bat da, hainbat alderditan lan egiten jarraitzea eskatzen duena, hala nola eraldaketa digitalean, desestazionalizazioan eta fluxu turistikoak eskualde guztietan banatzean». Azken erronka horren barruan kokatzen da kongresua Hondarribian antolatzeko erabakia.2156